kirolak
Futbola
EITB Media
Espainia, Maroko eta Portugalen hautagaitza bateraturako RFEFk aukeratutako 20 egoitzetako bi dira. 11 izango ditu Espainiak, 6 Marokok eta 3 Portugalek. Alaves, Eibar eta Osasuna kluben instalazioak, gainera, azpiegoitza gisa hautatu dituzte.
San Mames eta Anoeta.
Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) ostiral honetan eman ditu jakitera 2030eko Mundu Txapelketan Espainiako partidak hartzeko hautagai izango diren egoitzak, eta horien artean daude San Mames (Bilbo) eta Anoeta (Donostia).
Marokorekin eta Portugalekin batera Espainiako Gobernuak aurkeztutako hautagaitzak bi urteko azterketa-lana egin du egoitzak eta azpiegoitzak aukeratzeko.
Hain zuzen ere, Euskal Herrian izango dira hiru azpiegoitza ere: Ibaia (Alavesek Gasteizen dituen instalazioak), Eibar Kirol Hiria eta Osasunaren Taxoareko Instalazioak. 45 azpiegoitza izango dira Espainiako Estatuan.
Partidak hartzeko egoitzak izateko hautagai dira beste hauek ere: Camp Nou (Bartzelona), Kanaria Handia (Las Palmas), La Cartuja (Sevilla), La Rosaleda (Malaga), Metropolitano (Madril), Romareda Berria (Zaragoza), RCDE Stadium (Bartzelona Cornella-El Prat), Riazor (Coruña) eta Santiago Bernabeu (Madril).
Marisol Garmedia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren hitzetan, "albiste bikaina da Euskadirentzat 2030eko Munduko Txapelketan bi egoitza izatea: San Mames eta Anoeta". "Aukera paregabea da munduari gure irudia erakusteko, bi estadio modernorekin eta hiri bikainekin", idatzi du Garmendiak sare sozialetan.
FIFAren araudiaren arabera, Munduko Txapelketan 20 egoitza egon behar dira gehienez; beraz, hautagaitza bateratuaren egoitzak honela banatuko lirateke: Espainiak 11 egoitza izango ditu, Marokok 6 eta Portugalek 3.
RFEFk azaldu duenez, egoitzak aukeratzeko orduan "proiektu teknikoa, operatibotasuna, finantza-egitura eta egoitza hirien zuzkidura" hartu dituzte kontuan, "baldintza dokumentalak eta kontratu-baldintzak betetzeaz gain".
Bestalde, taldeen 45 azpiegoitzak edo kanpamentuak zehaztu dituzte, 16 autonomia erkidegoren txosten ofizialean sartzeko: Andaluzia, Kanariak, Kantabria, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Madril, Valentzia, Extremadura, Galizia, Balearrak, Errioxa, Nafarroa, Euskadi, Asturias eta Murtzia.
FIFAren galbahea pasa beharko dute orain azpiegoitza horiek, eta horien erabilerari buruzko azken erabakia Munduko Txapelketan parte hartuko duten selekzioei dagokie.
Espainiako Futbol Federazioak gogorarazi duenez, txostena aurkeztu ostean, FIFAk abenduaren 11ko Batzar Nagusian baieztatuko du hiru herrialdeen hautagaitza bateratua (ekitaldi hori antolatzeko hautagaitza bakarra), eta, ondoren, partidak hartuko dituzten egoitzak zehaztuko ditu behin betiko.
Zergatik Anoeta, eta ez Reale Arena?
RFEFk gaur argitara emandako zerrendan hainbat estadioren izenak aldatuak ageri dira; Reale Arena, esaterako, Anoeta gisa ageri da. Ez da akatsa, eta badu azalpena.
Kontua da FIFAk ez dituela Munduko Txapelketan bereak ez diren babesleen izenak onartzen, eta Reale Arenarena Reale aseguru etxearen izenetik datorrenez, ezingo du izen hori eraman Munduko Txapelketan.
Aldaketa hau Munduko txapelketak iraun bitartean egongo da indarrean, eta ondoren berreskuratuko du izena estadioak, babeslearekin hitzartutako baldintzen arabera.
Gauza bera gertatu da Atletico Madrilen Civitas Metropolitano eta Bartzelonaren Spotify Camp Nou estadioen izenekin, eta horiek ere babeslearen izenik gabe izendatuko dituzte Munduko Txapelketan.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | ETB KANTXA: Jaka-Iztueta vs Zabala-Rezusta |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa