20:46

Saskibaloia

ERREGINAREN KOPA

Lointek Gernikak irabazi du derbia eta finalerdietan izango da (83-70)

AGENTZIAK | EREDAKZIOA

Gernikarrekin debuta egin duen Courtney Williams estatubatuarrak 29 puntu sartu eta partidako jokalaririk nabarmenena izan da.

  • Lointekeko jokalariak garaipena ospatzen.

    Lointekeko jokalariak garaipena ospatzen. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Lointek Gernika Erreginaren Kopako finalerdietara sailkatu da IDK Gipuzkoari 83-70 irabaz¡ ostean, eta Perfumerias Avenida taldea izango du aurkari larunbatean, 17:00etatik aurrera jokatuko den kanporaketan.

Aparteko norgehiagoka jokatu duen Courtney Williams estatubatuar heldu berriak izugarrizko ekarpena egin dio Mario Lopezen taldeari, 29 puntu sartu, 8 errebote harrapatu eta 38ko balorazioa lortuta.

Donostiarren aldetik, Toche Sarrek 28ko balorazioa eskuratu du eta Lyndra Weaverrek 22 puntu saskiratu ditu.

Neurketako hasierako minutuetan izan ezik (0-2), Lointek beti izan da aurretik markagailuan, eta lehen abantaila handia 19-10ekoarekin lortu du, Margaret Roundtreek zenbait saskiratze kateatu dituenean (estatubatuarrak 12 puntu erdietsi ditu lehen laurdenean).

Lehiako lehen kapitulua 25-21eko emaitzarekin amaitu da, bizkaitarren alde, IDK-k erreakzionatu egin baitu azken txanpan, Weaver eta Sarr barneko jokalarien eskutik.

Bigarren laurdenean, Lopezen taldeak defentsa tenkatu du, gipuzkoarrak saskipean azaltzen ari ziren nagusitasunaren aurrean, eta hamar puntuko aldea zabaldu dute markagailuan 11-3ko partziala baliatuta.

Donostiarrek lanean jarraitu dute, eta berriro gerturatu dira markagailuan, baina berdintzerik lortu gabe; izan ere, Courtney Williamsek errenkadan sartu dituen sei punturen bitartez Gernikakoak aurretik jarraitu dute.

Txirrinak lehen zatiaren amaiera adierazi behar zuenean, Lyndra Weaverrek lortu duen saskiratzeak 46-39ko emaitza jarri du markagailuan, eta dena erabakitzeke geratu da.

Hirugarren laurdena saskiratze trukatzearekin hasi den arren, donostiarrak oldarkorrago aritu dira, eta, hori baliatuta, markagailua asko estutu dute (54-52, 26. min).

Haatik, Williamsek bere taldearen aginte makila hartu du beste behin, eta 7 eta 1eko partzialarekin tartea areagotu du berriro markagailuan, laurdenaren amaieran (66-58).

Azken laurdeneko hastapeneko minutuak erabakigarriak izan dira neurketaren nondiko norakoa amaiera zehazteko, talde gipuzkoarra ez baita punturik sartzeko gai izan lehen sei minutuetan. Bizkaitarrek, berriz, 16 puntura arte areagotu dute aldea.

Nahiz eta Azu Muguruzaren taldeak ekinean segitu duen, azkenerako amore eman behar izan du, eta, horrenbestez, Gernikak bereganatu du kopako euskal derbia.

Fitxa teknikoa:

83 - Lointek Gernika (25+21+20+17): Vanderwal (6), Williams (29), Roundtree (16), Nacickaite (5) eta Berezhynska (11) –hasierako bostekoa–, Ariztimuño (-), Alberdi (1), Díez (6), Banham (7), Mazyonite (-) eta Pascua (2).

70 - IDK Gipuzkoa (21+18+19+12): Brkic (2), Iparragirre (2), Nystrom (10), Weaver (22) eta Sarr (21) –hasierako bostekoa–, Lara Gonzalez (7), Esnal (-), Olabarria (-), Aduriz (-), Erauncetamurguil (1) eta Westbeld (5).

Epaileak: Yasmina Alcaraz, Sara Pelaez eta Eva Areste. Ez dute inor kanporatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    23 17:15 - 20:00 PILOTA | ETB KANTXA: Jaka-Iztueta vs Zabala-Rezusta

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena