Irabazi Arte ETB1: Futbolari izan nahi duen neskatila baten istorioa | EITB Irabazi Arte
#-irabazi_arte-#
Audientziak
EITB Media
Euskarazko fikzioak ume eta gaztetxoen artean erabateko lidergoa lortu du fenomeno transmedia bilakatuta eta jarraipena izango du bigarren denboraldiarekin.
"Irabazi Arte!" telesailaren irudia.
Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)
Gaztetxoei zuzendutako programazio apustuak audientziaren harrera bikaina izan du Euskal Telebistako lehen kanalean. "Go!azen" telesail arrakastatsuaren ondoren, "Irabazi Arte!" euskarazko fikzio berriak tinko eutsi dio audientziaren ikusminari, eta bere aurrekariaren datu onak mantendu ditu ostiralero, denboraldi osoan zehar. ETB1eko ostiral gaueko programazio-tarte hori gaztetxo eta umeei zuzentzen jarraituko du Euskal Telebistak "Irabazi Arte!" amaitu ondoren ere, eta "Mustang Miragarriak" telesail australiarraren estreinaldia eskainiko du ostiral honetan, apirilaren 8an.
Euskal gaztetxoen artean lortutako arrakastari erantzunez, bai "Go!azen" zein "Irabazi Arte!" telesailek jarraipena izango dute denboraldi berriekin. Pausoka ekoiztetxeak sortu ditu bi telesailak EITBrentzat.
Hartara, EITBk bere zerbitzu publiko izaerari erantzunez, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko apustuarekin bat egin du gazteei eta publiko familiarrari zuzendutako euskarazko fikzioaren garapenean. Euskadin erreferente izatea eta publiko berriarentzat erakargarriak diren entretenimendu proiektuak gauzatzea da EITB ikus-entzunezko taldearen helburua. Horrekin batera, sorreratik bere gain hartu duen funtzio soziala betetzea ere funtsezkoa du.
"Irabazi Arte!" audientziaren harrera bikaina
Aurreko ostiraleko "Irabazi Arte!" telesailaren azken atala denboraldiko ikusiena izan zen eta 111.000 ikus-entzulek bat egin zuten emanaldiarekin uneren batean Euskadin eta eragin eremuan. Emanaldiak % 6,6ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 16,2ko kuota eskuratu zituen, eta 4 eta 12 urte bitarteko umeen artean erabateko lidergoa lortu zuen % 51,6ko kuotarekin.
Batez beste, % 5,3ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 12,3ko kuota eskuratu ditu "Irabazi Arte!" telesailaren lehen denboraldiak eta 4 eta 12 urteko umeen artean liderra izan da, batez beste, % 35,6ko kuota lortuz.
Fenomeno transmedia
Gazteen ikus-entzunezko kontsumoaren ohitura berrietara egokitu da "Irabazi Arte!". Izan ere, telesailaren audientzia osatzen dutenak ez dira soilik ikus-entzuleak, edukiaren jarraitzaileak baizik, multiplataforma kontsumitzaileak, alegia. Horren aurrean, plataforma ezberdinetara egokitutako hainbat eduki sortu ditu EITBk, "Irabazi Arte!"ren fikzioaren jarraipen modura.
Ostiraletako telesailaren emanaldiarekin batera, Arene eta Nora protagonistek fikziotik errealitatera salto egin eta "Irabazi Arte!" podcasta eskaini dute astero EITBPodkast plataforman, lehen mailako kirol munduko gonbidatuekin.
Bestalde, "Irabazi Arte!" telesailaren unibertsoan girotuta, euskarazko lehen komiki interaktiboa abian jarri du EITBk. Pantailetan scroll eginez, "Irabazi Arte: iraganeko mamua" narratiba berri honetan barrena murgiltzeko aukera dute erabiltzaileek bizitasun handiko bineta interaktiboen bidez. Komiki digitala app eran dago eskuragai Android eta iOSen play storeetan.
Telesailaren telebistako emanaldiaz gain, YouTube kanalean eta "Go!azen"en appan ere emititu izan da "Irabazi Arte!" eta EITB Nahieranen atal guztiak daude ikusgai. Bestalde, ikus-entzunezkoaren eskaintza digitala borobiltzeko, webean, "Go!azen"en appan eta sare sozialetan (Instagram eta TikTok) telesailaren eduki esklusiboak, aurrerapenak eta jarraitzaileei zuzendutako erronkak eskaini dira.
Ostiraletik aurrera, "Mustangs Miragarriak"
Apirilaren 8tik aurrera, "Mustangs miragarriak" telesail australiarra izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Fikzio honek ere neska gaztetxoen futbol talde bat hartuko du hizpide, euren ametsak egia bihurtzeko zelai barruan zein kanpoan gogor borrokatu beharko dutenak.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa