telebista
Estreinaldia, bihar 22:30ean
Erredakzioa
Por quién no doblan las campanas ekoizpena goizean aurkeztuko da EITBko Multibox aretoan, Idoia Mendia, Jaurlaritzako Justizia sailburuaren eta Alberto Surio, EITBko zuzendariaren parte hartzearekin.
Por quién no doblan las campanas dokumentala estreinatuko du Euskal Telebistaren bigarren kateak asteazken gauean. Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimen senideek emandako testigantzak biltzen ditu ikus-entzunezko ekoizpen honek.
Maite Ibañezek zuzendu duen dokumentala goizean aurkeztu da EITBren Multibox aretoan. Dokumentalaren zati bat erakusteaz gain, Idoia Mendia, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak; eta Alberto Surio, EITBko zuzendari nagusiak hitz egin dute, baita biktima baten familiarteko batek eta Eusko Legebiltzarreko biktimen ponentziako kide batek ere.
Por quién no doblan las campanas dokumentalak 1960 eta 1978 urte bitartean Euskal Herrian izandako polizia gehiegikeriako kasu batzuk biltzen ditu. Ideologia politikoak eta liskarrak ahaztu, eta protagonisten bizipenak baino ez ditu azalduko.
Berrogeita hamar urtetik gora isilpean gordetako istorioak dira guztiak: aita, senarra edo laguna hil zuteneko gertakizuna, alabari sendaezinezko lesioak sortu zizkion ekintza... Jazoera horiek bidegabeak, erratuak edo gehiegikeriazkoak izan zirela ez du inongo erakundek onartu. Estatuko segurtasun indarretako kideek eragindako erasoak izan ziren, eta biktimek ez dute uste justizia egingo denik.
Egiazko bederatzi istorio
Javier Batarrita, Segundo Urteaga, Antxon Fernandez, Koldo Arriola, Anjel Otaegi, Jon Paredes 'Txiki', Alberto Soliño, Antxone Telleria eta Francisco Javier Fernandezi gertatutakoak biltzen ditu Por quién no doblan las campanas dokumentalak. Egiazko istorioak dira denak, giza eskubideen urraketa erakusten dutenak.
Javier Batarrita komertziala Boluetan hil zuten Poliziak eta Guardia Zibilak tiroz josita, Julen Madariaga ETAko kidea zelakoan. Segundo Urteaga guardia zibilak hil zuen, tiroz hura ere, goizaldean, herriko kanpaiak jotzetik zetorrela. ETAko kideei ezkutuko mezuren bat bidali ziela uste izan zuten. Haien semeekin, Javier eta Enriquerekin, mintzatuko dira.
Conchi Fernandezek ere aita galdu zuen. Manifestazio ekologista baten aurkako errepresioan ziharduen polizia baten balak hil zuen Antxon Fernandez bere etxeko balkoian.
Koldo Arriolaren kasua ere emango da ezagutzera, Jose Luis Basterretxea, Estanis Sarasketa eta Imanol Orumezagaren ahotik. Kurtso amaierako afaritik bueltan, lagun batzuekin batera Ondarroako Guardia Zibilaren kuartel aurretik igaro zenean, agente batek bularrera egin zion tiro, eta bertan hil zen. Zergatia ez da inoiz jakin.
Fusilatuak izan ziren ETAko bi kideren historia haien senitartekoen ahotik entzungo da. Anjel Otaegi Burgosen exekutatu zuten inolako bermerik gabeko gerra kontseilua jasan ostean. Jon Paredes Txiki-k ere ez zuen defentsarako aukerarik izan, eta Bartzelonatik gertu fusilatu zuten. Mercedes Otaegi eta Mertxe Urtuzagak (Otaegiren izebak eta lehengusinak), eta Mikel eta Perdi Txiki-ren anaiek hartuko dute parte.
Alberto Soliñoren alarguna da Maribel Gonzalez. Eibarren musika emanaldi batean parte hartu ostean, kaleko arropekin jantzitako guardia zibil baten eta haren lagun baten arteko liskarrean bitartekotza egiten ari zela, guardia zibilak jaurtitako tiroak hil zuen.
Antxone Telleriak amnistiaren aldeko itxialdi batean parte hartu zuen 1977an. Polizia baten eraso bortitzaren eraginez, ezkerreko begian lesioak ditu.
Amaitzeko, Carmen de Laparte eta Ines Nuñezekin mintzatuko dira. Francisco Javier Fernandezen alarguna eta alaba dira, hurrenez hurren. Manifestazio baten ondotik igarotzean, istiluen kontra ari zen polizia batek jipoitu zuen. Gertaera salatu ostean, torturatu egin zuten.
Por quién no doblan las campanas, K-2000 ekoiztetxeak egin du Euskal Telebistarentzat.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa