Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota
Pilota
WINTER SERIES: 10. JARDUNALDIA
A. A. | EITB MEDIA
Hiru set behar izan zituzten bikote gaztea azpiratzeko (15-14, 12-15 eta 5-1). Emaitza horri esker, gainera, Beaskoetxea eta Lopezek ere finalaurrekoetan izatea ziurtatuta dute.
Albisteak (5)
Informazio gehiago (1)
Iñaki Osa Goikoetxea eta Nicolas Etxeto Eusko Label Winter Serieseko finalerdietan izango dira, Johan Sorozabal eta Julen del Rio gazteek osatutako bikoteari hiru setetan irabazi eta gero (15-14, 12-15 eta 5-1), txapelketako 10. jardunaldian. Bide batez, garaipen horrek hurrengo faserako zeharkako sailkapena eman zion Beaskoetxea-Lopez bikoteari ere, B multzoko ligaxka ixteko neurketa bakarra falta denean.
Neurketari askoz behartuago ekin zioten urdinez aritu ziren Johan eta Del Riok, bi partida jokatu ostean lau puntu baino ez baitzituzten euren alde. Hala, garaipena ezinbestekoa zuten sailkatzeko itxaropenei eusteko.
Lehia orekatu hasi zen bi berdinketa kateatuz (1-1 eta 2-2). Bigarren berdinketa hori Goikoetxeak gauzatutako txik-txak bikain batez heldu zen. Jokaldi hori izan zen aurrelari zumaiarrak neurketan zehar ondoen baliatu zuen arma, aurrean baino atzean erdietsi baitzituen bere tantorik gehienak.
Hortik aurrera, partidak gorrien aldeko joera hartu zuen hiru tantoko aldearekin (6-3). Alabaina, Del Riok ezin hobeto moztutako pilota batekin eta Johanek aurrean primeran gauzatutako ekintzen bidez, markagailua iraultzea lortu zuten. Ondorioz, atsedenaldi txikira aurretik heldu ziren urdinak (7-8).
Norgehiagoka parekatua, baina distira handirik gabekoa zihoan, lau pilotariek tanto onak eta hutsegiteak lotzen zituztelako. Bereziki deseroso agertu zen Etxeto lapurtarra, eta hala aitortu zuen gerora, partida osteko adierazpenetan.
Ondorioz, alde batera eta bestera erortzen ziren tantoak. Halako batean beteranoak lehen aldiz aurre hartzeko gai izan ziren (12-11), baina 15. tantora bidean beste hiru berdinketa iritsi ziren: 12an, 13an eta 14an. Jokoko azken tantoan, tentsioa nabaria zen. Urdinak agintzen izan ziren une batzuetan, baina ordura arte irregular zebilen Etxetok bi pilota oso zail eraman zituen tantoari eusteko, eta Goikok ez zuen barkatu seta erabakitzeko izan zuen lehen abagunea, pilota aurrealdean ederto moztuta (15-14).
Gauzak oso zail zituztela jakitun (2-1 irabaztea ez zen nahikoa, aldeko tanto mordoarekin egin behar zuten), urdinek indartsu ekin zioten bigarren jokoari, eta berehala hasi ziren agintzen (1-3, 3-6), eta lau tantoko zuloa bereganatu zuten atsedenaldi txikia heldu zirenerako (4-8), besteak beste, Johanek aurrealdean azaldutako ausardiari esker. Aldea areagotzen jarraitu zuten urdinek, 6 tantorainokoa izatera iritsi arte (4-10).
Seta oso aldapa gora zutela ikusi arren, gorriek lanari eutsi zioten, eta bi tantora arte murriztu zuten markagailuko zuloa (9-11) neurketako tantorik ikusgarrienetako batekin: Johanek gozo-gozo utzi zuen dejada, baina Goikok asmoa igarri eta aurrean txikitu egin zuen pilota emaitza estutzeko. Dena dela, bikote gazteak jakin bazekien seta nola edo hala irabazi behar zuela bizirik jarraitzekotan, eta euren gogoa gailendu zen beteranoenaren gainetik (12-15).
Hirugarren eta azken seta emozioz betea izatea espero zuten Gernikako Jai Alai frontoiko harmailetan bildutako 1.650 pilotazaleek, baina ez zen halakorik gertatu, gorriek ez baitzieten inolako aukerarik aitortu urdinei (5-1). Azken tantoan polemikarako beta ere egon zen. Goiko kexu azaldu da Del Riok zesta barrura eraman ez zuen pilota baten aurrean, gasteiztarrak pilota zestarekin ukitu zuela iritzita. Del Rio geratu egin zen bere akatsa gaitzetsiz eta Zumaiako aurrelariak ere jokatzeari utzi zion, epaileek arrazoia emango ziotelakoan. Hasiera batean, epaileek ez zuten jokaldia hala ikusi, eta, nahasmen une batzuen ostean, Del Riok hala gertatu zela aitortu eta era horretan amaitu zen neurketa.
Horrenbestez, urtarrilaren 23an jokatuko den B multzoko azken neurketan (Goikoetxea-Etxeto vs Tambourindeguy-Minvielle) jokoan egongo den gauza bakarra da multzoko buru nork amaituko duen. Helburu hori erdiesteko, Goikok eta Etxetok nahikoa dute set bat irabaztearekin.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa