Bilbao Basket
75-72
Redacción
Rafa Pueyoren taldeak 15 puntuko aldea ere izan du azken laurdenean, baina Fuenlabradaren erreakzio handiak garaipena kendu dio.
Albisteak (3)
Bilbao Basketek ezin izan du irabazi Fuenlabradan, nahiz eta jokoaren eta markagailuaren kontrola ia partida osoan zehar izan duen. 75-72 galdu dute Rafa Pueyoren gizonek; bilbotarrek 15 puntuko aldea ere izan dute (44-59), azken laurdenean, baina, etxekoen erreakzio handiaren ostean, denboraldiko bigarren porrota jaso dute. James Feldeine izan da Fuenlabradaren jokalaririk onena: 13 puntu egin ditu azken laurdenean, eta 20 guztira, eta bere balorazioa 27koa izan da.
Bilbao Basketek sendo hasi du partida, barne jokoan jaun eta jabe eta gogor defendatuz; Kavaliauskas (laster adierazi diote bigarren falta, eta kantxatik atera behar izan du Rafa Pueyok) eta Alex Mumbru (bikain ibili da, bai saskiaren azpian baita kanpoko jaurtiketetan ere) ari ziren nabarmentzen bilbotarren artean. 14-23 amaitu da lehen laurdena, eta 33-40, bigarrena. Eroso ari zen jokatzen Bilbao Basket; erraz menderatu dute lehen zatia Rafa Pueyoren jokalariek, eta bakarrik atsedenaldirako 3 minutu falta zirela egon da markagailua parekatuta, 29-29, 9-0eko partzial baten ondorioz.
Etxekoen erreakzioa
Bigarren zatia lehenaren ildotik hasi da. 0-6ko partzial bat egin du Bilbao Basketek, Raul Lopezen, Mumbruren eta Hervellen eskutik, eta 39-50 jarri dira bilbotarrak, 25. minutuan. Azken laurdena hasi aurretik, 11 puntuko aldea zuten (44-55), baina une horretan esnatu da Fuenlabrada; apurka-apurka, kanpokoen abantaila murriztea lortu du, 64-64ko emaitza kokatu arte (10-0eko beste partzial batekin) eta 69-69koa ere ikusi ahal izan da markagailuan.
Azken minutuetan, Fuenlabradak Bilbao Basketek baino gehiago asmatu du: German Gabrielek jaurtiketa libre bat huts egin du, eta bere hutsari hiruko batekin erantzun dio, jarraian, Paunicek, bere taldea aurretik lehen aldiz jartzeko (72-70). Raul Lopezek, beste hiruko batekin, berdinketa ezartzeko aukera izan du, azken segundoetan, baina baloia ez da sartu, eta horrela amaitu da partida, etxekoen garaipenarekin. Bilbao Basketen, Alex Mumbruren lan ederra azpimarratu behar da: 22 puntu sartu ditu eta 32ko balorazioa lortu du.
Fitxa teknikoa
75. Fuenlabrada (14+19+11+31): Cabezas (11), Feldeine (20), Panko (10), Mejeris (-), Diagne (3) -hasierako bostekoa-, Paunic (7), Arnold (7), Vega (9), Pérez (2), Montañez (6) eta Laso (-).
72. Bilbao Basket (23+17+15+17): Lopez (6), Grimau (14), Mumbru (22), Kavaliauskas (6), Hervelle (5) -hasierako bostekoa-, Carmichael (7), Pilepic (2), Gabriel (8), Sanchez (-), Bertans (2), Samb (-) eta Lukauskis (-).
Epaileak: Perez Pizarro, Calatrava eta Rial.
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:45 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa