Politika -
Bilera sorta
Vox, PSOE eta PP hartuko ditu gaur Felipe VI.ak inbestidurarako bilera sortaren baitan
Azken bilera hauen ondoren, Gobernuko presidente izendatzeko hautagaia proposa dezake Espainiako erregeak, inbestidura gaindituko duen hautagai argirik ikusten badu.
EITB Media
Espainiako Gobernuko hurrengo presidentea aukeratzeko inbestiduraren aurretik egin ohi duen bilera sortari amaiera emango dio gaur, asteartea, Felipe VI.a erregeak. Bilera hauetan, Diputatuen Kongresuan hautagaitza duten alderdietako ordezkariak hartzen ditu. Gaur, Santiago Abascal Voxeko presidentea (10:30), Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia (12:00) eta Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea (16:00) hartuko ditu.
Atzo, astelehena, UPN, Coalicion Canaria, EAJ eta Sumarreko ordezkariekin bildu zen estatuburua. Yolanda Diaz Sumarreko liderrak bere alderdiak Pedro Sanchez PSOEren presidentegaia babestuko duela jakinarazi zion. Kongresuko Mahaia eratzeko orduan izandako gehiengoa errepikatzeko aukera ikusten du Diazek, eta, horren aurreikuspenen arabera, "negoziazioak ez dira errazak izango" baina PSOEko liderrak "behar dituen babesak lortuko ditu".
Aitor Esteban jeltzaleen ordezkariak, bere aldetik, EAJk ez duela Feijoo babestuko adierazi omen zion estatuburuari (ez zuen adierazpenik egin). "Ez dugu bozkatuko Vox behar duen edozein konbinazio", esan ei zion, eta Sanchezen inbestidura negoziatzeko prest agertu zen.
Javier Esparzak (UPN), ordea, PPren hautagaiaren alde bozkatuko lukeela esan zion erregeari. UPNk nahiago du hauteskundeak errepikatu "EH Bilduk babestutako Gobernua" osatzea baino.
Azkenik, Cristina Valido Coalicion Canariako ordezkariak Feijoori babesa emango diola jakinarazi zion, baina, aldi berean, Sanchezen alde bozkatzeko prest agertu da, horrek bere eskaerak betetzeko konpromisoa hartzen badu.
EH Bilduk, ERCk, Juntsek eta BNGk uko egin diote monarkarekin biltzeari.
Bi egun hauetan alderdien azalpenak entzun ondoren, Gobernuko presidente izendatzeko hautagaia proposa dezake estatuburuak, inbestidura gaindituko duen hautagai argirik ikusten badu. Feijoo hautagai popularra eta Sanchez sozialista inbestidurara aurkezteko prest agertu dira, baina, oraingoz, bietako batek ere ez du gehiengoa izateko akordio nahikorik lortu.
Lehen errondaren ostean Felipe VI.ak inor ez proposatzea erabakiko balu, beste bilera sorta bat deitu dezake egun batzuk geroago.