telebista
Saria
EiTB
Ikus-entzunezko euskal komunikabideetan aitzindari izan zen kazetariaren ibilbidea nabarmendu dute Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak.
EiTBn urte luzez lanean aritu zen Joxe Mari Iriondo kazetariak Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak antolatzen dituzten Euskal Kazetaritza sarietako bat jaso du gaur (azaroak 7). Sariok, BBKren, Euskaltelen eta Bilboko Udalaren babesarekin, eta LOGI Expressen laguntzarekin antolatzen dituzte kazetari elkarteok.
Joxe Mari ezin izan da joan ekitaldira, eta bere semeak, Joseba Iriondok, jaso du golardoa.
Ikus-entzunezko euskal komunikabideetan aitzindari izandako kazetariaren ibilbide profesionala nabarmendu dute Euskal Kazetaritza sarien aurtengo edizioan. 42 urte egin zituen azpeitiarrak euskal kazetarigintzan: 1961ean Loiolako Herri Irratian hasi zen eta 2003an, Euskal Irrati Telebistako langile zela, hartu zuen erretiroa.
Iriondoren aurretik, beste bost kazetariren ibilbidea saritu dute Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak: Maria Jesus Gandariasbeitia, 2015ean; Maria Josefa Marzo, 2016an, eta Mariano Ferrer eta Iñaki Rikarte, 2017an.
Loiolako Herri Irratian piztu zitzaion kazetari grina Joxe Mari Iriondori (Azpeitia, 1938). 22 urtez aritu zen bertan lanean eta denetarik egitea tokatu zitzaion: administrari, gidoigile, esatari… 1975ean, 'Euskalerria' izeneko euskarazko telebista saioa egin zuen TVEko Telenorten.
1983an hasi zuen bere ibilbidea EiTBn. Asteburuetako erredaktore-buru izan zen 1985eko abuztura arte. 1985eko irailean ETBko zuzendari eta programazio-buru izendatu zuten. 1989tik 1998ra bitartean EiTBko irratien koordinatzaile eta Radio Euskadiko zuzendari izan zen.
1998tik 2003ra arte Donostiako Miramongo egoitzan aritu zen, telebistan. 'Aire Aire' magazina aurkeztu zuen Ainhoa Goikoetxearekin, eta ondoren 'Berriketa Gutxi' eta 'Esanak Esan' elkarrizketa saioak.
2018ko Euskal Kazetaritza sarietako gainerako saridunak hauek dira: Cesar Coca eta Carmen Sarmiento kazetariak, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza, eta Doce Miradas bloga.
Sarituak, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat komunikabideetako ordezkariek osatutako epaimahai batek aukeratu ditu.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa