Bilbao Basket
FIBA-REN EUROPA KOPA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Elitean jokatutako partida ofizial batean inoiz lortutako alderik handienarekin (48 puntu) bereganatu dute garaipena bilbotarrek.
Bilbao Basketeko jokalariek euren ikusleen aurrean lortutako garaipena ospatu dute. Argazkia: EFE
Albisteak (1)
Surne Bilbao Basketek FIBAren Europa Kopako B Multzoko lidergoa sendotu du asteazken honetan, aise nagusitu baitzaio Eskoziako Caledonia Gladiators taldeari (106-58) Miribillan. Txapelketako hirugarren jardunaldia zuten jokoan, eta ordura arte talde biak multzoko goialdean zeuden berdinduta, bi garaipenekin.
Gaurkoan irabazi duten neurketa elitean jokatutako partida ofizial batean inoiz lortutako alderik handienarekin (48 puntu) bereganatu duten garaipena izan da bilbotarrentzat. Dena den, partidako lehen zatian ezin zitekeen aurreikusi halakorik geratuko zenik, eskoziarrak neurketan sartuta egon baitira 15. minutura arte (32-30); are gehiago, aurretik ere egon da markagailuan norgehiagokako hastapenetan.
Haatik, Adam Smith (12 puntu) agertu da atsedenaldira iritsi aurretik, 8 puntu jarraian sartuta eta, batez ere, Christian Kullamae (25 puntu eta 28ko balorazioa) hirugarren laurdenaren hasieran. Hain zuzen ere, estoniarra izan da etxeko taldeko izarra, Bilbon jokatu duen bigarren partida handian.
Aitzitik, Jaume Ponsarnauk jokoan jarri dituen hamabi jokalariek lortu dute saskiratzeren bat, eta, besteak beste, Melwin Pantzar nabarmendu da estatistikaren arloan (11 puntu, 8 errebote, 7 asistentzia eta 20ko balorazioa).
Eskoziarren partetik, Lukas Palyza hegal-pibot txekiarra izan da onena (15 puntu), berari esker eutsi baitio Caledoniak bizirik partidako lehen 15 minutuetan.
Horrenbestez, garaipen horrek multzoko lehen postuan jarri du Bilbao Basket, multzoen faseko lehen itzulia bukatu denean. Lehen postu hori da final-zortzirenetarako txartela ziurtatzen duen bakarra. Izan ere, bigarren tokian sailkatuz gero, lehen faseko hamar multzoetako sei bigarren onenen artean egon beharko luke lehiaketan jarraitzeko.
Fitxa teknikoa:
106 - Surne Bilbao Basket (22+20+34+30): Renfroe (2), Adam Smith (12), Rabaseda (5), Tsalmpouris (2) eta Hlinason (11) –hasierako bostekoa–; Pantzar (11), Kullamae (25), Alex Reyes (9), Andersson (9), Killeya-Jones (10), Rigo (8) eta Barandalla (2).
58 - Caledonia Gladiators (19+14+11+14): Dubose (8), Whelan (6), Onwas (5), Palyza (15) eta Alihodzic (4) –hasierako bostekoa–; Jovicic (2), Kyle Johnson (2), Malcom (3), Clifton Moore (7), Buttrick (6), Kyle Jiménez eta Baldwin.
Partzialak: 22-19, 42-33 (atsedenaldia); 76-44 eta 106-58 (amaiera).
Epaileak: Alexandre Deman (Frantzia), Mehmet Karabilecen (Turkia) eta Jan Baloun (Txekia). Ez dute inor kanporatu.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa