Baserria saioko lehiakideak: 12 baserritar eta 12 kaletar | Baserria EITB
"Baserritar tradizional bat nolakoa den erakustera joango nintzateke. Bati baino gehiagori gustatuko litzaidake teknologia berririk gabe lanean ikustea"
Baserria Orendainen du Jexux Mari Ormaetxea Urkik, baina bera Alegian bizi da, emaztearekin eta bi seme-alabekin batera. Hori bai, jan eta lo bakarrik egiten du han. Egunero, lanetik irten eta bazkaldu ondoren, gurasoen baserrira doa anaiarekin batera, baserriko lanak egitera. Ilundu arte egoten da han, oso gustuko baititu baserriko lanak. Ez da handik bizi, kapritxoa omen da, eta eginbeharreko zerbait dela ere sentitzen du. Gurasoak baserritik bizi izan ziren eta orain, baserria mantentzea bere ardura dela uste du. 10 urteko semeak ere asko laguntzen dio.
Baserrian, eskulana gustatzen zaio gehien. Nahiago du eskuekin aritu traktorea erabili baino. Baserritar tradizionala da bera, eta kalean ez da eroso sentitzen. Txikitan, 7 urtetik 14ra bitartean, Nafarroan bizi izan zen izeba-osaba batzurekin, osasun arazoak zirela eta, bertako giroak mesede egiten baitzion. Eta han ikasi zuen baserritar tradizionalaren bizitza nolakoa zen.
Urkik izaera ona du eta lagun artean "katxondeoan" egotea gustatzen zaio, baina jenio bizia duela aitortzen du: "azkar pizten naiz eta azkar itzuli ere. Momentuko beroaldiak izaten ditut". Eztabaida batean ez da isilik geldituko, eta oso lehiakorra da. Burua ondo prestatu du lehiarako, estrategiak egin eta irabaztea du helburu.
Jexux Mari Ormaetxea ''Urki'', Alegian bizi den baserritar peto-petoa
Jexux Mari Ormaetxeak 46 urte ditu eta Alegian bizi den arren, baserria Orendainen du. Baserritik bizitzea zaila denez, Chillida Lekuko belazeak zaintzen egiten du lan. Bikote bezala Donostiako "ñoño"ren bat ez badu, konforme. Bengoetxearren taldean egongo da, eta Lucia donostiarra izango du bikote.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa