11:07

Musika

Madrilgo kontzertua

Berri Txarrak, etxetik kanpo ere, eroso

L.Z. | eitb.eus

Berri Txarrak taldeak Denbora da poligrafo bakarra diskoko kantuak aurkeztu zituen ostiralean Madrilgo jarraitzaileen aurrean. Gaztea bertan izan zen.

  • Argazkia: Tom Hagen

    Argazkia: Tom Hagen

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Denborak agintzen du Berri Txarrak taldearen azken disko hirukoitzean, eta erlojupeko proba gainditu behar izan nuen nik ere ostiralean, Bilbotik arratsaldeko lehen orduan atera eta Madrilen 20:30ean egoteko.

Azken egunotan Euskal Herria zigortu duen denboraleari aurre egin, eta jakin-minez zuzendu nintzen ordura arte ezagutzen ez nuen areto dotore hartara. Elurtea ez zen traba izan, 20:45ean, puntu-puntuan, Joy Slava aretoan egoteko.

Hotza zen protagonista Madrilen, baina nafarren astinaldiak zeharo berotu zuen publikoaren ondoeza. Jarraitzaileek segidan sumatu zuten taldekideak indartsu, kementsu eta abesti berriak oholtza gainean defendatzeko irrikaz zeudela.

Denbora da poligrafo bakarra birako gainerako emanaldietan bezala, disko berria oso-osorik aurkezteko asmoz atera ziren agertokira, eta horixe bera egingo zutela iragarri zuen Gorka Urbizuk kontzertua hasi eta gutxira: "Presentaremos el disco enterito".

Beharbada, horrek harritu ninduen gehien; hots, euskaraz hain txukun eta harro mintzatzen den Urbizu jauna gaztelania jatorrean entzuteak. Hain justu, teorian, hori zen mugaz bestaldeko publikoarekin bat egiteko egin beharrekoa. Praktikan, ostera, egoera beste bat zen. Izan ere, zuzenekoaz gozatzera joan ginenok berehala ohartu ginen euskaldunez lepo zegoela aretoa. Oina zapaldu eta aldamenekoak barkamena euskaraz eskatzeak, adibidez, etxean bezala sentiarazi ninduen.

Aretoa ikusita, aitzitik, madrildarren glamourraren lekuko bihurtu nintzen. Dantzalekua bada ere, bistakoa da duela urte batzuk antzokia zela; xarma handiko antzokia, gainera.

Harira itzuliz, eta kontzertuaren mamiari eutsiz, Berri Txarrakek itzalpean utzi zituen Joy Slavatik ordura arte igarotako talde entzutetsuenen ikuskizunak. Jarraitzaileak ase geratu ziren, eta taldekideen aurpegietan ere irribarre zabala irudikatu zen emanaldia bukatutakoan.

Ostiraleko hitzorduan ez zuten hutsik egin, eta hiru diskoak jarraian aurkeztu zituzten arren, tartean ezusteko bat ere eman zuten. Agertoki aurrean bildutakoek aho batez "Oihu" kantua taularatzeko egindako eskariari men eginez, aurretik prestatutako kanten zerrenda eten zuten publikoaren nahia betetzeko.

Geroago heldu ziren taldearen abesti mitikoenak. "Stereo" kantuarekin egin zuten nafar nortasunaren aldeko aldarria. Jarraian, "Bueltatzen" eta "Oreka" iritsi ziren, eta The Foalsen doinuak tartekatu zituzten azken horretan, moldaketa aparta eginez.

Publikoak esker onez hartu zituen aurreko diskoetako kantuak. "Ikasten" abestiarekin, esaterako, bete-betean asmatu zuen taldeak, eta zeresanik ez Bob Marleyren "Redemption song" lanaren moldaketarekin. Jamaikar kantariak egun horretan 70 urte beteko zituela gogoan hartuta, haren azalean jartzera ausartu ziren nafarrak.

Bukatzeko, Madrilen ordura arte eskainitako kontzertu guztiei errepasoa egin ondoren, "Denak ez du balio" abestia hautatu zuten bi orduko emanaldiari amaiera emateko.

Arras aseta, ni neu, bederen, Berri Txarrak berriro Euskal Herritik kanpo ikusteko gogoz geratu nintzen, eskarmentu handia duen talde bat dela erakutsi zutelako etxetik at ere.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Berri Txarrak

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena