George L. Steer

Hegoafrikar kazetaria (1909-1945), 1936ko gerraren lekukoa izan zen Euskadin. Bere aita Hegoafrikako “Daily Dispatch” egunkariaren jabea zen. Oxforden ikasi zuen eta Lurmutur Hiriko “Argus” egunkarian lan egin zuen. Ondoren, “Yorkshire Post” eta Londresko “The Times” egunkarietan lan egin zuen, eta azken horrek Abisiniara bidali zuen 1933an, korrespontsal bezala. 1936an, italiarrek handik kanporatu zuten, Addis-Abeban sartu zirenean. Orduan joan zen Bilbora, eta bertan geratu zen hiria erori zen arte.

1937ko apirilaren 26an, Steer Arbatzegi-Gerrikaitz aldean zegoen, atzerriko beste korrespontsal batzuekin, eta han zegoela bonba baten kraterrean babestu behar izan zen, Gernika bonbardatzetik zetozen alemaniar hegazkinen metrailadoreek hil ez zezaten. Handik Bilbora itzuli zen, eta orduan jaso zuen Gernikako bonbardaketa eta suntsipenaren berria, beste korrespontsal batzuekin Torrontegui Hotelean afaltzen ari zenean.

Reutersen Christopher Holme, Daily Expressen Noel Monks, Ce Soiren Mathiew Corman eta The Starren Watson kazetariekin batera, Gernikara joatea erabaki zuen, eta bertan izan zen hiribilduaren suntsipenaren lekuko. 1937ko apirilaren 28an idatzi zuen kronika The Times eta The New York Times egunkarien lehen orrialdean argitaratu zen. Munduko iritzi publikoa astindu zuen, hiriaren aurkako aire-eraso bortitzean nazismoak izandako parte-hartze ezkutua jakinarazi baitzuen.

“Salamancak argitaratutako adierazpena, Gernika gorriek suntsitu dutela dioena, guztiz gezurrezkoa da. Nik neuk Gernikako 20 iheslarirekin baino gehiagorekin hitz egin nuen hiriaren ingurumarietan, suntsipenaren gauean bertan. Bonbardaketan aritutako hegazkinen kopuru zehatzean izan ezik, adierazpen guztiak bat datoz xehetasun guztietan. […] Kazetari batek hiru bonba jaso zituen nirekin, hirurak alemanak, 1936ko datarekin… Neu goizeko 1:30ra arte egon nintzen Gernikan, eta inon ere ez zen petrolio usainik sumatzen… Gernikako zati handi bat ez da errauts pila bat, baizik eta hondakin pila bat”.

George L. Steer

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
    Kargatzen ikusiena