Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota
Pilota
Hirugarren posturako partida
EITB MEDIA
Bikote zuriak markagailua irauli du; izan ere, laranjek irabazi dute lehen seta (15-11), eta azken tantoan galdu dute bigarrenean (14-15). Hirugarren jokoan (3-5), Paueko aurrelariak eta Bidarteko atzelariak euren indar fisikoa erakutsi dute. Partidak kalitate handia izan du.
Jean Olharanek eta Thibault Basquek Jai Alai Winter Serieseko hirugarren postua lortu dute, astelehenean Iñaki Osa Goikoetxeak eta Nicolas Etxetok osatutako bikotea mendean hartuta. Irabazleek (bikote zuria) markagailua irauli behar izan dute, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak zehaztu behar zituen neurketan garaipena eskuratzeko; izan ere, laranjak 15-11 nagusitu dira lehen jokoan, eta bigarrenean azken tantoan galdu dute (14-15). Hirugarren setean, aldiz, Paueko aurrelariak eta Bidarteko atzelariak indar fisiko handia erakutsi dute, eta hiru tantotan utzi dituzte Zumaiako aurrelaria eta Ahetzeko atzelaria.
Winter Serieseko hirugarren postua lortzeko neurketa kalitate handikoa izan da. Lau pilotariek aurreko asteetan baino presio txikiagoa izan dute (hain zuzen, dena zegoen jokoan ligako azken jardunaldietan eta, are gehiago, finalerdietan), baina argi utzi dute maila bikaina dutela. Guztira, 534 pilotakada eman dituzte, txapelketako kopururik altuenetakoa, eta Goikok, nahiz eta irabazi ez duen, errekorra ezarri du egindako tantoei dagokienez, 25 egin baititu. Olharanek ez ditu horrenbeste egin (13), baina tanto gutxiago galdu ditu: bi besterik ez, eta zumaiarrak, aldiz, zazpi. Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua ia-ia bete egin da, beste behin, giro aparta izan da, eta zaleek ikuskizun ederraz gozatu dute.
Lehenengo jokoan, bi parte oso desberdinak izan dira; lehenean, atsedenaldira arte, bikote zuria argi nagusitu da, eta Olharanek eta Basquek abantaila nabarmenak lortu dituzte. 4-9 aurreratu dira, eta ematen zuen Paueko aurrelariak eta Bidarteko atzelariak aurreneko jokoa irabazteko aukera handia zutela. Zurien bederatzigarren tantoaren ostean, baina, Goiko jokoan sartzen hasi da; errematean duen trebetasuna erakutsi du zumaiarrak, eta laranjek aurkariak markagailuan harrapatu dituzte (9-9 eta 10-10) eta aurretik jarri dira, jarraian.
Aurrelari gipuzkoarrak hamar tanto egin ditu lehen set horretan, eta Etxetok, atzean, hobera egin du tantoek aurrera egin ahala. Lehen minutuetan, baina, Basque nabarmendu da; izan ere, lapurtarrak erakutsi du zergatik duen txapelketako errebes ikusgarrienetakoa.
Olharan eta Basque, garaile bigarren setean
Bigarren jokoa aurrenekoaren ildotik hasi da: Goiko bikain zebilen, eta laranjak aurretik zeuden. Etenaldi luzera arte, nahiz eta alde handiak ez izan, Goikok eta Etxekok markagailua alde izan dute (3-0, 6-3, 8-6 atsedenaldian). Orduan, baina, Jean Olharan hasi egin da agintzen, eta, Basquek oso ondo lagunduta, kalitate handiko zenbait erremate utzi ditu. Zuriak aurretik jarri dira (9-11, 10-12), eta 11-14koarekin bazirudien hirugarren seta bermatuta zegoela; hala ere, Goikok argi utzi du ez zegoela ezer erabakita, eta arriskatu egin du hainbat jokalditan. Horrela, 14-14 jarri dira markagailuan, eta laranjek atera dute azken sakea; zuriek, ordea, tantoa egin eta berdinketa jarri dute. Hirugarren jokoak zehaztu behar izan du zein bikotek eskuratuko zuen hirugarren postua.
Set erabakigarrian, Olharanen eta Basqueren indarrak desorekatu du emaitza. 3-3 izan da markagailua, baina azken bi tantoak zurien aldekoak izan dira. 3-4koarekin, Goiko aurrealdean saiatu da pilota zabalera irekitzen, baina kanpora joan zaio, eta, ondorioz, zehaztuta geratu da nor den aurtengo Winter Serieseko hirugarren bikoterik onena.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | ETB KANTXA: Jaka-Iztueta vs Zabala-Rezusta |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa