10:21

Musika

Elkarrizketa

Mocker’s: 'Berehalakotasunaren garaian, hausnarketarako espazioa zabaldu nahi dugu'

Natxo Velez | eitb.eus

Durangarrek “Oreka ahula” kaleratu dute, hard rocka eta rock alternatiboa, progresiboa eta ukitu psikodelikoa nahasten dituen disko nabarmena, beren ibilbidean lehenengoz erabat euskaraz kantatua.

  • Mocker's

    "Oreka ahula" diskoa kaleratu du Mocker's Durangoko rock taldeak

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hard rocka, psikodelia, rock progresiboa, Pink Floyd, 70eko hamarkadako doinuak, space rocka… Erreferentzia horiek eta gehiago etortzen dira burura “Oreka ahula”, Mocker’s durangar hirukotearen hirugarren diskoa, entzundakoan.

Alabaina, “Oreka ahula” disko garaikidea da, oihartzun klasikoa izanagatik rock alternatibotik eta postrocketik ere edaten duena, ekoizpen oso landu eta grabazio azpimarragarri batek lagunduta.

Durangarrak ez dira inola ere laneko zortzi kantuetan barreiatzen diren erreferentzietan kateatuta gelditu, eta soinu unibertso propioa osatu dute, han-hor-hemen inarrosaldi energikoak (“Marte”ren amaiera bizi hori, “Chrono”, “Pegaso”…) eta pasarte goxoak (“Oreka ahula" atarikoa, “Libra” dotorea…) tartekatuz, edo, beren musika nortasun aberatsaren ertz batetik bestera joan-etorrian bidaiatuz, “Pangea” diskoko azken kantuan egiten duten bezala (Mocker’s zer den ulertzeko bederatzi minutu soilik badituzu, ez irakurri artikulu hau eta entzun kantu hori!).

Erabili eta botatzeko argitalpen asko dauden garaian, diskoa, LPa, obra gisa aldarrikatzen duen lan honetaz hitz egin dugu Jon (baxua eta ahotsa), Asier (bateria) eta Ritxi (gitarra) durangar gazteekin.

“Oreka ahula”k oso kritika onak jaso ditu, duela hilabete eta erdi kaleratu zenutenetik. Espero zenuten halako harrerarik?

Egia esanda, sorpresa ederra izan da diskoak komunikabide espezializatuetan, bai Euskal Herrian zein Estatu mailan, jaso dituen kritika onak. Alde batetik, harrituta eta oso eskertuta gaude, harrera honek disko honekin hartu dugun norabidea nolabait berretsi egiten duelako. Publiko orokorretik ere iritzi oso onak jaso ditugu, eta horrek energiaz betetzen gaitu.

Bestalde, oso kontziente gara iritzi musikala subjektiboa eta erabat likidoa dela: hilabetero, kalitate handiko dozenaka disko berri ontzen dira, eta dena iragankor bihurtzen da berehala. Horregatik, azken finean, norberak bere lanarekin pozik eta idatzi duenaz harro egotea da balioa daukan gauza bakarra. Gainerakoa disfrutatu eta eskertzen da, baina zoriontsu izateko ezin da ezinbestekoa bihurtu.

Cadizera jo zenuten diskoa grabatzera, eta emaitza primerakoa da: soinu indartsu eta garbi-garbia du. Zeren bila jo zenuten bertara?

Eskerrik asko. Andaluzia aldetik, rock psikodeliko eta progresiboko eszena oso indartsua sortu da azken hamarkadan. Euskal Herrian ez da oso ezaguna, baina Viaje a 800, Atavismo, Bourbon eta gisa horretako beste talde batzuk sekulakoak dira.

Kontua da talde horiek guztiek Palmarreko Trafalgar estudioetan grabatu dituztela beren lanak, Curro Ureba ekoizlearen gidaritzapean. Hard-rockaren ikuspuntu heterodoxo bat partekatzen dugu beraiekin, etengabeko mugimenduan dagoena eta inoiz estatiko geratzen ez dena. Muina eta erroak gordetzen ditu gure proposamenak, baina elementu berri eta modernoekin elikatzeko gai da.

Bestalde, Euskal Herritik kanpo grabatu nahi genuen, estudio batean murgildu eta esperimentatu. Alde batetik, aipatzen duzun soinu indartsu eta garbi hori bilatzen genuen, garaikidea baina organikoa aldi berean, eta Currok ederki lortzen du hori. Estudioan bertan astebetez lo egiteak ere grabaketan guztiz zentratuta egotera behartzen zaitu, eta hori nabaria da azkeneko emaitzan.

Aurrekoizpen lan eskerga igartzen da, baina estudioan buelta asko eman dizkiezue kantuei?. Nolakoa izan da konposizio, ekoizpen eta grabazio lana?

Esaten duzun moduan, aurrekoizpena luzea eta gogorra izan da. Astero egiten genituen entseguak eskuko grabagailu batekin grabatu, eta oinarri erritmikoa, ahotsaren melodiak eta egiturak inoiz baino gehiago landu ditugu.

Estudioko lanari dagokionez, abestien egiturak ez dira mugitu. Hala ere, bertan zenbait konponketa, ñabardura eta melodia sortu ziren. Horiei dagokienez, Currok ezinbesteko pisua izan du: rock psikodelikoan eta jazzean eskarmentu handiko ekoizlea da, eta asko miresten dugun ikuspuntu esperimentala dauka.

Berarekin izan dugun sintonia sekulakoa izan da, eta horrek ere lagundu du prozesuan. Abestiak oso landuta eraman genituenez, bateriarako zenbait afinazio, gitarra efektuak, konponketak edo ahots melodia desberdinak probatzeko denbora izan genuen, eta horrek emaitza borobildu duela uste dugu.

Estudioan bertan sortu zen Spinda Records cadiztar diskoetxearekiko lankidetza? Zer eman dizue horien babesak?

Estudioan geundela, Currok berak esan zigun uste zuela gure diskoa aproposa zela Spinda Recordsen katalogorako. Aipatu dizkizugun talde andaluziar horiek guztiek ere Spindarekin kaleratzen dituzte beren lanak, eta guretzat aukera paregabea zen.

Zigilukoek diskoa entzun zuten eta, nahiz eta euskara hutsean egon, sekulako lana iruditu zitzaien eta elkarrekin lan egiteko prest agertu ziren. Guretzat gure autonomia mantentzea ere ezinbestekoa zen, eta zigiluaren eta taldearen arteko koprodukzio formatuan kaleratzeko adostasunera heldu ginen. Horien babesa edukitzeak asko eman digu: alde batetik, gure lana binilo formatu kutunean kaleratzeko aukera, eta, batez ere, oihartzuna Estatu mailako komunikabide espezializatuetan.

Diskoak bidaia orekatua proposatzen du zuen musika unibertsoan zehar, kantuen joan-etorriak entzulea gidatzen du. Kantuak gero eta gehiago solte entzuten diren garaian, albumaren kontzeptua aldarrikatu duzue, nolabait?

Guztiz. “Oreka ahula” bere osotasunean ulertu behar da, eta horretarako ondu da. Berehalakotasunean murgilduta gauden garai honetan, barne hausnarketarako espazio txikia zabaldu nahi izan dugu, bai musikari dagokionez bai testuei dagokienez.

Diskoa kontzeptuala den heinean, testuak ia musika bezainbeste lantzen saiatu gara. Hortaz, musikaren dinamikaz aparte, lotura lirikoek ere garrantzia dute abestien eta pasarte desberdinen artean. Abestien ordena ere buruhaustea izan da: zeintzuk jarri biniloaren A aldean eta zeintzuk B aldean, zelako sentsazioa sortzen duten elkarrekin bata bestearen atzean.

Hori guztia borobiltzeko, diseinua ezinbestekoa da, eta osotasuna ematen dio lan guztiari. Beste behin ere, Markel Urrutia gernikarrarekin (Smoke Signals Studio) lan egin dugu, eta bere artearekin lortu duen emaitza ikusgarria da. Asko miresten dugun artista da.

Zer lehengairekin lan egiten duzue lokalean kantu bat eraikitzeko? Zer eduki behar du zuen kantu batek?

Normalean, riff batetik jaiotzen dira kantuak, baina bateria erritmo batetik edo ahots melodia batetik abiatuta sortu ditugu batzuk. Hirurok gitarra jotzen dakigunez, konposizio espektroa zabaldu eta aniztu egiten da.

Abesti bat guztiz bukatutzat emateko, bi alde gainditu behar ditu: bata musikari lotuta eta bestea entzule moduan. Jotzen dugunean, hunkitu egin behar gaitu lokalean lehenengo, baina sentsazio hori errepikatu egin behar da gero, lokalean grabatutakoa etxean entzuten dugunean.

Irailean diskoa Durangon aurkeztu zenuten, eta azaroaren 7an Bilboko Kafe Antzokian joko duzue. Nolakoak dira Mocker’s-en zuzenekoak?

Zuzeneko intentsu eta hunkigarriak gustatzen zaizkigu, eta, lortzea kasik utopikoa den arren, hori izaten dugu buruan agertokira igotzen garen bakoitzean: dinamikekin jolastu, barea eta eztanda tartekatu eta, batez ere, jotzerakoan sentitzen duguna transmititzen saiatu.

Diskoa kalean dagoela, zer asmo dituzue orain?

Gure asmoa ahal bezain beste jotzea eta leku desberdinetan diskoa zuzenean aurkeztea da. Sortutakoa jendearekin elkarbanatu, hausnartu eta agertoki gainean gozatzen jarraitu urte askotan!

Bukatzeko, test bat.

Atzerriko talde edo bakarlari bat:

  • Ritxi: Motorpsycho (Rock progresiboa, Norvegia)
  • Asier: Tatran (Jazz-Rock esperimentala, Israel)
  • Jon: Rival Sons (Hard Rock, Estatu Batuak)

Euskal Herriko talde edo bakarlari bat:

  • Ritxi: Dut
  • Asier: Errobi
  • Jon: Atom Rhumba

Ezinbesteko disko bat:

  • Ritxi: Triana – El Patio (1975)
  • Asier: Pink Floyd – Dark Side of the Moon (1973)
  • Jon: Graveyard – Hisingen Blues (2011)

Kantu bat:

  • Ritxi: Your Hand in Mine (Explosions in the Sky)
  • Asier: Peaceful Warrior (Aaron Parks)

  • Jon: The Pot (Tool)

Kontzertu ahaztezin bat, publiko gisa:

  • Ritxi: Against Me! (Bordele, 2017)
  • Asier: Robben Ford (Bilbo, 2012)
  • Jon: The Who (Azkena Rock Festival, 2016)

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena