Goenkale | ETB1 | EITB
Goenkale
ETB1eko telesaila
EITB
1994. urtetik Arraldeko bizilagunen topaleku izan den Boga tabernan bildu dira abentura honetako protagonistetako batzuk. Telesailaren emanaldiak abenduan amaituko dira.
Informazio gehiago (1)
galeriak (1)
'Goenkale' telesailaren ibilbideaz gogoeta egiteko aukera izan dute EiTBren Miramongo platoetan, 21 urtez Arraldeko bizilagunen topaleku izan den Boga tabernan prentsarekin egindako topaketan. 3.707 atalen eta 1.854 emisio orduren ondoren, urte amaieran zikloa amaituko du ETB1eko telesailak. Abentura zirraragarri honetan parte hartu duten zenbait lagunek euren esperientzia partekatzeko aukera izan dute.
Topaketa honetan, 'Goenkale'n protagonista izandako 40 bat aktore elkartu dira: Ainhoa Aierbe, Itziar Ituño, Iñaki eta Xabier Perurena, Tessa Andonegi, Martxelo Rubio, Felix Arkarazo, Jose Kruz Gurrutxaga, Kandido Uranga, Itziar Aizpuru, Jose Ramon Fachado, Iban Garate, Joseba Apaolaza, Mikel Martinez, Karmele Larrinaga, Maite Bastos, Maitena Salinas, Jox Berasategi, Teresa Lopez de Munain, Pedro Otaegi, Abelin Linazasoro, Joseba Usabiaga, Sara Kozar, Maite Arrese, Gorka Igartua, Eriz Alberdi, Itziar Gomez, Gotzon Sanchez, Ugaitz Alegria eta Joseba Olagarai.
ETBren sorreran eta telesaila abian jartzen parte hartu zuten Joxe Mari Otermin eta Iñaki Beobide eta Iñaki Eizmendi Pausokako zuzendaria egon dira bertan. Halaber, Aitor Osa 'Goenkale'ren egungo zuzendariaz gainera, aurretik eginbehar horretan aritutako Joseba Gardeazabal, Jabi Elortegi eta Olatz Beobide; Kimetz Susperregi egungo produktore eragilea eta Itziar Zeberio Pausokako kudeatzailea; Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia, Edu Barinaga ETBko zuzendaria eta Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendaria bildu dira bertan.
Euskal Telebistak eta Pausokak ekoitzitako telesailak nazioarteko produkzio batzuen mailan kokatzea lortu du. Estatu mailan, 21 urte iraun duen telesail bakarra da. 1994ko urriaren 3an bideari ekin zionean, inork gutxik uste zuen halako ibilbidea egingo zuenik. Eguneroko fikziozko telesaila egiteko erronka aise gainditu dute, ezbairik gabe, urte hauetan guztietan Miramongo platoetatik pasatu diren aktore, gidoilari, hizkuntza teknikari, ekoizle, dekoratzaile, kamerari, argiztatzaile, artezle eta bestelako langileek.
Fikzioa sortzeko faktoria erraldoi honek ekarpen izugarria egin dio bai Euskal Telebistari, bai euskal ikus-entzunezko esparruari, baita euskarari berari ere. Eta esperientzia eta jakinduria hori guztia baliagarria izango da hemendik aurrera gauzatuko diren proiektuetarako.
Euskal aktore harrobi emankorra
Euskal aktore harrobi emankorra izan da 'Goenkale' telesaila. Urte hauetan guztietan, 700 aktore baino gehiago aritu dira bertan. Horietako batzuek sona handia lortu dute Euskal Herritik kanpo ere: Iban Garate, Barbara Goenaga, Gorka Otxoa, Miren Ibarguren, Alberto Berzal, Loreto Mauleon, Aitor Luna, Xabier Perurena?
Gizarte, kirol eta kultur arloko pertsona ezagunak ere agertu dira tarteka: Arbelaitz, Arguiñano, Arzak eta Berasategui sukaldariak; Iñigo Lamarca arartekoa; Karmele Jaio idazlea; Andoni Egaña eta Onintza Enbeita bertsolariak; Pello Zabala frantziskotarra; Natalia Zabala 2007an Miss izandakoa; Iñaki Lopez, Ilaski Serrano, Kike Amonarriz, Klaudio Landa, Josu Loroño eta Julio Ibarra telebista aurkezleak, eta Gazteako 'Dida' saioko lantaldea; kirolarien artean, Edurne Pasaban, Juan Martinez de Irujo, Mikel Beroiz, Mikel Goñi, Bittor Alkiza, Iñigo Diaz de Cerio eta Patxi Usobiaga; Jose Luis Astiazaran eta Fernando Lamikiz (Realeko eta Athleticeko presidente ziren bertan agertu ziren garaian); Maikrux eta Maikarmen ETBko pertsonaia ospetsuak, eta abar.
Unean uneko musikari eta taldeei ere zabaldu dizkie ateak 'Goenkale'k: Gari, Mikel Urdangarin, Zea Mays, Lain, Encore, Esne Beltza, Hesian, Ainhoa Cantalapiedra, La Tropa Kung Fu eta Yogurhina Borova artista hurbildu dira Arralderaino.
'Goenkale'ren arrakastaren giltzak
Drama, komedia eta intriga nahasketa izan da telesailaren arrakastaren giltzarrietako bat. Hurbilekoa, apala eta familia guztiarentzat zuzenduta izatea ere bai. Belaunaldi ezberdinetako pertsonaiak izan ditu, nortasun eta erregistro ezberdinekoak, eta ikus-entzule leial eta zintzoak izan ditu horri esker. Ezin ahaztu, gainera, gizartearekin batera, 'Goenkale' bilakatuz joan dela, garaian garaiko arazo, egoera eta gaietara moldatuz.
Hasiera batean, telesaila Euskal Telebistaren Miramongo estudioetan grabatzen zen soilik. Laster, kaleko irudiak sartzen hasi ziren, Orion grabatutakoak lehendabizi eta Tolosan ondoren. Urte hauetan guztietan, zenbait trama Euskal Herritik kanpo ere garatu dituzte: 2001ean Benidormera joan ziren, 2003an bidaia egin zuten Mediterraneoan zehar, 2004an La Manga del Mar Menor aldean izan ziren, eta 2007an, Marbellan.
2007an, hain zuzen ere, ATVk (Telebista Zientzien eta Arteen Akademiak), hamargarren urteurreneko galan, Bizitza Luzeenaren saria eman zion 'Goenkale'ri. Telebistaren historiako fikziozko telesail luzeena eta hamarkada horretan Euskal Telebistako saiorik nabarmenena zela esan zuen ATVk. Halaber, 2003an, Mañe i Flaquer Kazetaritza sariak emandako aipamen berezia lortu zuen Tarragonako Torredembarra herrian, kulturaren esparruan egindako lanagatik. Iaz, Urrezko Hirukia saria jaso zuen telesailak, Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapen Mugimenduaren eskutik.
Telesailaren 10. urteurrenean, Pako Aristi idazleak Ardo ona bezala liburua argitaratu zuen, eta 2013an Goenkale, Markesaren erretratua antzezlana sortu zuten, telesaila abiapuntu hartuta.
Abendura bitartean, 'Goenkale' astelehenero izango da ikusgai ETB1en, 22:25ean. Gainera, Pausoka ekoiztetxea fikzio proiektu berri bat prestatzen ari da datorren denboraldirako.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa