'Km0' filosofian oinarritutako gastronomia saioa | Txoriene EITB
Txoriene
Txoriene
Bakioko Zintziri Errota jatetxeko Dogartzi Izagirre ETB1eko 'Txoriene' saioan izango da. Xuban Intxaustirekin batera 10 errezeta prestatuko ditu sukaldari bizkaitarrak.
Dogartzi Izagirre, Zintziri errota jatetxea
Informazio gehiago (1)
Dogartzi Izagirre 'Txoriene'n izango da bere errezetak ETB1eko ikusleei erakusten. Xuban Intxaustirekin batera, egunero bi errezeta prestatutako ditu Bakioko Zintziri Errota jatetxeko sukaldariak. 'Txoriene' astelehenetik ostiralera izaten da ikusgai Euskal Telebistako lehen katean.
Bemeokoa da Dogartzi, eta oinarrizko ikasketak jaioterrian egin ondoren, Euskadiko Goi Mailako Ostalaritza Eskolan aritu zen sukaldaritza ikasten. Ikasketak amaituta, hainbat jatetxetan aritu da lanean, hala nola Artebakarra, Ercilla Hotela, Eneperi jatetxea eta Carlton Hotela. Frantzian ere ibili da. 2003an, ordea, bere jatetxea irekitzea erabaki zuen eta Zintziri Errotaren ateak ireki zituen. Zintziri Errota jatetxe bat baino askoz gehiago da. Izan ere, 1650ean eraikitako errota batean dago, eta garai bateko elementu, erreminta eta lanabesak mantentzen dituzte bertan. Arto irina xehetzeko errota, adibidez, martxan dago oraindik ere.
Dogartzik dionez, sukaldaritzako grina txikitatik datorkio. Haurra zela aitaldeko eta amaldeko aiton-amonen baserrian egonaldiak egiten zituen, eta baserriko produktuekin harreman zuzena izaten zuen. Baratzean ibiltzen zen, oilategian arrautzak jasotzen zituen, txarribodetan parte hartzen zuen, ardiak jaitzi eta gazta egiten zuen... Produktuak nola eraldatzen diren ezagutzeko aukera izan zuen, eta horrek sukaldari izateko sena piztu zion.
Xuban Intxaustik gidatzen duen 'Txoriene' saioan Zintziri Errotako hainbat plater prestatuko ditu Dogartzi Izagirrek. Astelehenean anana eta banilla kakao saltsan eta olagarro errea, patata krema eta txipiroi saldarekin egingo ditu. Asteartean, berriz, txakolin aparduna eta mahats izotza eta berakatz zopa piperrauts bizkotxoarekin sukaldatuko ditu. Asteazkenean gatzatua sagar gelatinarekin eta presa iberikoa, tipula ardo betzetan eta lumagorri saldarekin egiten erakutsiko du. Ostegunean Idiazabal krema gatzatua eta arraia foie saltsarekin prestatuko ditu. Azkenik, ostiralean, txokolatea labean eginda gazta urdinarekin eta legatz kokotxak udaiazpiko gelatina eta pil-pilarekin egingo ditu Dogartzik.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa