Baskonia
24. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehenengo laurdena azpitik amaitu badute ere, hurrengo bi laurdenetan etxekoak jaun eta jabe izan dira eta markagailua irauli dute.
Graynger eta Voigtmann defentsako lanetan. Argazkia: EFE
Baskoniak anekdota hutsean utzi du Khimkiren aurka jokatu duen lehen laurden txarra; izan ere, hortik aurrera atzean zein aurrean emandako erakustaldiaren bidez garaipen argia eskuratu du Euroligako 24. jardunaldian. Horrenbestez, ostegun honetan irabazitako partidak play-offetarako txartela ematen duten postuetatik garaipen bakarrera kokatu ditu gasteiztarrak, Makabiren porrotaren ostean.
Etxekoek, hasiera batean, Shvedek gidatutako talde horiaren erauntsia pairatu dute, eta lehen laurdenean atzetik bukatu dute (18-26), Vildoza eta Janningen hirukoek markagailua itxuratu duten arren. Aitzitik, ondoren, gasteiztarrak goitik behera nagusitu dira norgehiagokan amaierara arte.
Beauboisen (16 puntu) eta Shengeliaren (15 eta 15 errebote) ekarpen erabakigarriari esker arabarrek garaipena lortu dute aurretik zituzten zazpi finaletako lehenengoan, lehen zortzien artean geratzeko borrokan. Panathinaikosen eta CSKAren aurka hartutako porroten ondoren, Baskoniak onbideari heldu dio Buesa Arenan.
Beauboisek etxekoen erasoko jokoa berpiztu du bigarren laurdenetik hasita, eta atsedenaldira heldu orduko agintzen ziren markagailuan Pedro Martinezen mutilak (44-39). Estatistika guztiak irauli dituzte, aurkariaren saskia behin eta berriro zulatuz eta errebotean garbi nagusituz. Horrek 19 puntuko aldea eman die (67-48).
Baskoniak azken laurdena sobera izan du, nahiz eta Shved bereak eta bi egiten hasi den berriro, berandu izan bada ere. Errusiarra izan da partidako saskiratzailerik nagusiena 23 punturekin. Berarekin batera Gill (21) nabarmendu da kanpotarren artean
Horrenbestez, gasteiztarrek 11 garaipen eta 13 porrotekin jarri dira sailkapenean, eta Makabiren ehizan jarraitzen dute, israeldarrek galdu egin baitute jardunaldi honetan CSKAren kontra. Gainera, Makabik Buesa Arenatik pasatu behar du.
Fitxa teknikoa:
Baskonia 87 (18+26+25+18): Huertas (13), Granger (3), Timma (5), Malmanis (-) eta Poirier (4) –hasierako bostekoa–, Voigtmann (9), Janning (6), Shengelia (15), Diop (5), Beaubois (16), Garino (8) eta Vildoza (3).
Khimki 77 (26+13+13+25): Markovic (3), Shved (23), Anderson (3), Gill (21) eta Thomas (2) –hasierako bostekoa–, Robinson (6), Monia (3), Honeycutt (11), Todorovic (2) eta Jenkins (3).
Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Emin Mogulkoc (Turkia) eta Jakub Zamojski (Polonia). Todorovic (34. min) kaleratu dute faltengatik eta teknika adierazi diote Bartzokasi (27. min).
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:30 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa