Bilbao BBK Live 2022 | EITB Bilbao BBK Live Festival
Bilbao BBK Live
Hirugarren jardunaldia
Natxo Velez | eitb.com
Ohioko bikoteak emanaldi handia egin zuen bart Kobetamendin, azkenaldiko bere kantu ezagunenak taularatuz, inoizko Bilbao BBK Live jendetsuenari azkena emateko.
Musikaren merkatuan ezer ezin da iragarri. Gerta daiteke talde batek inoiz hiri jakin batean 20 pertsonaren aurrean jotzea eta beste egun batean, hiri berean, 40.000 pertsonarentzat egitea. The Black Keysi gertatu zaio hori: 2004an Bilbora etorri zenean, koadrila baten aurrean jo zuen taldeak, Azkena aretoan, eta atzo jendetza ikaragarria bildu zuten Kobetamendiko zelaietan. Emanaldi batetik besterako bidean, hamar urteko aldea eta arrakasta zerrenda oparoa Dan Auerbach eta Patrick Carneyrentzat.
Bilbao BBK Liveko azken jardunaldia sarrera guztiak agortuta abiatu zen, aurreko biak bezala, eta 3. agertokia hartzen duen karpan hasi genuen guk, aurreko jardunaldi bietan ez bezala, zerua eguzkitsu zela. Han, The Rebels madrildarrek rock-and-roll hutseko kontzertua egin zuten denari emanda -gitarra bat ere birrindu zuten, kolpeka-, oso publiko gutxiren aurrean.
Jarraian, agertoki nagusian, Elliott Brood kanadar hirukoaren country eta bluegrassaren doinupean, Ipar Amerikako barne paisaietako, nekazari giroko soroetako, soinu bandarako lehen bisita egin genuen. Ez zen egunean zehar doinu amerikarrak entzuteko gonbit bakarra izan.
Testuingurua erabat aldatuta, atzera egin genuen, etorritako bidetik, karpara itzuli eta Belakoren kontzertua ikusteko. Txiki gelditu zitzaien mungiarrei hirugarren agertokia. Indar biziz hasi zuten emanaldia, soinu paregabeaz hasiera-hasieratik; igartzen da, azkenaldian horrelakoetan horrenbeste jotzearen ondorioz, neurria hartu dietela jaialdiei.
Bizkaitarrek literalki dardarka jarri zuten karpako zorua hiru ordu laurdenez, uneoro agertokian postua elkarrekin aldatuta eta taldekideen artean musika tresnak trukatuz. Saio bikaina eman zuten. Horren ondorioz, planak aldatu behar izan genituen, mungiarren pasioak bertan geldiarazita, eta ez genuen Skaters newyorktarren kontzertua ikusi.
Aurtengo programazioko proposamen musikal batzuen fintasunaren bestaldea Los Enemigos madrildar taldeak jarri zuen, artifiziorik gabeko rock proposamen autentikoa taularatzeko. Ordubete egon ziren oholtzaren gainean, eta, besteak beste, “Desde el jergón” klasikoa eta “Señora” Joan Manuel Serraten kantuaren bertsioa jo zituzten.
Haien atzetik, Band of Horsesek jaialdi osoko kontzertu biribilenetako bat eman zuten. Amerikar doinu klasikoak ekarri zituzten bueltan Kobetamendira, gaur egungo indie rockaren iragazkitik pasatuta. Seattlekoek pausatuta ekin zioten ikuskizunari, gero, Ben Bridwellen ahots berezia ardatz hartuta, goraldiak tartekatzeko. Argi utzi zuten oso une gozoan daudela. Ugaritzen zihoan publikoan ahogozo ederra utzita alde egin zuten, lehenago, noski, “The funeral” eta beste hamaika bitxi eskainita.
Band of Horses garaile atera zen jaialditik, baina The Lumineersen folk indargabeak ez zuen emaitza onik eta jendearen onespen maila handirik lortu Black Keyserako atarikoan. “Ho hey” singleaz haraindi, jendeak ez zien arreta handirik eskaini.
Azkenik, teknikariek ordu erdiz agertokia paratu eta gero, jaialdiko hitzordu nagusia heldu zen: The Black Keys.
Lehen zatian, “Turn Blue” disko berria apur bat alboratu eta “Brothers” eta “El Camino” lan arrakastatsuetako kantuak jo zituzten Auerbachek eta Carneyk, jaialdi batean zeuden jakitun, eta “Dead and gone” eta “Next girl” izan ziren entzun ziren lehen abestiak. Aldean beste bi musikari izan zituen bikoak kontzertu ia osoan, teklatuen eta baxuaren arduran.
Oholtza handiaren alde banatan zabaldutako pantailetako irudietan iragazki batzuk erabiliz eta argi joko ikusgarri baten bidez, ikuskizun bisual ederra eman zuten estatubatuarrek, kantu arrakastatsuen segida amaigabea eskaintzen zuten bitartean: “Gold on the celling” (paregabea, jendearen erantzuna kantu horrekin), “Howlin’ for you”, “Fever” dantzagarria…
Auerbachek eta Carneyk, dena dela, ez zieten, noski, show-ean blues rock erroei muzin egin, "Lonely Boyen egileak ikustera" soilik joan zirenen zoritxarrerako, ahotsari dagokionez ere bikain egon zen Dan Auerbachen gitarra solo lisergikoek erakutsi zuten bezala.
Hit-en erauntsi etengabea burutzeko “Lonely boy”rekin 40.000 lagun dantzan jarri eta gero, agertokia utzi zuten, une batez, eta, kontzertugunean bildakoak agurtzeko, “Little black submarines”en bertsio hunkigarria eta, ohi bezala, “I got mine” garajeko blues rock soinua ireki zien “Attack & release” diskoko kantua etorri ziren.
Kartelburu izaera berretsiz eta jaialdiaren izen nagusia izateko erantzukizuna handi ez zetorkiela argi utziz, The Black Keysek arrakastatsu itxi zuten Bilbao BBK Liveren bederatzigarren edizioa.
Karpan La M.O.D.A.k jendea dantzan jarri zuen bitartean utzi genuen Kobetamendi, Bilbao BBK Liveren hurrengo edizioari, hamargarrenari, begira.
Irratia zuzenean
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa