Bilbao Basket
90-85
Erredakzioa
RETAbet taldeak 90-85 galdu du Kanaria Handian. Mrsicek zuzentzen duen taldeak partida oso ona jokatu du, baina azken minutuetan aurkaria nagusi izan da.
Albisteak (3)
RETAbet Bilbao Basketek 90-85 galdu du Herbalife Gran Canaria taldearen aurka Endesa Ligako 15. jardunaldiko partida. Joko ona azaldu eta itxura ona eman du Bilboko taldeak, baina sentsazio onak ezin izan ditu garaipen batekin biribildu.
Ondo ekin dio partidari Bilbao Basketek 0-4ko partzialarekin eta ondoren, abantaila politak lortu ditu; 6-11, 9-16 eta 10-19. Lehen laurdeneko azken minutuetan bolada on bat izan du Herbalife Gran Canaria taldeak, baina talde bizkaitarrak ondo eutsi dio, eta 8 puntuko abantaila lortu du (16-24) lehen hamar minutuen amaieran.
Bigarren laurdenaren hasieran ondo eutsi dio RETAbet taldeak aurretik lortu duen abantailari, baina laurdenaren erdialdetik aurrera talde kanariarra hasi da nagusitzen. Horrela, aldeak murrizten hasi da Herbalife eta atsedenaldira iristeko bi minuturen faltan, neurketa berdindu du etxeko taldeak (33-33). Laurdenaren azken bi minutu horietan Herbalife hobea izan da, eta etxeko taldea bi puntuko abantailarekin joan da atsedenaldira (40-38).
Atsedenaldiaren ostean ere ondo ekin dio lehiari Bilbao Basketek. Aurretik ibili da talde bizkaitarra hirugarren laurdenaren lehen txanpan, baina neurketa asko parekatu da minutu horietan. Bi taldeetako batek ere ez du lortu markagailuan zuloa irekitzea eta berdinketak sarritan errepikatu dira (49-49, 54-54, 56-56 eta 58-58). Laurdenaren azken segundoan Herbalifek 2+1eko jokaldia saskiratu eta aurretik iritsi da (63-62) azken laurdenera.
Amaierako laurdenaren hasieran aurrea hartu du Bilbao Basketek (63-64 eta 65-66), baina Herbalifek bolada ona izan, eta sei puntuko errenta eskuratu du (72-66). RETAbet taldea, ordea, ez da kokildu, azkar lortu du desabantaila murriztea eta aurrea ere hartu du (74-75). Etxeko taldeak sei puntuko aldea eskuratu du (88-82) azken minutuetan, Bilbao Basket hiru puntura hurbildu da (88-85), baina Herbalifek ez du huts egin azken jabetzetan eta garaipena eskuratu du (90-85).
Fitxa teknikoa:
90-Herbalife Gran Canaria (16+24+23+27): Eriksson (14), Mekel (7), Pasecniks (12), Rabaseda (4), Baez (12) –hasierako bostekoa-, Oliver (11), Brussino (-), Seeley (17), Balvin (7), Paulí (4), Aguilar (2) eta Fischer (-).
85-RETAbet Bilbao Basket (24+14+24+23): Mumbru (10), Tabu (8), Todorovic (14), Hammink (7), D. Thomas (19) –hasierako bostekoa-, Gladness (4), Fischer (-), Salgado (2), Hervelle (3), Pere Tomas (2), Redivo (16) eta Vucetic (-).
Epaileak: Carlos Peruga, Andres Fernandez, Ruben Sanchez Mohedas.
anchez Mohedas.Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa