telebista
Txirrindularitza
Aurten bereizmen handian (HD) ikusi ahalko da Itzulia lehen aldiz Euskaltelen plataforman, proban jarri baitute zerbitzu hori. Taldeko gainerako hedabideek ere emango dute lasterketaren berri.
Informazio gehiago (1)
EiTBko hedabideek jarraipen zabala egingo diote gaur hasiko den Euskal Herriko 54. Itzuliari. Etapa bakoitzeko azken kilometroen zuzeneko emankizuna egingo dute Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik, eta albistegi zerbitzuetan lasterketaren informazio zabala eskainiko dute. eitb.com-en ere zuzenean jarraitu ahal izango da eguneko etapa, eta, gainera, probaren inguruko albiste eta irudi guztiak egongo dira.
829 kilometro izango ditu astelehenean (apirilak 7) Ordizian hasi eta larunbatean (apirilak 12) Markinan amaituko den lasterketak. 3. etapa izango da aurtengo luzeena, ia 200 kilometrokoa, goizean Urdazubitik abiatu eta helmuga Gasteizen izango duena. Itzuliko egun handia, berriz, osteguneko etapa izango da, laugarrena. Gasteizen hasi eta Arrateko gainean amaituko da. Ostiralean Markinara iritsiko da, eta han jokatuko da larunbatean azken etapa. Erlojuaren kontrako 25 kilometroko jardunaldi erabakigarria izango da.
Euskal Telebista
ETB1ek eta gaurtik aurrera proban egongo den ETB HD kateak arratsaldero egingo dute bat lasterketarekin zuzen-zuzenean, 15:00etan. Bereizmen handiko emanaldia kable bidez bakarrik eskainiko da, oraingoz Euskaltelen plataforma digitalean soilik, nahiz eta EiTBk seinalea eskaini dien kable bidezko beste operadore batzuei ere.
Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga helmugan izango dira, eta Alfonso Arroiok motorretik jarraitu du Itzulia.
Zuzeneko emankizuna ikusterik ez dutenentzat, ETBK Sat kateak berriro eskainiko du 19:30ean. Bestalde, eguerdiko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan zuzeneko konexioak egingo dituzte lasterketaren inguruko azken ordukoak jasotzeko, eta gaueko saioetan etaparen laburpena eta elkarrizketak eskainiko dituzte.
Euskadi Irratia
Euskadi Irratiak saio berezia egingo du egunero 16:00etatik 18:00etara. Joxe Mari Apaolazak, Arritxu Iribarrek eta Kepa Iribarrek egingo dute lasterketaren kontaketa, Txomin Perurena eta Xabier Artetxe adituen laguntzaz. Astelehenetik ostiralera, konexioak egingo dituzte 'Faktoria' saioan, 12:05ean, 'Goizak Gaur' albistegiaren hasieran eta 'Kirol Legez' saioan, 14:10 inguruan. Larunbatean, 'Amarauna' eta 'Hiru Erregeen Mahaia' saioetan izango dira bat-egite horiek. Halaber, iluntzeko albistegian, etapak eman duena aztertuko dute.
Radio Euskadi
Radio Euskadik ere adi-adi jarraituko du Euskal Herriko Itzulia. Saio berezia egingo dute arratsaldero, 16:00etatik 17:30era, zuzeneko konexioak izango dira orduz orduko albistegietan, eta etapa hasieraren kontaketa, 'Kilometro Cero' saioan. Motoa eta unitate ibiltaria izango dute lasterketa jarraitzen. Alberto Negro buru duen esatari taldea Dani Egañak, Cesar Perez Gazolazek eta Joseba Belokik osatuko dute.
eitb.com
eitb.com-en zuzenean jarraitu ahal izango da lasterketa. Gainera, txirrindularitzari eta Euskal Herriko Itzuliari propio eskainitako webgune berezia ere badago. Bertan, besteak beste, albisteak, argazkiak, bideoak, orain arteko Itzulietako etapa guztien ibilbideak eta sailkapenak, txirrindulariei buruzko informazioa eta inkestak daude ikusgai.
Txirrindularitza profesionalari buruzko munduko datu-baserik onena ere eitb.com-en dago. Erabiltzaileek esku-eskura dituzte txirrindulari, talde, itzuli eta klasikoen inguruko datu guztiak. Datu-base hau Xabier Usabiaga txirrindulari ohi eta kazetariak kudeatzen du. Datuak modu erraz eta eraginkorrean berehala jasotzeko aukera ematen du.
Horretaz gain, gogoratu Euskal Herriko Itzuliaren etapa guztiak EITB Nahieran atarian izango direla ikusgai.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa