Irabazi Arte ETB1: Futbolari izan nahi duen neskatila baten istorioa | EITB Irabazi Arte
#-irabazi_arte-#
Fikzioa euskaraz
EITB Media
Ikus-entzunezko proposamen berria nesken futbol talde bat du oinarri nagusi. EITBrentzat oso garrantzitsuak diren gai eta balioak jorratuko ditu, hala nola emakumeak kirolean, elkartasuna eta adiskidetasuna.
galeriak (1)
"Irabazi arte" haur eta gazteentzako fikziozko telesail berria prestatzen ari da EITB. Aski ezaguna den "Go!azen"en arrakastak sustatuta, Pausoka ekoiztetxeak asteak daramatza Donostian eta inguruetan emakumezkoen futbol-talde baten inguruko ikus-entzunezko proposamen berri hau grabatzen. Euskarazko fikzioan EITBrentzat oso garrantzitsuak diren gaiak eta balioak jorratuko dituzte, besteak beste, emakumeak kirolean, elkartasuna eta adiskidetasuna.
Arene (Sua Enparantza) Bartzelonan bizi den nerabea da. Futbolean jokatzea du gustuko neskatoak. Bere ama istripu batean hil ostean, aitak jaioterrira itzultzea erabakiko du. Une horretatik aurrera, bizitza berri batera egokitu beharko du Arenek. Aitonarekin bizitzen ikasi beharko du eta lagun berriak ere egin beharko ditu. Hau guzti hau, amaren galera gainditzen saiatzen den bitartean gainera. Baina, batez ere, Arenek denen aurreiritzien aurka kementsu borrokatu beharko du emakumezkoen futbol talde bat sortu ahal izateko, herrian inoiz izan den lehenbizikoa.
Euskadin erreferente izatea eta publiko berriarentzat erakargarriak diren entretenimendu proiektuak gauzatzea da EITB ikus-entzunezko taldearen helburua. Horrekin batera, sorreratik bere gain hartu duen funtzio soziala betetzea ere funtsezkoa du EITBk.
"Irabazi arte" telesaileko protagonisten bitartez gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko dituzte, hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa; emakumeen ahalduntzea; nerabeen eta gurasoen arteko harremanak; familia eta, oro har, gaur egungo nerabeek dituzten erronkak islatuko dituzte.
'Irabazi arte' telesailaren grabazioaren irudia.
Javier Garcia de Bikuña da zuzendaria, eta Sua Enparantza (Arene), Iker Galartza (Larra) eta Jose Ramon Soroiz (Aitona) izango ditu protagonista nagusi, besteak beste. Telesailean aktore lanetan ibiliko dira, gazteen roletan, Ane Iturrate (Leire), Nahia Sillero (Nora), Ane Garmendia (Itsaso), Ainhoa Azpitarte (Olatz), Joana Garitano (Lili), Aritz Basterra (Jon), Ibai Ugarte (Amets) eta Ander Rovira (Gorka). Bestalde, helduen papelak egingo dituzte Alvaro Garayaldek (Peio), Patricia Urrutiak (Ane), Tessa Andonegik (Idoia) eta Eriz Alberdik (Martxelo).
"Irabazi arte" telesail berriak "Go!azen" fenomenoaren jarraipena izan nahi du. Gazteei zuzendutako telesailak sei denboraldi arrakastatsu aireratu ditu eta zazpigarrena bidean du dagoeneko. Basakabiko nerabeen abenturek telebistako pantailaren esparrua gainditu dute, eta etengabe eboluzionatzen dabilen egitasmo transmedia garrantzitsua bilakatu da. Fikzioaren sortzaileek jarraitzaileekin elkarreragite zuzena bilatzen dute.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa