22:39

Baskonia

Euroligako 18. jardunaldia

Baskoniak eskura izan du garaipena Madrilen, baina ihes egin dio azken unean (75-73)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Rudy Fernandezen biko jaurtiketa batek eman dio garaipena Real Madrili, lehia amaitzeko bi segundo falta zirenean.

  • Janis Timma Fabien Causeurri txapel bat jartzeko zoria. Argazkia: EFE

    Janis Timma Fabien Causeurri txapel bat jartzeko zoria. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Baskoniak porrota jaso du Real Madrilen kantxan (75-73), norgehiagokaren azken unera arte partida irabazteko zorian egon arren, atzealdean egin duen lanari esker. Alabaina, azkenean, zuriek eskuratu dute garaipena (Euroligan errenkadan lortu duten zazpigarrena) norgehiagoka amaitzeko bi segundoren faltan Rudy Fernandezek saskiratu duen biko jaurtiketa bat dela medio.

Hasiera batean, talde biek tentuz ekin diote partidari (6-3, 2. minutuan), baina, ondoren, Madrilek bost minutu eman ditu jarraian punturik sartu gabe, eta gasteiztarrek 0-9ko aldeko partziala lortzeko aprobetxatu dute.

Hala ere, Pablo Lasok Luka Doncic esloveniarra kantxaratu du, eta bi minuturen buruan sartu dituen zazpi punturekin etxekoak aurretik jarri ditu lehen laurdenaren amaieran (18-17).

Bigarren laurdenean, bi taldeek sendo jarraitu dute defentsako lanean. Madrildarrak kamuts azaldu dira erasoko jokoan, batez ere Doncicek berak bakarrik bukatu nahi zituelako jokaldi gehienak. Baskoniak egoera hori baliatu du berriro ere markagailuan ihes egiteko (24-31, 15. minutuan).

Dena dela, gasteiztarrei puntu jarioa amaitu zaie, eta etxekoek emaitza berdintzea lortu dute atsedenaldira heldu aurretik (34-34).

Causeurren eta Beauboisen arteko lehia

Aldageletatik bueltan, neurketak antzera jarraitu du. Beauboisek bere taldearen gidaritza hartu du bere gain, eta madrildarrak hiruko marratik zigortu ditu. Hari aurre egiteko, beste frantses bat agertu da (Fabien Causeur), eta haren puntuei esker lortu du Real Madrilek markagailuan atzean ez geratzea.

Gerora, Voigtmann azaldu da gasteiztarren aldetik eta Thompkins madrildarrenetik, eta bataren zein bestearen puntuek neurketa oso berdinduta utzi dute hirugarren laurdenaren bukaeran (59-61).

Azken minutuetan, Jayson Grangerrek hartu du taldea zuzentzeko ardura, eta Baskoniak aurretik jarraitzea lortu du. Amaierarako bost minutu falta zirenean, markagailuan zortzi puntuko aldea zeukaten gasteiztarrek (64-72, 35. minutuan). Orduan, Madrilek are gehiago sendotu du atzealdeko jarduna, eta Baskoniari zalantza asko eragin dizkio (71-72, 36. minutuan). Aitzitik, partida ez da azken hatsera arte erabaki, bi segundoren faltan Rudy Fernandezek bere taldeari garaipena eman dion saskiratze erabakigarria sartu duen arte (75-73).

Fitxa teknikoa:

Real Madril 75 (18+16+25+16): Causeur (13), Campazzo (3), Taylor (2),  Thompkins (13) eta Tavares (11) —hasierako bostekoa—, Rudy (12), Doncic (12), Reyes (4), Maciulis eta Carroll (5).

Baskonia 73 (17+17+27+12): Timma (5), Voigtmann (10), Janning (10), Granger (7) eta Shengelia (9) —hasierako bostekoa—, Vildoza (8), Huertas, Beaubois (18), Diop, Poirier (4), Jones (2) eta Garino.

Epaileak: Robert Lottermoser (ALE), Elias Koromilas (GRE) eta Arturas Sukys (LIT). Ez dute inor kanporatu.

Partzialak: 18-17, 16-17, 25-27 eta 16-12.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena