telebista
Udazkeneko programazioa
EITB Media
Unai Iparragirrek 2022-2023 denboraldirako ETB1 eta ETB2 kanaletarako prestatutako programazioaren ildo nagusiak aurkeztu ditu, protagonistetako batzuk alboan dituela Gasteizen antolatutako FesTVal jaialdian.
ETBko programazioaren aurkezpena Gasteizen
Kike Amonarriz, Antton Telleria eta Ilaski Serrano, "Mihiluze"
Lur Errekondo eta Iñigo Vicens, "Naufragoak"
ETBko aurkezleak
''Go!azen'' telesaileko aktoreak
Joseba Urkiola, EITB Mediako kiroletako zuzendaria
Klara Mendizabal eta Lide Hernando, "Sos kantak"
Klaudio Landa, "Jateko Modukoa"
Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria
Javi Sierra, Ander González eta Joseba Arguiñano
Bideoak (1)
Batzen gaituzten emozioak / Compartimos lo que somos lelopean, Euskal Telebistak ostegun honetan, irailaren 8an, aurkeztu du 2022-2023 denboraldirako ETB1 eta ETB2 kanaletarako prestatu duen programazioa. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak gidatu du ekitaldia. "Elkarbanatu nahi ditugun emozioen bilgune izan nahi dugu. Denetariko emozioak eta denontzat", azaldu du.
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egin den prentsaurrekoan, Unai Iparragirrek Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria, Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendaria eta programazioko protagonistetako batzuk izan ditu alboan: Ilaski Serrano eta Antton Telleria ("Mihiluze"); Iñigo Vicens eta Lur Errekondo ("Naufragoak"); Klaudio Landa ("Jateko Modukoa"); Kimetz Etxabe, Lorea Intxausti, Julen Castillo, Eleder Iglesias, Mikele Arizkorreta eta Iñaki Mujika ("Go!azen"); Klara Mendizabal eta Lide Hernando ("SOS Kantak Arriskuan"); Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia ("Biba Zuek!"); Urko Aristi ("Hitzokei"); Joseba Arguiñano ("Joseba Arguiñano Sukalerrian" eta "Historias a Bocados"); "Piztu Telebista" saioko bikote eta familiak; Zigor Iturrieta ("Txoriene"); Eider Perez ("Hitzetik Hortzera"); Winter Serieseko zestalariak; Felix Linares ("La Noche de…"); Javi Sierra ("Trío de Ases"); Iban Garate eta Juanan Tejero ("Necesito Ayuda"); Mikel Santiago ("Los 7 Pecados Capitales"); Afrika Bibang eta Dann Hoyos ("Esto Es Una Noche de Rock & Roll); Nerea Alias eta Egoitz Txurruka ("Esto No Es Normal"); Ane Ibarzabal ("Nos Echamos a la Calle"); Ander Gonzalez ("A Bocados") eta Arnaitz Fernandez ("Eguraldia").
ETB1i dagokionez, udazkeneko programazioak iaz abian jarritako estrategiari eutsiko dio: besteak beste, gazteak eta ikuslego familiarra erakarri, gure kultura eta gure hizkuntza ardatz dituzten edukiak eskaini, eta, nola ez, informazioari eta kirolei –nagusiki euskal kirolei– arreta berezia eskaini. "Baina, batez ere, denboraldi berri honetan, albistegiak, kultura eta entretenimendua bultzatzeko ahalegin berezi bat egingo dugu", adierazi du Unai Iparragirrek.
Unai Iparragirre, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egindako aurkezpenean
"Oso pozik gaude urratutako bideaz", esan du. "ETB1ek lehenengo sei hilabetean % 5,4ko audientzia zatia izan du euskaldunen artean –azken 14 urteetako audientziarik altuena–, eta bide horretan jarraitu nahi dugu", gaineratu du.
ETB2n, berriz, iraila eta abendua bitartean, ikusleak harrituko dituzten hainbat programa estreinatuko direla azaldu du. "Horrez gainera, zerbitzu publikoa eta eduki berritzaileak eskaintzea da helburua, informazioa ahaztu gabe".
"Mihiluze"ren itzulera eta "Naufragoak" abentura realitya, ETB1en
Euskara eta umorea ardatz dituen "Mihiluze" lehiaketa bueltan da, Ilaski Serranoren eta Antton Telleriaren gidaritzapean. Euskaldunontzat erreferente izan zen saioak zortzi denboraldi egin zituen emisioan, eta guztira, 1.100 ataletik gora. Orain, hamarkada bat beranduago, ETB1eko programaziora itzuliko da, eraberrituta baina orduko arima berarekin.
Halaber, "Naufragoak" realitya estreinatuko du ETB1ek, "El Conquistador del Caribe" saio arrakastatsuaren sortzaileen eskutik. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko duten saioak Karibe itsasoan galdu ondoren bizirauteko erronka gogorrei aurre egin beharko dieten lehiakideen gorabeherak ekarriko dizkigu.
Beste bi saio berri izango ditugu udazken honetan ETB1en. Batetik, "SOS Kantak Arriskuan" herriz herri ibiliko da, belaunaldiz belaunaldi transmititu baina erregistratu gabe dauden kanta herrikoiak salbatzen. Klara Mendizabal sopranoa, Lide Hernando abeslari eta musika ekoizlea, eta Iker Lauroba musikaria arituko dira lan horretan. Bestalde, Urko Aristik "Hitzokei" gogoetarako eta solasaldirako tartea irekiko du egunero, ordubetez, bazkalostean. Kultura, jakintza eta euskara izango ditu ardatz, gure hizkuntzaren gaineko albisteei tarte berezia eskainiz.
Irailaren 24tik abenduaren 18ra jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari arreta berezia eskainiko diote "Biba Zuek!" eta "Hitzetik Hortzera" saioek, eta hainbat nobedaderekin itzuliko dira "Piztu Telebista" eta Klaudio Landaren "Jateko Modukoa" saioak.
Lau saio berri, ETB2n
"Necesito Ayuda" saioa estreinatuko du ETB2k udazken honetan. Dokuserie honen helburua prozesu psikologikoak edo erronka emozionalak (antsietatea, hipokondria, mendekotasun emozionala, mugikorrekiko mendekotasuna, elikadura-nahasmenduak) gainditzeko bidean dabiltzan bederatzi euskal gazteri laguntzea da, oso ohikoa baina ikusezina den errealitate baten erretratua eskainiz. Gazte taldeak kamera txikiekin dokumentatuko du bere eguneroko bizitza eta talde-terapiako saio batean nola biltzen diren ikusiko dugu. Iban Garatek aurkeztuko du saioa eta Juanan Tejero psikologo ezagunak gidatuko du laguntza taldea.
Mikel Santiago nobela beltzeko idazle entzutetsuaren eskutik, "Los 7 Pecados Capitales" saioa izango dugu ikusgai. Azken hamarkadetan euskal gizartea astindu duten krimenak aztertuko ditu, psikologia forentseko adituen laguntzaz eta kasu bakoitza zazpi bekatu nagusietako batekin identifikatuz.
"Esto Es Una Noche de Rock & Roll" saioak adineko pertsonak hartuko ditu protagonista, musika maite duten 60 urtetik gorako emakume zein gizonak, rock talde bat sortu eta oholtzara igotzea amesten dutenak. Hiru irakasle gazteren laguntza izango dute: Dann Hoyos gitarra jotzailea eta Afrika Bibang eta Leire Martinez (La Oreja de Van Gogh) abeslariak.
Javi Sierraren eskutik saio gastronomiko berri bat izango dugu udazken honetan, "Trío de Ases". Pandemiaren osteko zailtasunak gainditu nahi dituzten jatetxeei aholkularitza eta laguntza eskaintzea izango du helburu. Parte-hartzaileek 3.000 euroko saria irabazteko aukera izango dute, hobekuntzak egin eta negozioa aurrera ateratzeko.
Javi Sierra, Ander Gonzalez eta Egoitz Txurruka
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa