Bost Baietz!
Bigarren denboraldia
A.H.
EITB
ETB1 hasi da lehiaketaren atal berriak eskaintzen, Julian Iantziren eskutik.
Julian Iantzi
Informazio gehiago (1)
'Bost Baietz!' lehiaketa arrakastatsuaren atal berriak eskaintzen hasi da ETB1. Bigarren denboraldi hau indartsu itzuli da Euskal Telebistara eta Julian Iantzi aurkezleak azaldu duen moduan, "herritarrek ondo pasatzea eta diru apur bat banatzea da helburua".
Lehiaketak aurreko denboraldiko dinamika bera du. Parte hartzaileek bost minutu izango dituzte Julianek egingo dizkien galderei erantzuna emateko, bakarrik edo kalean topatuko duten jendearen laguntzarekin. Bost minutuko txanda amaitu ondoren, bi aukera izango dituzte: dirua bikoizteko jokoan jarraitu, edo ordura arte irabazitako diruarekin planto egin. Dirua bikoizteko, Julian Iantzik proba erraz, arin eta entretenigarri bat egitea proposatuko die.
Umorez jositako lehiaketa da 'Bost Baietz!', eta oraindik ere, saioan parte-hartzeko aukera dago bostbaietz@eitb.com helbidera idatziz. Gainera, Julian Iantzi Euskal Herriko herri, jaialdi, azoka eta jai-guneetan izango da atal berriak grabatzen.
Aurkezlearen esanetan, lehiaketan parte hartzeko "azkar ibili beharra dago, azal lodia eta barre egiteko gogoa izan, eta bista eduki. Denetariko parte-hartzaileak ditugu: gazteak, oso gazteak, helduak, baita nagusiagoak diren lehiakideak ere. Denak dira umoretsuak, eta batere beldurrik eta lotsarik ez dute".
Parte-hartzaileek denetariko galderei erantzun beharko diete: kultura, kirolak, geografia, gaurkotasun-albisteak, eta baita Euskal Herriari lotutako gaiak ere. Zenbat eta arinago aritu, orduan eta galdera gehiagori erantzun eta diru gehiago irabazteko aukera izango dute. Galderen zailtasuna handituz joango da jokoak aurrera egin ahala.
Hala ere, denboraldi honetan, "galdera nahiko beldurgarria" izango dutela aurreratu du Julianek, "matematikarekin erlazionatutako galdera. Gailuak, tabletak eta kalkulagailuak erabiltzera ohituta gaudenez, askok ez dakite kalkulu horiek egiten, eta gauza sinpleenak kalkulatzean trabatu egiten gara askotan". Julianek berak aitortu du, ez dakizkiela beti galdera denen erantzunak: "euskal kultura edo kirola oso ondo dominatzen ditudan alorrak dira, hori bai, matematika...".
Probei dagokienez, galderekin irabazi duten dirua bikoiztu ala osorik galdu dezakete lehiakideek. 2-3 minutuko probak izango dira. "Denbora gutxi dirudi, baina gauza asko egiteko denbora emango dute bi hiru minutu horiek, eta osorik eskainiko dira telebistan, denbora errealean", azaldu du Julianek.
Umorea eta gertutasuna dira 'Bost Baietz!' lehiaketaren gakoak, eta Julian Iantzik oso gustura ikusten du bere burua formatu honetan. "Oso ondo pasatzen dut, eta jendearekin etengabeko harreman hori izatea asko gustatzen zait. Lehiaketan daukagun gidoi bakarra, 'galdera' da, eta gainontzekoa lehiakideak ematen duena da. Inprobisazioa da lehiaketaren ardatza eta ni eroso sentitzen naiz horrekin. Normalean, beldurrik eta lotsarik gabeko parte hartzaileak dira. Eurek oso ondo pasatzen dute eta nik ere bai".
Lehiaketaz galdetzen diogunean, argi dauka: "Jendearekin dudan harremana da gehien gustatzen zaidana. Gehienak Julian Iantzi serio bat ikustera ohituta daude, beti zirikatzen dabilen Julian Iantzi zorrotza, 'El Conquistador del Fin del Mundo'n ikusi dezakeguna, eta oraingo honetan azaltzen den Julian oso ezberdina da. Umorea du, ondo pasatzen du jendearekin eta oso eroso ikusten du bere burua. Ni naizen moduan izateko aukera ematen dit lehiaketak, eta nahiz eta askotan neketsua izan, grabaketa jardunaldi luzeak direlako, gustura ibiltzeak balio handia dauka".
'Bost Baietz!' lehiaketaren atal berriak datorren astetik aurrera izango dira ikusgai ETB1en. Julian Iantzik egunero ikus-entzuleekin izango duen hitzordu honetan umorea eta lotsagabekeria ez dira faltako.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa