09:10

Beste kirolak

BEIJING 2022

Adur Etxezarretak ezin izan du eslalom supererraldoiko proba amaitu

EITB Media

Nafarra ibilbidetik atera da. Matthias Mayerrek lortu du urrezko domina, hiru olinpiar jokotan lortu duen hirugarrena.

  • Adur Etxezarreta

    Adur Etxezarreta. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Adur Etxezarreta eslalom supererraldoiko ibilbidetik atera da, eta, ondorioz, ezin izan du Pekingo Neguko Olinpiar Jokoetako proba amaitu.

Nafarraren hitzetan, ez du nahi beste prestatu proba: "Supererraldoiko probara ez naiz jaitsierakora bezain ondo heldu". Matthias Mayer austriarrak irabazi du urrezko domina, hiru olinpiar jokotan lortu duen hirugarrena.

Gaur trazadura pixka bat aldatu dute, eta beheraxeago atera dira eskiatzaileak, baina pistaren baldintzak antzekoak izan dira. Adur 42. dortsalarekin atera da Yanqingeko ibilbide zorrotzera, baina ezin izan ditu atzoko lasterketako sentsazioak berretsi. Trazaduraren lehen zatian, pistatik irten da, eta, ondorioz, ateetako bat joan egin zaio.

Emaitzak zapore mingotsa utzi dio Etxezarretari, baina olinpiar jokoetako debutean, jaitsiera-proban, 17. postua lortu izanak motibazio handia emango dio hurrengo hitzorduetarako. Europako Kopan eta Munduko Kopan lehiatzen ari da, lehenengo horretan zentratuago badago ere, eta jokoetan egindakoa kalitatezko jauzi hori emateko pizgarria izango da. "Horrela eskiatzen jarraitzen badut, pixkanaka, Munduko Kopan emaitza onak lortzeko helburua hurbilago egongo da", esan du eskiatzaile nafarrak.

Taularen goialdean, ohorezko postuak norvegiarrek, austriarrek eta estatubatuarrek bete dituzte. Alexander Kilde norvegiarrak ez zuen egun ona izan jaitsieran; supererraldoian, berriz, jaitsiera oso ona egin du gaur, lehen partzial ikaragarria eginez. 1:20.36ko denbora markatuta, lehen postuan jarri da hasieratik, Alexis Pinturault frantziarra ere gaindituta (1:21.36). Gero, Romed Baumann alemaniarra (1:21.10) eta Adrian Smiseth Sejersted norvegiarra (1:20.68) izan dira frantziarraren denbora hobetu dutenak.

Hala ere, dena hankaz gora jarri da Matthias Mayer pistara atera denean. Austriako eskiatzaile handiak erakustaldia eman du probaren norabidea aldatzeko, bere kalitate izugarria erakutsita zirkuituaren azken sektorean. Ez da oso ongi hasi, nahiko azeleratuta abiatu eta ezkerreko hankarekin akatsen bat egin baitu, baina ederki konpondu du azken partean, hegan egin baitu denbora bikaina egiteko: 1.19.94.

Austriakoak esperientzia baliatu du alde zuen haizea azken zuzenekoan aprobetxatu eta metal preziatuena eskuratzeko. Mayerrek hiru joko daramatza jarraian urrezko domina bat irabazten: 2014an, Sotxin eskuratu zuen, jaitsiera-proban, eta 2018an gauza bera egin zuen Pyeongchangeko supererraldoian. Atzo, berriz, brontzea lortu zuen jaitsiera-proban. Gaur, Ryan Cochran-Siegle estatubatuarra, Mayerren atzetik bikain aritu dena (1:19.98), eta Aleksander Kilde norvegiarra (1:20.36) izan ditu lagun podiumean. 

Hamazazpigarren, jaitsierako proban

Adur Etxezarreta nafarrak jaitsiera bikaina egin zuen Pekingo Neguko Olinpiar Jokoetako proba nagusian, eta hamazazpigarren tokia lortu zuen.

Lortutako postua Espainiako ordezkari batek modalitate horretan inoiz lortu duen posturik onena izan da; beraz, izugarrizko balentria egin du euskal eskiatzaileak.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena