Bilbao Basket
84-61
Erredakzioa
RETAbet Bilbao Basketek 84-61eko emaitzarekin galdu du Casademont Zaragozaren aurka, eta denboraldiko bigarren porrota jaso du.
Albisteak (3)
Bideoak (1)
RETAbet Bilbao Basketek porrota jaso du Casademont Zaragozaren aurka (84-61), Endesa Ligako bosgarren jardunaldian. Ondorioz, denboraldiko bigarren neurketa galdu dute beltzezko gizonek.
Hasiera ona eman dio Bilbao Basketek neurketari, 0-9 aurreratu baita. Zaragozak hiruko bat sartuta moztu du bolada txarra (3-9). Saskiratze horrek suspertuta, etxeko taldea aldeak murrizten hasi da, neurketa berdindu du (11-11), eta aurretik ere jarri da, hiru puntuko abantailarekin (14-11). Lehen hamar minutuak gorabeheratsuak izan dira, eta etxeko taldearen aldeko emaitzarekin bukatu dira (16-14).
Neurketa ondo hasi badu ere, bigarren laurdenari okerreko hankarekin ekin dio RETAbet Bilbao Basketek. Zaragoza nagusi izan da, eta zazpi puntuko abantaila eskuratu du (21-14). Ondoren, talde bizkaitarrak jokoa hobetzea lortu, eta desabantaila murriztu du (25-21), baina etxeko taldea berriro nagusitu da kantxan, abantailak handitzen joan da, eta bederatzi puntuko errenta lortu du lehia atsedenaldira iritsi denean (36-27).
Atsedenaldiaren ostean, aldeak murriztea lortu du Bilbao Basketek (38-33), baina minutuak aurrera joan ahala Casademont Zaragozaren nagusitasuna gero eta handiagoa egin da, eta hamalau punturainoko errenta eskuratu du (51-37) Aragoiko taldeak. Ezinean ibili da Alex Mumbruk zuzentzen duen taldea; gaizki erasoan, eta txarto defentsan. Erraztasunak eman dizkio talde bizkaitarrak Zaragozari, eta Aragoikoek ez dute abantaila handitzeko aukera alferrik galdu. Casademont Zaragoza 18 puntuko errentarekin heldu da azken laurdenera (63-45).
Neurketa oso maldan gora izan du Bilbao Basketek azken hamar minutuetan, eta ez du aldeak murrizteko, ezta partida estutzeko aukerarik izan. Zaragozak 21 puntuko aldea eskuratu du azken laurdenaren hasieran, eta garaipena erabat bideratuta utzi du. RETAbet Bilbao Basketen helburua emaitza txukuntzea izan da, ez du lortu, eta partida Zaragozaren garaipen erosoarekin bukatu da (84-61).
Fitxa teknikoa:
84 - Casademont Zaragoza (16+20+27+21): Alocen (7), Seeley (22), Brussino (9), Radovic (3), Fran Vazquez (7) -hasierako taldea- Justiz (13), Barreiro (5), Benzing (11), San Miguel (2), Krejci (4), Hlinason (-) eta Javi Garcia (1).
61 - RETAbet Bilbao Basket (14+13+18+16): Rousselle (2), Rafa Martinez (3), Bouteille (21), Kulboka (9), Balvin (7) -hasierako taldea- Brown (6), Sergio Rodriguez (5), Schreiner (3), Rigo (-), Sulejmanovic (-), Cruz (2) eta Lammers (3).
Epaileak: Calatrava, Martinez Fernandez eta Merino.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa