21:14

Bilbao Basket

Gutun irekia

Mumbru: 'Ez dut saskibaloitik alde egin, oinetakoak erantsi ditut soilik'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Alex Mumbruk gutun ireki bat plazaratu du astelehen honetan agur esateko, saskibaloi profesionala utzi ostean.

  • Alex Mumbru. Artxiboko argazkia

    Alex Mumbru. Artxiboko argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alex Mumbru saskibaloiko jokalari ohiak, azken denboraldietan Bilbao Basketeko kapitaina izan denak eta 38 urterekin aurtengo denboraldiaren ostean erretiroa hartu duenak, gutun ireki bat plazaratu du astelehen honetan. Bertan, saskibaloitik ez duela alde egin azaldu du, baizik eta "oinetakoak erantsi" dituela, besterik ez.

"Ez dut saskibaloitik alde egin. Oinetakoak erantsi ditut soilik. Hemendik aurrera etorkizunak egokitzen didan horretan, 15 zenbakiak orain arte erakutsi duen pasio bera izango dut. Espero dut bertan ere nire aldamenean egongo zaretela eta zuen babesa izaten jarraituko dudala. Faltan botako zaituztet. Eskerrik asko", esanez agurtu da Mumbru.

Katalana "harro" agertu da bere ibilbide profesionalaz hogei urte baino gehiagoz gozatu ahal izateagatik. "Oso harro nago egindako ibilbideaz, eta denborak erakutsiko dit tarte luze horretan saskibaloiak eman didan guztia zer izan den".

Hogei urte horietan zehar Badalonako Joventuten, Real Madrilen eta 2009. urtetik aurrera Bilbao Basketen jokatu du Mumbruk, eta Espainiako Selekzioan ere jardun du.

"Gogobeteta egon naiteke. Lana, burugogorkeria, ardura eta arima jarri ditut nire ametsa lortzeko, baina nire hazkuntza izan ditudan entrenatzaileei esker izan da posible", eta esker on hori bere taldekideei ere luzatu die, bereziki Raul Lopez, Axel Hervelle eta Sergio Sanchezi.

Bere zaleak ere gogoan izan ditu, izan dituen zale oro, nahiz eta Bilbotik jaitsiera batekin joan den. "Begiak ixten ditut une batez, eta publikoak erakutsi dizkidan milaka detaile, arreta eta maitasun adierazpen datozkit berriro gogora", adierazi du.

"Azken aste hauek oso gogorrak izan dira, huts egitearen minak eta taldea merezi duen tokian egon ezin izateak aurrez aurre egin baitute topo Miribillan eta Burgosen jasotako maitasun adierazpen handiekin, ahaztuko ezin izango ditudan sekulako bi une", aitortu du jokalari ohi katalanak.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena