Baskonia
Final-laurdenak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiztarrak atzetik joan dira norgehiagokako zati handi batean, eta, nahiz eta azken laurdenean berdintzea lortu duten, azkenerako txapelketatik kanpo geratu dira.
Tornike Shengelia izan da Baskoniako jokalari eraginkorrena. Argazkia: EFE
Baskoniak galdu egin du Bartzelona Lassaren aurka, ostiral honetan Kanaria Handian jokatutako Errege Kopako final-laurdenetako partidan (94-90). Hortaz, txapelketatik kanpo geratu da.
Katalanek, ordea, finalerdiak jokatuko dituzte larunbatean etxekoen aurka (Kanaria Handia).
Bartzelonak erakustaldi fisikoa emanez azpiratu du bere aurkaria, Thomas Heurtel (20 puntu eta 27ko balorazioa), Ante Tomic (18 eta 24) eta Pierre Oriola (14 eta 14) jokalariak gidari izanik. Baskoniaren aldetik, berriz, Tornike Shengeliak (30 eta 40) egindako lan aparta ez da nahikoa izan txapelketara zalantza askorekin iritsi den arerioa gainditzeko.
Dena dela, Baskoniak agintzen ekin dio neurketari. Timma, Poirier eta Shengeliak indarra erakutsi dute kantxako bi aldeetan (4-10). Alabaina, gasteiztarrek ez diote eutsi erritmo horri eta ezin izan dute eragotzi Bartzelona eroso senti zedin kantxa barruan lehen zatian.
Izan ere, hasierako minutuak igarota, Heurtelek aginte-makila hartu du, eta bere taldeak aurretik amaitu du lehen laurdena (28-22). Hori gutxi ez, eta azken urteetan noraezean dabilen taldeak Kopa txapelketan behea joko zuela zioten aurreikuspenak erabat ustel agertu dira bigarren laurdenean.
Pesicen mutilek giharraren lehia irabazi dute Tomicen eta Claverren erreboteen eskutik. Gainera, Ribasen eta Sandersen hirukoek hamarreko errenta zabaldu dute markagailuan atsedenaldira heltzeko bi minuturen faltan (50-40). Hala ere, katalanek jaurtiketa zenbait jaurtiketa garbi huts egin dituzte, eta Beauboisek markagailua itxuratzea lortu du atsedenaldira heltzean (52-47).
Aldageletatik bueltan, Pedro Martinezenak oldarkor atera dira eta norgehiagoka berdindu dute (54-54), baina, horren ostean, erreboteetan jaun eta jabe (32-20) izan den Bartzelonaren beste susperraldi bat etorri da, eta alderik handiena zabaldu du (70-59). Aitzitik, Timmak eta Janningek erdietsitako hirukoek berriro gerturatu dute Baskonia markagailuan azken laurdena abiatu baino lehen (74-67).
Laurden horretan eskumuturrak uzkurtu egin dira bi aldeetan, eta ia hiru minutu eman dituzte punturik sartu gabe. Orduan heldu da Baskoniaren azken ahalegina, eta etekin aparta atera dio Beaubois eta Timma bezalako jokalariei. Horrenbestez, amaierara iristeko hiru minutu besterik ez zirenean geratzen lehia berdinduta egon da (82-82).
Shengeliak eta Tomicek euren taldeen gidari-lanak egin dituzte, baina partidak berdinduta jarraitu du (88-88).
Azkenerako, baina, Heurtelek jarraian sartutako bi saskiratzek eta bestaldean arabarrek egindako azken erasoaldi kaskarrak (hiru behera zeuden une horretan) Bartzelonaren alde erabaki dute norgehiagoka.
Ficha teknikoa:
FC Barcelona Lassa 94 (28+24+22+20): Hanga (5), Heurtel (20), Sanders (8), Tomic (18) eta Moerman (5) -hasierako bostekoa-, Ribas (9), Navarro (9), Oriola (14) eta Claver (6),
Baskonia 90 (22+25+20+23): Timma (17), Malmanis (-), Beaubois (22), Granger (4) eta Poirier (6) -hasierako bostekoa-, Voigtmann (4), Huertas (-), Janning (7), Shengelia (30), Garino (-) eta Vildoza (-).
Partzialak: 28-22, 24-25, 22-20, 20-23.
Epaileak: Antonio Conde, Benjamín Jiménez eta Fernando Calatrava. Kanpotatutakoak: Oriola (39. min).
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:30 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa