Elkartasun maratoiak 2000 – 2020 | EITB maratoia

EiTB MARATOIA

eitb maratoia - haur minbizia

Aurreko maratoiak, 2019tik

EITBren elkartasun maratoiak

EITB Maratoiak 20 urte baino gehiago daramatza euskal gizarteari gehien eragiten dioten gaitzak landu eta hauen ikerkuntza bultzatuz.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

2000 urtean abian jarri zenetik, minbizia (haurrena, biriketakoa eta bularrekoa, besteak beste), iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, alzheimerra, autismoa, adimen urritasuna, buruko gaitzak, hartutako kalte zerebrala, transplanteak, gaixotasun arraroak, koronabirusa eta esklerosi anizkoitza izan ditu ardatz EITB Maratoiak, besteak beste.

2023. URTEA: MINBIZIA – 1.228.290 EURO

EITBren hogeita laugarren maratoi solidarioak errekor historikoa hautsi du diru-bilketan, parte-hartzean eta elkartasunean: 1.228.290 euro lortu ditu minbiziaren ikerketarako (2024ko urtarrilean eguneratutako datua). Ezin dugu ahaztu, gainera, gizartearen elkartasunari esker, aurreko edizio guztiak batuta, 8,56 milioi euro bideratu direla 127 ikerketa-proiektutara.

Urtero bezala, EITB Maratoiak herritar guztien parte-hartze zuzena bilatu du, funtsezko bi ildoren bidez: batetik, gaixotasunaren ikerketara bideratutako dirua biltzea; eta, bestetik, informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egitea. ETSren "Aukera berriak" kanta oinarri hartuta, Minbiziaren aurka aukera berriak lelopean egindako kanpaina orain arteko masiboena izan da, eta hainbat irudi ikusgarri utzi dizkigu ekitaldi jendetsuetan. Asko eta asko izan dira jasotako bideoak ere, horietako hainbat elkartasun eguna igarota ere. Ekarpenen artean, bereziak, zalantzarik gabe, minbiziaren aurkako Euskadiko elkarteenak, kanpaina osoan buru-belarri murgildu baitira. Azpimarragarria, berebat, Xabier Salillas atletak egindako etenik gabeko 16 orduko lasterketa solidarioa, maratoiaren egun handian, abenduaren 14an. 

2022. URTEA: ESKLEROSI ANIZKOITZA – 994.739 EURO

2022ko EITB Maratoian lortutako diru-bilketari esker, 994.739 euro, esklerosi anizkoitzaren inguruko zortzi ikerketa-proiektu finantzatu ahal izan dira prebentziorako, esklerosi anizkoitza ahalik eta arinen antzemateko, diagnostikoa hobetzeko eta tratamendu berriak garatzeko. Proiektuetatik hiruk mielina dute ardatz, eta laugarrenean mikroglia aztertzeko modu berritzailea erabiliko dute. Bosgarren proiektuaren ardatza zelula dendritikoen zeregina da, eta beste batek, berriz, nekearen arazoari heltzen dio. Gainera, pazienteen azterketa kliniko baten bidez, erreserba kognitiboaren zeregina ikertzen ari da; eta, azkenik, EA duten euskal biztanleen ezaugarrien ezagutza eguneratzea eta biztanle horien ezaugarri soziodemografikoen ezagutza hobetzea da zortzigarren proiektuaren helburua.

Geldiezinak gara lelopean eta Gatiburen "Euritan dantzan" abestiaren doinuekin, #BustitzenNaiz komunikazio kanpaina egin zuen EITBk, eta askotariko bideoak jaso zituen: partikularrenak, familienak, enpresenak, langileenak, elkarteenak, erakundeenak… 

2021. URTEA: ALZHEIMERRA – 1.104.477,46 EURO

Alzheimer gaitza izan zen 2021eko EITB Maratoiaren kausa, eta deialdira bideratutako zenbatekoa 1.104.477,46 eurokoa izan zen. Bultzada horri esker, zortzi ikerketa-lan finantzatu dira, alzheimerraren hainbat alderdi jorratzen dituztenak: hala nola gaixotasunaren biomarkatzaile berriak identifikatzea, tratamendu berriak bilatzea edo horien jatorria ikertzea, adibidez. Down sindromean alzheimerra ikertzeko ekimen bat ere badago eta baita funtzio bisuala aztertzen duen lan bat ere, gaixotasunak fase goiztiarretan aurrera egingo duela iragartzeko. Halaber, Tau proteinaren hedapenaren kontrol inhibitzailea frogatzeko ikerketa-proiektu bat dago, eta gaixotasunaren eragin sozial, kliniko eta ekonomikoa eragina  izan dezaketen diagnostiko zehatzak garatzera bideratutako azterlanei ere ekin zitzaien.

Euskal gizarteak elkartasuna adierazi zuen beste behin ere eta bat egin zuen hogeita bigarren maratoi solidarioaren kanpainarekin. Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da lelopean, oroitzapenei lotutako komunikazio kanpaina bat egin zen. ZETAK taldearen "Zeinen ederra izango den" abestiaren soinu bandak lagunduta, EITB Maratoiaren webgunean 850 ekarpen baino gehiago partekatu ziren, oroitzapenak zein bertsioak. 

2020. URTEA: COVID-19 – 808.987 EURO

Pandemia hasi zen urtean, 2020an, COVID-19a izan zen EITB Maratoiaren jomuga, eta 808.987 euro batu zituen. Herritarren laguntza horri esker, ekimen solidarioak 11 ikerketa-proiektu finantzatu zituen, hainbat ikerketa-lerrotan oinarritutakoak: diagnostikoa, tratamendua, prebentzioa, gaixotasunaren iraunkortasuna, epidemiologia, birusaren biologiaren eta portaeraren azterketa, gaixotasunaren adierazpen klinikoa eta immunitatea.

Urte horretan, EITB Maratoiak bertsoak konposatu eta kantatzera animatu zuen gizartea; lehenengo estrofa sei bertsolarik konposatu zuten, eta horri beste 1600 bertso batu zitzaizkion. Bestalde, ohi legez, ehunka lagunek "Ez negar egin, gu elkarrekin" kantuaren bertsioa konpartitu zuten EITB Maratoiarekin bat egiteko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena