Baskonia
Endesa Ligako finalerdiak
eitb.eus
Gasteiztarrek ez dute inongo zailtasunik izan oso gaizki aritu den Bartzelonari irabazteko.
Garino eta Beaubois defentsa lanetan. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak irabazi egin du Endesa Ligako finalerdietako lehen partida oso itxura eskasa eman duen Bartzelona Lassaren aurka. Norgehiagokak ez du izan inongo zirrararik, etxekoek nagusitasun handia azaldu baitute ezinean aritu den talde katalanen aurrean.
Kirolbeteko bost jokalarik hamar puntu baino gehiagoko balorazioa erdietsi dute, eta guztien artetik Janis Timma letoniarra, Patricio Garino argentinarra eta Tornike Shengelia georgiarra nabarmendu dira. Amaieran, etxekoek bikoiztu egin dituzte balorazioan bisitariak. Bartzelonaren aldetik, Jalen Reynolds eta Adam Hanga izan dira euren taldeak azaldutako joko molde kaskarretik libratu diren apurrak.
Lehen laurdenaren hasieran, lehiari erritmoa falta izan zaio, eta bi taldeei asko kostatu zaie puntuak sartzea (10-4, lehen bost minutuetan). Norgehiagoka antzeko bidetik joan da tarte horren amaierara iritsi arte, baina beti ere etxekoak aurretik zihoazela (20-15).
Ante Tomic, ezinean Baskoniaren defentsaren aurrean. Argazkia: EFE
Bigarren laurdenean, aldiz, Baskonia askeago aritu da, eta markagailuan alde egitea lortu du, batez ere Patricio Garinoren puntuen bidez (11 tarte horretan) eta defentsako lana baliatuta. Bartzelona oso kamuts azaldu da gasteiztarren saskiaren aurrean (12 puntu soilik); Baskoniak, berriz, 27 egin ditu, eta ordura arteko partidako abantaila handienarekin joan da atsedenaldira (47-28). Neurketa guztiz erabakita zegoen une horretarako.
Oso argigarria izan da hiruko jaurtiketen arloan estatistikek azaldu dituzten datuak atsedenaldian: 16tik 9 erdietsi dituzte Pedro Martinezen mutilek (% 60); bestelakoa izan da, ordea, Pesicen jokalarien eraginkortasuna (7tik bakarra, hau da, % 14).
Timmaren puntuek abantaila areagotu dute aldageletatik bueltan (49-28 eta 52-31). Oro har, saskiratzeak lortzeko zailtasun askorekin ibili dira talde biak hirugarren laurdenean, baina bereziki Bartzelona (berriro 12 puntu besterik ez), eta horrek eragin du markagailuko alderik zabalena izatea tartearen bukaeran (67-40).
Azken laurdeneko lehen bost minutuetan emaitza itxuratzen saiatu da Bartzelona (19ra jaitsi du aldea), baina ez du asko iraun katalanen sasi-susperraldiak, eta arabarrek, azkenerako, 25 puntuko alde nabarmenarekin erdietsi dute kanporaketa lehen garaipena (86-61).
Fitxa teknikoa:
Kirolbet Baskonia 86 (20+27+20+19): Huertas (7), Janning (5), Timma (13), Voigtmann (9) eta Poirier (4) –hasierako bostekoa–, Vildoza (5), Shengelia (13), Beaubois (11), Granger (4), Diop (-), Malmanis (2) eta Garino (13).
FC Barcelona Lassa 61 (15+13+12+21): Heurtel (4), Koponen (12), Sanders (-), Claver (3) eta Tomic (7) –hasierako bostekoa–, Jackson (4), Navarro (6), Hanga (7), Reynolds (7) eta Moerman (8).
Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Benjamin Jimenez eta Fernando Calatrava. Teknika adierazi diote bisitarien aulkiari (30. min) eta Diop kaleratu dute (40. min).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa