20:05

Bilbao Basket

Endesa Liga

Bilbao Basketek Valentzian galdu du, baina jaitsierarekin duen aldeari eutsi dio

Agentziak | Erredakzioa

Mrsicen taldeak Endesa Ligako egungo txapeldunaren etxean galdu du (87-67); Betisen eta Joventuten porrotek, baina, laguntza eman dute mailari eusteko lehian.

  • Mumbru, San Emeteriorekin, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Mumbru, San Emeteriorekin, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bilbao Basketek ezin izan du garaipena eskuratu Fontetan, Valentziaren etxean, hau da, Endesa Ligako egungo txapeldunaren aurkako neurketan; izan ere, 87-67 galdu dute bizkaitarrek. 22. jardunaldia, baina, ez da guztiz txarra izan Veljko Mrsicen gizonentzat; jaitsiera-postuekin duten aldeari eutsi diote (garaipen batekoa da alde hori), Betisek eta Joventutek ere porrota izan ostean.

Fernando San Emeteriok gidatu du, lortutako puntuekin eta, batez ere, erakutsitako jarrerarekin, Valentzia. Kantabriarra bere taldearen liderra izan da; garaipenarekin, Valentziak sailkapeneko goialdean jarraitzen du.

Hasieran, Dublejevicek bi hiruko sartu ditu, eta Valentziak aurrea hartu du, baina bakarrik markagailuan, ez horrenbeste jokoan. Bilbao Basket nahiko fin ibili da une horietan, Todorovicek zuzenduta; hala ere, San Emeteriok bilbotarren lehen ahalegin hori indargabetu du (18-14, 7. minutuan).

Argitasuna falta izan zaie bi taldeei, eta ez dute gehiegi asmatu tarte horretan; hori dela eta, bi jaurtiketa libre eta Erick Greenen saskiratze batek aldea zabaldu dute (22-14, 20. minutuan).

Ia sei minutu eman ditu Bilbao Basketek punturik sartu gabe; horrek balio handia eman die Will Thomasek sartutako bi hirukori (30-16, 12. minutuan).

Todorovic bueltatu da, eta Bentil sendo ibili da; hortaz, partida ez da apurtu. Dena den, San Emeterio berriro agertu da, eta aldea zabaldu du atsedenaldia heldu aurretik (41-32 izan da markagailua bigarren zatia hasi baino lehen).

Valentzia, sendoago bigarren zatian

Bigarren zatian, San Emeteriok tentsioa jarri du, eta etxeko taldeak lehen zatian baino indartsuago jokatu du atzealdean; Abalde ere fin ibili da, eta Valentziak 16 puntuko aldea ezarri du (52-36, 24. minutuan).

Tabu ahalegindu da, baina Bilbao Basketek arazoak izan ditu puntuak erdiesteko, eta atzean ere ez da ondo aritu. Erick Greenek hartu dio lekukoa San Emeteriori (75-49, 31. minutuan).

Mrsic, gertatzen ari zena ikusita, errieta egin die bere jokalariei, eta Bilbao Basketek apur bat gogorrago defendatu du; baina, azkenean, partida ia guztiei luzeegi egin bazaie ere, are luzeagoa ere suertatu da, saski bat aldatu behar izan baitute.

Fitxa teknikoa:

87. Valencia Basket (22+19+29+17): Abalde (9), Rafa Martinez (3), San Emeterio (18), Thomas (13), Dubljevic (13) –hasierako taldea- Garcia (1), Vives (-), Pleiss (6), Williams (1), Sastre (6), Doornekamp (3) eta Green (14).

67. RETAbet Bilbao Basket (14+18+17+18): Tabu (13), Todorivic (11), Hammink (4), Hervelle (2), Gladness (8) –hasierako taldea- Thomas (10), Rebic (-), Redivo (2), Mumbru (2), Bentil (13) eta Tomas (2).

Epaileak: Cortes, Bulto eta Munar. Latavious Williams kanporatu dute, 40. minutuan, bost falta egiteagatik.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena