19:43

Txapeldunen Liga

MULTZOEN FASEA

Realak Inter Milan hartuko du Txapeldunen Ligako lehen hitzorduan

EITB MEDIA

Imanol Alguacilen taldea Real Madrilen kontra 2-1 galtzetik dator, eta Ligan jokatutako 15 puntuetatik 6 lortu ditu; Simone Inzaghiren mutilek, ordea, neurketa guztiak irabazi dituzte orain arte Italiako Ligan.

  • Realak Inter Milanen aurka ekingo dio Txapeldunen Ligari. Argazkia: EFE.

    Realak Inter Milanen aurka ekingo dio Txapeldunen Ligari. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Asteazken gauean (21:00etan) abiatuko da Txapeldunen Liga Realarentzat Reale Arenan, Inter Milanen kontra jokatuko duen multzoen faseko partidarekin. Talde txuri-urdinak 2-1 galdu zuen Real Madrilen kontra, nahiz eta ondo jokatu. Oraingoz, ligan jokatutako 15 puntuetatik sei lortu ditu. Hiru gol sartu eta 2 asistentzia eginda, Take Kubo japoniarra da Imanol Alguacilen taldearen indargune sendoena Europako hitzordu horretarako.  

Italiako taldeak (Europako egungo txapeldunordea), berriz, orain arteko jokatutako ligako norgehiagoka guztietan garailea izan da. Joan den larunbatean, esaterako, 5-1 hartu zuten mendean Milan. Hori dela eta, 12 puntu lortuta, A Serie ligako sailkapeneko lehen tokian dago Inter Milan.

Testuinguru horretan, Realak proba gogorra izango du Txapeldunen Ligako hasieran, egungo txapeldunordearen aurka; gainera, talde txuri-urdinaren aurkaria sasoi betean dabil. Bosgarren aldiz jokatuko du Realak, 2023-24 denboraldian, Europa mailako txapelketarik handiena; azken hogei urteak kontuan izanik, hirugarren aldia izango da.

Udako merkatuan fitxatutako jokalariei erreparatuta, Realaren baja nagusiena Andre Silva portugaldarra da; Imanol entrenatzaileak, baina, baliabideak ditu, aurrealdean, baja hori ez nabaritzeko. Aritz Elustondok ere ezingo du jokatu, lesio batengatik, eta Carlos Rodriguez, aldiz, zigortuta dago.

Santiago Bernabeun igandean hasieratik irten zen hamaikakoak aukera handiak ditu asteazkenean ere Reale Arenan errepikatzeko. Take Kubo da Donostiako taldean sasoi punturik onenean dabilen jokalaria; hala erakutsi zuen Madrilen ere, bereziki lehen zatian.

Interrek bikain ekin dio denboraldiari

Interrek, bere aldetik, bikain ekin dio denboraldiari; konfiantza handia du, gainera, igandean, Milango derbian, 5-1 menderatu berri baitu Milan. Simone Inzaghik entrenatzen dituen gizonak A Serieko lehen postuan dabiltza; lau partida jokatuta, denak irabazi dituzte, hamahiru gol sartu dituzte, eta gol bakarra jaso. 2022-23 denboraldian, Txapeldunen Ligan, finala jokatu zuten; Manchester Cityk, aldiz, mendean hartu zuen Italiako taldea.

Romelu Lukaku aurrelari belgikarrak Inter utzi du, eta Marcus Thuram frantziarrak ordezkatu du. Ilusioa da nagusi Interreko zaleen artean; Lautaro Martinez argentinarrak, kapitaina bera, itxaropentsu egoteko moduko argudioak ematen dizkie zaleei. Ez dago baztertzerik Inter Milanek beste balentria bat egin dezala, aurten ere, Europako txapelketan.

Interrek hiru erdiko atzelari eta bi alboko defendatzaile erasokor baliatzen ditu; izan ere, hori du ezaugarri nagusietako bat. Federico Dimarco italiarra eta Denzel Dumfries izaten dira alboko horiek, eta oreka handia ematen diote taldeari; hain zuzen ere, aurrera egiten dute, baina, halaber, Interrek ez du sendotasunik galtzen. Erdiko atzelari gisa, Matteo Darmian, Francesco Acerbi eta Alessandro Bastoni ibiltzen dira.

Hakan Calhanoglu turkiarrak ezingo du Anoetan jokatu, ezkerreko aduktorean minduta dagoelako, eta Davide Frattesi italiarrak ordezkatuko du zelai erdian. Frattesik, Henrik Mkhitaryan armeniarrak eta Nicolo Barella italiarrak osatuko dute zelai erdi hori Donostian; gaitasuna dute jokalari horiek lekua etengabe elkarri aldatzeko, eta horrek zabaldu egiten du taldea. Askoz ere errazagoa izaten da Interrentzat, ahalmen horri esker, Thuram eta Lautaro aurrelariekin bat egitea; azken horiek jokalari oso arriskutsuak dira, oso finak area barruan.

Juan Cuadrado kolonbiarra ere izango da baja; ezkerreko belaunean, tendoi batean, hantura du, eta Milanen geratu da, sendatze aldera.

Salzburgo eta Benfica, hurrengo erronkak

Realak etxetik kanpo jokatuko ditu Txapeldunen Ligako multzoen faseko datozen bi partidak. Urriaren 3an, Donostiako taldeak Salzburgo izango du aurrean, 18:45ean, Austrian; urriaren 24an, aldiz, Lisboara egingo dute bidaia txuri-urdinek, Benficaren aurka jokatzeko, 21:00etatik aurrera.

Balizko hamaikakoak:

Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Tierney; Zubimendi, Merino, Brais Mendez; Barrenetxea, Oyarzabal eta Kubo.

Inter Milan: Sommer; Darmian, Acerbi, Bastoni; Dumfries, Barella, Frattesi, Mkhitaryan, Dimarco; Thuram eta Lautaro.

Epailea: Michael Oliver (Ingalaterra).

Partida Reale Arenan jokatuko dute, asteazkenean (hilak 20), eta 21:00etan hasiko da.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    23 17:15 - 20:00 PILOTA | ETB KANTXA: Jaka-Iztueta vs Zabala-Rezusta

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena