Binakako Txapelketa 2022: Eusko pilotaren azken orduko albisteak - EITB Binakako txapelketa
Binakako txapelketa
FINALA
L. E. A. | EITB MEDIA
Nagusi izan dira azken urteetako finalik gogor eta gorabeheratsuenean, 11 eta 17ko emaitza iraulita Unai Laso eta Ander Imazen aurka, lepo egon den Bizkaia Frontoian.
Jokin Altuna eta Julen Martija dira 2022ko Binakako Txapelketako txapeldunak, Unai Lasok eta Ander Imazek osatutako bikotea 22 eta 20 mendean hartuta, final gogorra, zirraragarria eta epikoa jokatuta.
Gorriak faborito izan dira aurreikuspenetan, baina Laso eta Imaz izan dira partidaren pisua eraman dutenak, lehen zatian bereziki. Joko erasokorra eta erritmo handikoa egin dute, eta gorriek lan nahikoa izan dute defentsa lanetan.
Altuna eta Martijak ondo hasi dute neurketa 2 eta 0 aurreratu dira lehen tantoetan, baina aurkariek berehala hartu diete neurria. Pare-parean aritu dira lau pilotariak, aurkariari arnasarik eman gabe, eta atzelariak izan dira, gehien bat, partidaren erritmoa markatu dutenak.
Laso bikain aritu da aurrean, tanto ederrak eginda eta Altunari protagonismoa kenduz. Amezketarrak erruz egin behar izan du lan nafarrari eusteko.
Neurketa 7na, 8na eta 10na izan ostean ireki dute urdinek zuloa markagailuan. Laso eta Imaz 11 eta 17 joan dira joko ederra eta indarra erakutsita. Apustuak irauli eta urdinen alde jarri dira momentu horretan; finala ondo bideratuta zirudien Unai eta Anderren alde.
Baina orduan Altuna eta Martija suspertu egin dira, urdinek behartu gabeko zenbait huts egin dituzten momentuan.
Horrela markagailua 17 tantora berdintzea lortu dute. Ordurako lau pilotarien nekea nabarmena izan da. Partida gogorra, oso gogorra izan da, tentsioaren eta tanto bakoitza azkenera arte borrokatu izanaren ondorioz.
Partida 20 eta 17 izan denean iritsi da arratsaldeko sustoa. Pilota bat maisuki altxatu ostean, Julen Martija lurrean geratu da, altxa ezinda, giharretako arazo batek jota, eta aldageletako bidea hartu du, herrenka. Bizkaia pilotalekua leporaino bete duten ikusleek finala hor bukatuko zen beldur izan dira, baina handik minutu batzuetara nafarra kantxara itzuli da eta partida bukaera arte jokatu ahal izan du. Baita txapela jantzi ere, Binakako bigarrena berarentzat.
Bukaera estu eta gogorra
Azken tantoak agonia hutsa izan dira, Laso eta Imaz ere nekeak eragindako arazo fisiko nabarmenak izan dituztelako. Hala ere, Baikoko bikoteak ez du amore eman eta 21 eta 20 hurbiltzea lortu dute. Baina txapelak kolore gorria hartu du azkenean, Jokin Altunaren eta Julen Martijaren kolorea.
22 eta 20 gailendu dira azkenean, 822 pilotakadaren ostean. Altunak, gainera, koro hirukoitza duten pilotarien taldean sartzea lortu du, 26 urterekin; Binakako, Buruz Buruko eta Lau T'erdiko txapelak irabazi dituztenen taldea.
Finaleko tanto guztiak:
1-0, 2-0, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 3-5, 3-6, 3-7, 4-7, 5-7, 6-7, 7-7, 8-7, 8-8, 9-8, 10-8, 10-9, 10-10, 10-11, 10-12, 11-12, 11-13, 11-14, 11-15, 11-16, 11-17, 12-17, 13-17, 14-17, 15-17, 16-17, 17-17, 18-17, 19-17, 20-17, 21-17, 21-18, 21-19, 21-20, 22-20.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa