11:54

Musika

Elkarrizketa

ØDEI: "Rapak balio dit konplexurik eta beldurrik gabe, pertsonaiaren bidez, nire ahuleziak erakusteko"

Natxo Velez | EITB Media

ØDEI musikariak "Terapia" diskoa kaleratu du, hamabost kantuko disko ilun, kolpekari, sakon eta bor-borkaria.

  • ØDEI. Argazkia: Pierra Balacey.

    ØDEI. Argazkia: Pierra Balacey.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Odei Barroso urruñar musikariak (Barakaldo, 1988) terapia egin du, ØDEI izenpean, eta Terapia disko autoekoitziko hamabost kantuetan gorpuztu du bere buruari egindako galde-erantzun urrikigabeen emaitza. Zer dira, bada, terapia eta sorkuntza lan zintzoa, tranparik gabeko galdeketa ez badira?

Zintzotasuna darie, jario ere, 2zio taldearekin hiru disko egin eta gero lapurtarrak bakarka egindako lehen diskoko kantuei, apainkeriarik gabeko poesia biluzi eta egiatiz jantzirik: nostalgia arrastorik gabeko oroitzapenak, hausnarketa eta aldarri politiko eta sozialak, erantzunik emateko bokaziorik gabeko galderak, hitz jokoak, omenaldiak, zirtoak… Ausikiak eta laztanak tartekatzen ditu ØDEIk diskoan, drill soinu ilunetan bermatuta.

Gure periferia musikal eta geografikotik, harrotasunez eta harrokeriarik gabe egindako diskoa da Terapia, gonbit beharrezkoa, behin-behinean bada ere orain eta hemen dominante eta erresidualak diren doinuak ez ezik orain eta hemen emergenteak diren ahaireak ere entzuteko. Proposamen musikal eta intelektual gozagarri eta hunkigarri batez haraindi, hegietako egiei adi jarraitzeko beste argumentu bat ere bada Terapia.

Odeirekin hitz egin dugu, honetaz eta hartaz:

2zio taldearekin hiru disko atera eta haren ibilbidea amaitutzat eman eta gero, ØDEI izenarekin sinatu duzu Terapia. Proposamen hartatik zer nahiko zenuke mantendu eta zeren bila aldendu zara?

Nolabait, aurreko ibilbidearen segida bat da hau. Bakarkako lehen diskoa da, baina nire laugarrena, eta 2zio-n pilatutako esperientzia mantendu nahiko nuke.

Baina zerbait berriago, pertsonalago eta nireagoa ere aurkeztu nahi dut. Erran izan dut hau dela 2zio-ri esker egin ahal izan dudan proiektu bat eta 2zio-n egin ez nezakeen guztia biltzen duen proiektu bat ere.

ØDEI. Argazkia: Pierre Balacey.

ØDEI. Argazkia: Pierre Balacey.

Ekoizpen musikala zeure gain hartu duzu, eta Jo Olascuagarekin batera ondu dituzu diskoko doinuak. Nola mugatu duzue elektronikaren mundu infinitua Terapia-ren eremu musikala eraikitzeko?

Egia da oso eremu zabala eta infinitua izan daitekeela elektronika, gaur egun are zabalagoa, ditugun baliabide guztiekin eta Internetekin.

Kontua da koherentzia musikal bat atxikitzeko, nik osatzen ditudan datu baseak eta bilatzen ditudan soinuak niri gustatzen zaizkidan testuretan gelditzen direla. Biziki drill-trap bonbo eta baxuak dira, eta batik bat baxuen koherentzia horrek ematen dio osotasun bat lanari, sorkuntza parteko sample melodikoei lotuta.

Alde melodiko horretan iluna izaten naiz ni sorkuntzan, eta horrek inspiratzen nau. Errango nuke kick, bass eta beat-en aukeraketak eta sample-en testura ilunek koherentzia ematen diotela osotasun honi. Norabide berean mugitzen dira denak, estetika jakin baterantz joan naiz disko hau ekoizterakoan.

Nolakoa izan da hamabost kantuon sormen prozesua? Zenbat egon da idatzitako hitzak musikaz janztetik eta zenbat, ordea, oinarri musikalak hitzekin betetzetik?

Lehenik, alde musikala egiten dut, eta gero etortzen dira hitzak beti. Diskoko hitz guztiak oinarri instrumentalen gainean eginda daude. Oinarria bideratuta dudanean idazten dut beti.

Instrumentalak idazteko modua baldintzatzen dit, eta horri fidel atxikitzen natzaio. Gehienetan, sample, giro edo soinu jakin batetik abiatzen naiz, eta gero hori tempo batean lantzen dut, tempo horri kick bat gehitzen diot eta hortik joaten da osatzen pixkanaka-pixkanaka.

Batzuetan beat jakin batzuk prest edukitzen ditut, eta sample-ak horien gainean probatzen ditut. Gero, janzten, egiturak finkatzen, fintzen eta baxuak sartzen joaten naiz.

Eta horren gainean joaten dira hitzak. Behin egitura osoa, ehuneko ehunean, eginda dudala hasten naiz idazten; instrumentala bukatuta dagoela, introa eta guzti.

Terapia da zuretzat kantuak idaztea, zeure buruarentzat idazten dituzu lehenik eta behin.  Norentzat argitaratzen dituzu, baina?

Sortzen dudalarik, aski modu pertsonalean eta intimoan idazten dut, nire kobazuloan sartuta egongo banintz bezala. Kanpora sobera pentsatu gabe aritzen naiz. Baina egia da gero argitaratu egiten dudala, ez dudala niretzat gordetzen; beraz, nik ere jendeari erakusteko urratsa egiten dut.

Norentzat? Nik ere ez dut jakiten askotan nor izango dudan entzulea, ze ohartzen naiz aski profil ezberdineko entzuleak biltzen ari naizela. Ez dago adin tarte zehatz bat, eta bortxaz rapzalea ez den entzule anitz ere hurbiltzen ari zait… Hartu nahi duenari irekitzen diot nire mundua.

Dena den, egia da askotan bereziki pentsatzen dudala nire inguru raperoari, egunerokoan belarrian rapa duenari.

"Terapia" deritzo diskoari, baina ez dirudi musikariarena lurralderik finkoena buruko osasuna zaintzeko: esposizioa, prekarietatea…

Bai, erabat ados. Gure herrian arteari edo musikari lotuta dagoen gehiena bezala, beldurgarria eta kezkagarria da, egia erran. Beti ibili behar izaten dugu ibilbide artistikoa beste hainbat eginkizun eta betebeharrekin uztartzen, eta jendeak esaten didanean diskoa ateratzeko bi urteko prozesua luzea izan dela, arrazoi duela erran diot. Baina ondoan lan bat baino gehiago dut, eta mila gauzatan ibiltzen naiz.

Disko honen parterik handiena gaueko hamabietatik goizeko lauretarako tartean sortu da. Eta horrek erakusten du pixka bat zer baldintzatan sortu behar izaten dugun.

Arreta handia ematen dit rapean zelan erabiltzen den "ni"-a. Zein neurritan da balekoa fikzioaren jantzia, literaturan bezala, "zintzotasuna" horrenbeste aldarrikatzen duen rapean?

Bai, "ni"-a oso presente dago nire diskoan eta entzuten ditudan raperoen % 90ean. Niri dagokionez, "Ni" horri funtzio ezberdinak ikusten joan naiz. Batetik, norberak esateko eta askatzeko duen "ni" hori dago, eta bestetik "gu"-a.

Iruditzen zait "ni" batekin "gu" asko identifika daitezkeela, eta rapean eraginkorragoa bihurtu dela "ni"-az hitz egitea "gu"-az aritzea baino. Gaur egungo gizartean eta funtzionatzeko moduan, eraginkorragoa da "ni"-tik idaztea, zintzoagoa eta errealagoa da.

Mugak dauzkala? Bada, bai. Momentu askotan, zaila da pertsonaren eta pertsonaiaren arteko muga jartzea. Dena dela, beti defendatu dut rapean ari naizenean pertsonaia sortzen dudala, baina, nire kasuan, pertsonaia hori oso lotuta dagoela benetako Odeirekin.

Batzuek pertsonaia fiktizioagoa sortzera jotzen dute rapean, eta beste batzuek gutxiago. Ni bigarren talde horretan sartzen naiz, iruditzen zaidalako ezin dugula edozer justifikatu pertsonaiaren izenean, pertsona bat dagoelako atzean. Maiz babes bat ematen digu pertsonaiak, baina, nire kasuan behintzat, babes horrek muga batzuk ditu; aski zintzoa naiz idazten dudanean.

Azken urteetan ikusi izan dut bereziki rap frantsesean "ni" hori beti sendoa, onena, indartsua eta birila izaten dela, baina nire "ni"-a horren antitesia da. Rapak balio dit konplexurik eta beldurrik gabe, pertsonaiaren bidez, nire ahuleziak erakusteko.

Negu Gorriak, Su Ta Gar, Selektah Kolektiboa, Kery James… Erreferenteak eta iragana ageri dira testuetan, baina aurrera begiratzen du diskoak, soinu proposamen aldetik eta testuei darien jarreran. Nola ikusten duzu euskal musikaren osasuna, aurrera begira? Ez dirudi nostalgia endemikoa eskaintza faltagatik justifika daitekeenik azken urteetan, are gutxiago Ipar Euskal Herriari begiratuta (Kuartz, Lumi, Habia, Bloñ, Ztah, Torheit…).

Nik, egia erraten badut, musika sorkuntza osasuntsu ikusten dut Euskal Herrian. Proposamen biziki ugariak daude, hainbat eskemarekin apurtzen dutenak, interesgarriak, berriak eta berritzaileak. Orain, Mairüren diskoa entzuten hasi naiz, adibidez, beste ukitu bat dakarrena. Aipatu dituzun talde horiek guztiak ere badaude, gure eskualdean badabiltzanak… Zentzu horretan, proposamena aberatsa, ugaria eta berritzailea iruditzen zait. 

Kontua da batetik sortzaileak eta bestetik entzuleak daudela. Eta erranen nuke entzule masa biziki emeki ari dela esnatzen eta berrikuntza horri egokitzen. Ez dakit rock eta punk mugimenduei hertsiegi loturik doalako den edo zergatik. Nik beti erran dut hau ez dela raparen herria.

Benetan rapa lehertu den urteetan eta Frantzia mailan lehen musika delarik poparen, reggaetoiaren eta dena delakoaren gainetik, ikusten dut oraindik nola Euskal Herrian rapa ez den inondik inora musika nagusia. Eta ez dut esaten izan behar denik.

Eta izango balitz, eskaintza berdintsua izango zen? Erdigunea hartzeak baldintzatuko lituzke proposamenak?

Bai. Egia da erdigunea hartzeak proposamena asko alda dezakeela, baina ez naiz hain ziur rapa bihurtuko balitz musika nagusi uko egingo liokeenik proposamen ugaritasun edo aniztasun horri. Frantzian ikusten dudalarik aniztasunak zelan lehertzen duen rapa, ez dago bortxaz joera bakar bat.

Ez dago uniformetasunik musika nagusia izateagatik. Alderantziz, errango nuke raperoek eta artistek geroz eta gehiago bultzatzen dutela zerbait ezberdina egin nahia.

Rapa hain da musika periferikoa, Frantzian ere, non periferia asko eramaten dituen erdigunera, eta hori da interesgarri zaidana niri eta gure herrian ikusten ez dudana.

Ikusten dut nola Hegoaldearen nagusitasunarekin talde bat edo beste goraipatzen diren, aitzindari eta berritzailetzat jotzen diren, eta niri askotan burura etortzen zait talde mota hori badela hamar urte edo gehiago hemen eta han dela. Hor haserre txiki bat sortzen zait: orain, zentrorago edo jendeak errazago ikusten duen toki batean sortu delako balio du eta berritzailea da? Badira hamar urte egin zela eta inork ez zion kasurik egin!

Iruditzen zait gutxi jartzen dugula begia bazterretan, eta gehiago jarriko bagenu agian aberatsagoa litzateke musika kontsumoa; ez musika sorkuntza, hori jada badelako.  

ØDEI. Argazkia: Pierre Balacey.

Diskoaren atariko gisa, hiru bideoklip argitaratu dituzu, zeuk sinatuta. Zer garrantzi ematen diozu proiektu honetan alde bisualari, musika, zorionez edo zoritxarrez, asko "ikusten" den garaian?

Kontziente naiz musika ez dela begien bidez sartzen. Nire kasuan, gehiago da bideogintzan ari naizelako eta erraztasunagatik, eskurago daukadalako bideoak ateratzea.

Gaur egun, audio bat ateratzen duzu eta inork ez du ikusten. Oihartzun handiagoa lortzeko atera ditut bideoak, ez lehentasuna delako.

Hamabost kantuko disko bat atera dut, ez lau abesti eta hiru klipekoa. Nik diskoa entzutera bultzatu nahi dut jendea, ez hainbeste klipetan geratzera. Baina hedapenerako balio didan zerbait denez gero, jarraituko dut klipak egiten. Hedapena da nik bilatzen dudana klipen bidez, baita unibertso baten estetika transmititzea ere.

Hala ere, lehentasuna musikari, soinuari eta belarriari ematen diot, zalantzarik gabe. 

Unibertso horren beste zutabe nagusi bat, esan gabe doa, zuzenekoak dira. Estreinako kontzertu batzuk eman dituzu dagoeneko. Nola gorpuztuko da ØDEI proiektua agertoki gainean? Zer helbururekin taularatzen zara eta zer eskatzen diozu kontzertu bati, bukatutakoan aseta gelditzeko? 

Kontzertuetan, DJ bat eta bi edo hiru backer igotzen dira nirekin oholtzara, baita inguruko ekipo guztia ere: soinu teknikariak, argi teknikariak…

Entzulearekin edo bertaratu denarekin konektatu dugula ikusten dudanean gelditzen naiz aseta, jende horren oroitzapenetan edo bizipenetan zerbait utzi dugula iruditzen zaidanean.

Zuzenekoak oso serio hartzen ditugu, asko landu ditugu, eta ezinbestekoak dira gure proiektuan. Ez goaz zuzeneko txarrekin edo nolanahika landutako kontzertuekin. Diskoaren ekoizpenean lan handia egin dut, eta pena handia geneukake zuzenekoetara joan eta lan hori baldintza onetan eskaini ezingo bagenu.

Alde ekonomikoaren kalterako bada ere, lehen zati honetan gure ekipoa eraman dugu gaztetxeetara, nahiago baitut diskoan ekoitzi denetik ahalik eta hurbilen egotea. Oso kontrolatua joan behar duen soinu mota bat da, bestela ez da ongi ateratzen eta niretzat ez dago hori baino txarragorik.

Badu tokirik inprobisazioak zure zuzenekoetan ala estu mugatuko zatzaizkie diskoko kantuei?

Ez, inprobisaziorik ez du tokirik. ØDEI proiektua ez da inprobisatua, idatzizkoa baizik. Zuzenekoan jotzen ditugun abesti guztiak diskokoak dira, diskoan dauden gehienak.

Bukatzeko, test arin bat, irakurleei ikusmira zabaltzeko balioko dielakoan…

Euskal musikari edo talde bat?

Lumi

Atzerriko musikari edo talde bat?

Diskoa atera berri duenez, Kendrick Lamar aipatuko nuke.

Letragile kutun bat?

Asko maite dudan letragile bat, raperoa dena, Kery James da, asko jaso dut berarengandik.

Nekez ahaztuko duzun kontzertu bat, ikusle gisa?

Selektah Kolektiboak eta Negu Gorriakek Donostian emandakoa. Haur bat nintzen garaian, eta asko markatu ninduen.

Non emango zenuke zure ametsetako kontzertua?

Atabal aretoan jo dut, baina biziki maite dudan aretoa da, soinu mailan eta neurri mailan. Nahiz eta jadanik jo dudan, bada amets bat bertan jotzea.

Gero, Zenith batean jotzea ere ametsa litzateke, baina ez dut uste gertatuko denik.

Non ikusten duzu ØDEI proiektua hamar urte barru?

Bada, ez dakit. Dakidana da hau hasi berri dela, eta espero dut hamar urte barru diskoren bat gehiago plazaratu izana eta oholtzetan segitzea. 

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena