Asko maite zaitut Zuhaitz Gurrutxagak ETB1en aurkezten duen saioa | EITB Asko maite zaitut
Asko maite zaitut
Omenaldia
A.A. | EiTB
Oñatiko plazan elkartu ditu "Asko Maite Zaitut" saioak Markelen familia, lankideak eta lagun pila bat. Oso hunkituta entzun ditu han esandako guztiak, une askotan malkoei eutsi ezinda.
Bideoak (4)
Informazio gehiago (1)
Markel Irizar Oñatiko txirrindularia izan du protagonista "Asko Maite Zaitut" ETB1eko saioak. Oñatiko plazan bere familia, koadrila, lagun txirrindulariak, Aspanogi elkarteko lagunak eta herritar ugari bildu dira Markeli asko maite dutela eta pertsona zoragarria dela esateko. Harrituta gelditu da hasieran, gainera zetorkiona sinistu ezinda, eta ondoren asko hunkitu da, batik bat bere hiru semeak ikusi dituenean.
Markelen emazteak eta amak, Alaitzek eta Maria Eugeniak, bultzatu dute saio berezi hau. Biek ala biek Markel nolako pertsona berezia den azpimarratu diote Zuhaitz Gurrutxagari. Ez du bizitza erraza izan oñatiarrak. Lehendabizi, 18 urte zituenean, aitak bere buruaz beste egin zuen; eta oso une gogorrak bizi behar izan zituen gertatutakoa barneratu arte. Gaur egun, aitak egindakoa, maitasun keinu handi bat izan zela uste dute bai Markelek eta bai haren amak ere. Handik lau urtera, oraindik txirrindulari afizionatua zela, barrabiletako minbizia diagnostikatu zioten eta oso tratamentu gogorra jasan behar izan zuen. Egoera txarrak bizi arren, oso pertsona baikorra eta alaia dela Markel jakinarazi dute, etengabe besteak animatzen jarduten dutenetakoa, baita animo horiek berak behar dituenean ere. Horregatik, omenaldi hau oso merezitakoa dela uste dute Alaitzek eta Maria Eugeniak, eta baita amama Bixentak eta osaba Txusek ere.
Hain zuzen ere, Markel Irizarren dohaietako bat animoz baxu dagoenari indarra ematea dela diote Haimar eta Joseba Zubeldia eta Amets Txurruka txirrindulariek. Olarra, Euskaltel edota RadioShack taldeetan lankide izan dute eta oso ondo ezagutzen dute. Horrez gainera, Aspanogi elkartearekin (minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkartea) askotan aritzen dira elkarlanean guztiak. Daukan energia horren ondorrioz, bizipoz ezizena jarri zioten taldekideek, eta Bizipoz da bere taberna ere.
Beste ezizen bat ere badauka txirrindularien artean Markel Irizarrek: Radio Basque. Lance Armstrong handiak jarri zion, isildu ere egiten ez zelako. Armstrongekin oso harreman berezia dauka gainera. Amerikarrak minbizia izan zuenean, 17 urteko Markel gaztetxoak eskutitz bat bidali omen zion animoak ematen. Ondoren, Markel gaixotu zenean, Lancek idatzi omen zion Markeli. Urte batzuk geroago, berriz, RadioShacken berarekin aritzeko kontratatu zuen.
Besteei animoak emateko daukan gaitasun hori minbizia dutenei laguntzeko erabiltzen du gaur egun Markel Irizarrek eta Aspanogi elkartearen laguntzaile finkoetako bat da. Ospitalean dauden haurrei bisita egiten edota elkartasun ekitaldiak antolatzen laguntzen die, beste txirrindulari batzuekin batera. Adibdez, urtean behin, Mobi Bike eguna egiten dute Zarautzen. Hori dela eta, Aspanogiko lagunek ez dute hutsik egin Oñatin egindako omenaldian, ezta elkartean leku berezia daukan Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoak ere. Berari egin zioten omenaldian Porrotx mutu gelditu zen, baina hitzak berreskuratu ditu Markeli "bizipoz" horregatik eskerrak emateko.
Baikorra, alaia, animosoa, bizipoza... hitz horiek guztiak entzun behar izan ditu omenaldian Markel Irizarrek. Baina ez horiek bakarrik; baita "bakarra eta errepikaezina", "borrokalaria" edo, Jon Izagirre txirrindularak Suitzatik esan dion bezala, "eredu bat" omen da. Horiek guztiek entzunda, asko hunkitu da Markel, baina ez da isilik gelditu, eta berak ere hitz batzuk egin ditu han bildutako guztiei eskerrak emateko: omenaldi hau "betiko barruan eramango duen gauza" bat dela aitortu du.
Markel Irizar protagonista izan duen "Asko Maite Zaitut" EiTB Nahieran dago ikusgai.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa