kirolak
KORONABIRUSA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Datu erabakigarriak esku artean izan arte itxarongo du gaiaren inguruan behin betiko erabakia hartzeko.
Tokioko Olinpiar Estadioa. Argazkia: EFE
Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (NOB) hiru hilabete barru ebatziko du 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak aurreikusita dauden bezala egingo diren ala ez, Dick Pound erakundeko kide zaharrenak baieztatu duenez. Izan ere, koronabirusa dela eta hainbat kirol ekitaldi bertan behera geratzeko arriskuan daude, tartean Olinpiar Jokoak.
Pounden esanetan, Tokioko Olinpiar Jokoen nondik norakoa erabakitzeko "hiru hilabeteko tartea" itxaron behar dute, Txinan azkar zabaltzen ari den birusaren mehatxupean baitaude. "Denak beti bezala jarraitu beharko luke", adierazi du Europa Press berri agentziak jaso duen Associated Press agentziari eskainitako elkarrizketan.
1978tik Batzorde Olinpikoko kide den Pounden mezua ez da alarmista izan, baina uztailaren 24an hastekoa den hitzordu olinpikoak aurre egin behar dituen arriskuak aitortu ditu. "Gerra berria da hau, eta aurre egin behar diogu. Jendeak bere buruari galdetu beharko dio ea agintariek egoera kontrolpean duten Tokiora lasaitasunez joan ahal izateko", gaineratu du.
Olinpiar joko modernoak 1896an abiatu ziren, eta, geroztik, soilik Munduko Gerretan zehar geratu dira bertan behera. Hain justu, 1940an Tokion ziren egitekoak. Horrez gain, bere historian zehar zenbait boikot jasan dituzte: 1976an, Montrealen; 1980an, Moskun; eta 1984an, Los Angelesen.
"Hartu beharrekoa erabaki izugarria da, eta ezin dugu halakorik egin esku artean datu fidagarririk izan gabe", iritzi dio Poundek.
Gainera, aitortu du beste hiri batera aldatzeak "aukera gutxi" dituela. "Tokia lekuz aldatzea zaila da, denbora tarte labur horretan instalazioak prestatzeko gai diren leku gutxi daudelako munduan", azaldu du.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa