15:47

Musika

Elkarrizketa

Habia, soiltasunaren ederra

Natxo Velez | EITB Media

"Animalia naiz eta" disko zoragarria kaleratu du Habia baxenabartar hirukoteak, ahots eta hari tresnez soilik; beraiekin hitz egin dugu.

  • Elena Haira, Maia Iribarne eta Amaia Hiriart, Habia hirukotea

    Elena Haira, Maia Iribarne eta Amaia Hiriart, Habia hirukotea

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hunkidurarako bidea misterio handia da zorionez, eta askotan, ezkutuki ulergaitz horren bila, eskura ditugun baliabide guztiak jartzen ditugu martxan besteren emozioak pizteko; zenbat eta gehiago pilatu orduan eta hobe joango delakoan, hunkiduraren su pindarra ito arte pilatzen ditugu baliabideak (musika tresnak urliak, koroak sendiak, literatura baliabideak berendiak) gure sormen lanetan sarritan, gehiegikeriaz.

Animalia naiz eta Habia hari tresna eta ahots hirukotearen diskoa (LagunArte, 2021), berriz, ezin da joera horretatik urrunago egon: soiltasunetik abiatuta hunkitzen dute entzulea, erremediorik gabe hunkitu ere, Amaia Hiriartek (txeloa), Maia Iribarnek (biolina) eta Elena Hairak (biola).  

Diskoko hamar kantuetan, ahots tonu eta ahots harmonia zoragarriek eta harizko tresnen ahalmenak (biolin melodia gozoenetatik txelo sakon eta bihotz erdiragarrienetara) berez darabilte entzulea, erraz baina oso sakonera handiz.

Diskoaren soinu ekoizpen zentzudunak biluztasunaren aldeko apustua egin du, eta indar handia eman dio horrek Animalia naiz eta lanari. Sobera egon zitekeena baztertu dute, eta harizko tresnen perkusiorako ahalmena eta boz koru erritmikoak neurriz baliatu dituzte, "Animalia", "Dilin dun dan" eta "Allenderena" kantuetan entzun daitekeen bezala.

Emaitza disko dirdiratsua da, hainbat doinu eta hitz herrikoi bezala poeta klasikoen (Etxepare, esaterako) eta modernoagoen (Bitoriano Gandiaga, Joseba Sarrionandia, Manex Erdozaintzi-Etxart) testuak soineko berri liluragarriz jantzi dituena.

Noiz bildu zenituzten diskoan sartu dituzuen kantuak eta nolakoa izan da grabazio prozesua?

Animalia ikusgarriaren baitan elkartu ginen, 2019an, LagunArte konpainia eta Clarenza elkartearen bidez. Animalia naiz eta diskoan diren kantu gehienak proiektu horretan landu genituen, nahiz eta geroztik moldatu ditugun eta beste batzuk gehitu ditugun.

2020ko otsailean grabatu genuen diskoa, 4 egunez, Bastidan kokatua den LagunArteko estudioan, Patrick Fischer eta Kristof Hiriartekin. Pandemiarengatik, ezin izan genuen, pentsatu bezala, udaberri bukaeran atera.

Larrazkenean, dena prest genuen, baina konplikazio admninistratibo batzuengatik, moldaketa batzuk egin behar izan ditugu. Estudioan sartu gara berriz, urte bat berantago, bi kantu berri grabatzeko. Prozesu luzea izan da, baina azkenean hor dugu diskoa!

Poemak, beste kantu batzuk eta hitz herrikoiak dituzte sorburu kantuek. Zer izan behar du testu batek zuen arreta erakarri eta kantu bihurtzeko?

Nahiz eta ez ditugun testuak guk idatzi edo bildu, guretzat zentzu handia dute. Pertsonalki hunkitzen gaituzten gaiak aipatzen dituzte: askatasuna, emazteen egoera, natura… Askatasun garrasi bat bezala ikusten dugu osotasuna.

Testu zahar hauek musikatzeko sonoritate interesgarriak dituzte, gainera. "Dilin dulun dan", adibidez, joko bat bezala hartzen ahal da. Hitzak elkarren artean nahasten dira, soinuekin jostatuz, makina bat bezala martxan emanez eta deseginez.

 "Olerkia" kantuan ere, trundele hitz berezi hori errepikatzen dugu. Garaian, kabalen deitzeko erabiltzen zen oihu bat zen. Soinu horrek ere joko berezia ematen dio kantuari.

 "Emazteen fabore" kantuak arrunt gauza desberdinak kontatzen ditu. Bereziki hunkitzen gaitu Etxepareren testuak, oraindik biziki aktuala iruditzen baitzaigu. "Txoriñoa kaiolan" eta "Allenderena" kantuek ere askatasun egarri bat aipatzen dute, hunkiezina, kondenatua. Hitz gogor hauek biziki ederrak iruditzen zaizkigu.

 "Animalia" eta "Urre handia" kantuetako hitzak Gandiagarenak dira. Horiek lurrarekiko eta orokorrean gure ingurumenarekiko atxikimendua adierazten dute, umilitate osoz. Gure sustraiak errotzen dituzte diskoan.

Bukatzeko, "Goizean goiz jeikirik" kantu herrikoiak arintasun pixka bat ematen dio kantu bildumari, jendea libertitzera gonbidatuz!

Musikari begiratuta, zer izan behar du edo zer ez du izan behar Habiaren kantu batek bukatutzat eman, errepertoriora bildu eta hiru taldekideak aseta uzteko?

Lehenik eta behin, testuak, kantuak edo moldaketek oihartzuna ukan behar dute guregan. Horrek geureganatzeko eta esperimentatzeko gogoa ematen du.

Hala ere, zaila da kantu bat bukatutzat ematea. Ez dira sekulan hala, detaileetan sartzen baldin bagara: beti bada zerbait hobetzeko, saiatzeko…

Preseski, grabaketarentzat estrukturak finkatu ditugu, baina gertatzen ahal da zuzenekoentzat aldatzea, gauza desberdinak entseatzea, kontestuaren edo gogoaren arabera. Nahiko genuke gure kantuek askatasun hori uztea, etengabe esperimentatzen segitzeko.

Habia

Habia. Argazkia: Kristof Hiriart.

Zuzeneko aurkezpen batzuk egin dituzue dagoeneko. Nolakoa da, oraindik ikusi ez zaituztegunentzat, Habiaren zuzeneko emanaldi bat?

Ahalik eta anitzena izatea saiatzen gara. Giro desberdinetatik pasatzen gara, entzulea sorpresaz harrapatzea entseatuz. Etengabe entzulearen kuriositatea piztea da gure helburua. Ez dakit lortzen dugun, proposatzen duguna fresko freskoa delako oraindik, baina horren lantzea saiatzen gara!

Kontzertu bukaeran jendeak espero ez zuen bidaia bat bizi izan badu, guretzat gauza ederrena liteke.

Zein da Habiaren ametsetako zuzenekoa?

Ametsetako kontzertu bat imajinatzea zaila zaigu, esperientzien aniztasunak gintuzke gehien beteko. Euskal Herriko xoko desberdinetan jotzea biziki maiteko genuke, eta gure musika mundura zabaltzen bada oraindik ederragoa liteke!

Egia da plazer handia hartzen dugula akustikoan jotzen, espazio intimoetan, jendearengandik hurbil. Giro berezi bat sortzen da eta gure arteko lotura eta entzumena sakonagoak dira. Baina kanpoko eszena handi batzuetan jotzea ere desafio ederra da! Beste energia bat sortzen da eta gure musika ezberdinki jotzea ahalbidetzen du.

Diskoko musika gehienak Kristof Hiriartek moldatu eta konposatu ditu, eta "zuzendari artistiko" gisa jaso duzue kredituetan. Zer lan egin du, eta nola aritu zarete berarekin lanean?

Kristofekin landu ditugu kantu guziak. Animalia ikusgarriaren baitan hasi ginen berekin lanean, berak zuelako zati musikala osoki kudeatzen. Zernahi testu, musika eta birmoldaketa proposamen ekarri zizkigun momentu horretan.

Biziki aberasgarria izan da berekin lan egitea, espero ez genituen lekuetara eraman baikaitu etengabe. Lan zehatz baten egitera pusatu gaitu, beti ausartzera bultzatuz. Anitz ikasi dugu, eta zinez aberasgarria izan da lan prozesu osoa!

Jotzen ditugun kantu batzuk Kristofek idatziak edo landuak zituen jadanik, eta gure taldeari moldatu ditugu. "Txoriñoa kaiolan", adibidez, Bilika taldean landu zuen Didier Ithurssaryrekin. Beste artista batzuekin ere lan egitea ahalbidetu digu: Jérémie Ternoyren "Les veilleuses" kantua landu ahal izan dugu, besteak beste.

Orokorrean, LagunArte konpainia biziki hurbil izan dugu ibilbide osoan, taldearen sorreratik orain arte. Haiekin eramandako lanak urrunago joatea ahalbidetu digu argiki. 

Hiriart perkusio-jotzailea izanik, izan duzue tentaziorik doinuak perkusioz janzteko ala apustu estilistikoa da ahots eta harien biluztasun horri eustea?

Gure talde formakuntza aski arraroa edo ezohikoa denez, instrumentuak eta ahotsak aitzinean eman izan nahi ditugu, baina horrek ez du erran nahi perkusioak arrunt alde batera utzi ditugunik. Gure instrumentuekin egiten ditugu, zentzu batean, arkuak soken gainean joz edo erritmoak sortuz, adibidez. Jotzeko manera desberdinak xerkatzen ditugu.

Zer ematen dio zuetako bakoitzak hirukoteari?  

Nahiz eta hiru identitate musikal ezberdin ditugun, hirurek bat egiten dugu. Gure instrumentuak nahasten eta batzen dira, gure ahotsak bezala. Gutariko bat ez bada hor, dena aldatzen da. Beraz, zaila da erratea bakoitzak zein funtzio duen… 

Dena den, batak bestearengandik anitz ikasten dugula segur da. Amaiak kristoren energia eta segurtasuna ematen digu, taula gainean dena emanez adibidez. Elenak biziki ongi ezagutzen du bere musika tresna, eta teknikoki anitz laguntzen gaitu, lasaitasun anitz ere ekarriz. Maiak kantatzeko eta harmonia bereziak lantzeko gogoa erakusten du.

Bandcampez gain, badago diskoa lortzeko beste modurik?

Bai, diskoa Baionako Elkarren eta Hazparneko Lurra dendan eskuragarri da momentuz. Baina gure kontzertuetan ere saltzen ditugu; beraz, kontzertuetara hurbiltzea da aukera hoberena! Horrez gain, sarean diren musika plataforma guzietan atzeman daiteke.

Zer etorkizun opa diozue diskoari eta taldeari? Zer bide egitea gustatuko litzaizueke?

Zaila izan da azken urte honetan gure musika zuzenean partekatzea; beraz,  ahal bezainbat jo nahiko genuke orain. Kristoren gogoa sentitzen dugu egindako lana jendearekin partekatzeko. Eszena ezberdinetan aritzea espero dugu. Eta nork daki, errepertorio berri bat sortzen hasiko gara beharbada!

HABIA, zuzenean:

Agorrilaren 13a, 21:00. Guinguette La Joyeuse, Bastide

Irailaren 18a. Larrakenea, Bastida

Irailaren 30a. Atabal, Biarritz

Urriaren 29a. Aiete kultur zentroa, Donostia

Abenduaren 12a. Kultura euskaraz, Harri-Xuri, Luhuso

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena