Bilbao Basket
86-71
Erredakzioa
Dominionek 86-71 irabazi dio Endesa Ligako seigarren sailkatua den Montakit Fuenlabradari. Talde bizkaitarrak playoff postuetako lehian jarraitzen du bete-betean.
Raul Lopez, Fuenlabraren aurkako partidan saskiratzea sartzen. Argazkia: EFE
Dominion Bilbao Basketek 86-71 irabazi dio Montakit Fuenlabradari Bilbao Arenan eta garaipen garrantzitsua lortu du playoffetan sartzeko lehiari begira. Talde bizkaitarra Endesa Ligako seigarren postuan dagoen taldeari nagusitu zaio, eta garaipen bakarrera kokatu da.
Partidako lehen uneetan Fuenlabradak hobeto jokatu du, baina Bilbao Basket garaiz esnatu da, eta partida parekatzea lortu du. Gainera, lehen laurdeneko azken minutuetan nagusi izan da Sito Alonsok zuzentzen duen taldea eta sei puntuko abantaila eskuratu du (21-15). Bigarren laurdenean, etxeko taldea jaun eta jabe izan da. Dominionek erakustaldia eman du laurden honetan eta Fuenlabrada ezinean ibili da. Ondorioz, Bilbao Basket 13 puntuko aldearekin iritsi da atsedenaldira (43-30).
Atsedenaldiaren ostean, partidaren gidoia ez da aldatu. Bilbao Basket nagusi izan da, eta Montakit Fuenlabradak ez du bere jokoan hobekuntzarik azaldu. Dominionek kontrolpean izan du norgehiagoka hirugarren laurdenean eta hamabi puntuko abantailarekin ekin dio azken laurdenari (60-48). Dominion partida askotan iritsi da abantaila handiarekin azken laurdenera eta amaieran galdu egin du, baina norgehiagoka honetan ez da halakorik gertatu. Bilbao Basketek ez du ezustekorik nahi izan, eta ez dio garaipenari ihes egiten utzi. Amaieran, Dominion garaile atera da, 86-71ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
86 - Dominion Bilbao Basket (21+22+17+26): Hannah (14), Dejan Todorovic (8), Mumbru (7), Hervelle (13) eta Begic (10) -hasierako bostekoa- Raul Lopez (11), Bertans (2), Ruoff (3), Bogris (16), Alex Suarez eta Marko Todorovic (2).
71 - Fuenlabrada (15+15+18+23): Tabu (14), Llorca, Paunic (11), Wear (2) eta Sobin (2) -hasierako bostekoa- Uriz (5), Popovic (8), Urtasun (11), Scott (4), Smits (2), Gonzalez (8) eta Stevic (4).
Partzialak: 21-15, 43-30 (atsedenaldia); 60-48 eta 86-71 (amaiera).
Epaileak: Miguel Angel Perez Perez, Juan de Dios Oyon eta Antonio Sacristan.
onio Sacristan.Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa