00:11

Futbola

EURO 2020

Italiak Belgika mendean hartu du eta Espainiaren aurka ariko da finalerdietan

A. B. E. | EITB Media

Selekzio italiarrak 1-2ko emaitzarekin irabazi dio final-laurdenetan Belgikari eta Espainiako selekzioaren aurka finalerako txartela izango du jokoan.

  • Italia

    Italiako selekzioko jokalariak Belgikaren aurka garaipena lortu ostean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Italiako selekzioak 1-2ko emaitzarekin irabazi dio Belgikari ostiral honetan Municheko (Alemania) Allianz Arenan jokatutako Eurokopako final-laurdenetako partida. Italiak Espainia izango du aurkari finalerdietan, uztailaren 6an Wembleyn.

Bikain ekin dio partidari Italiak, baloiaren jabe eginda, eta Belgikaren ate ingurura arriskua eramanda. Neurketako 15. minutuan gola sartu dute italiarrek, baina epaileak baliogabetu egin du Bonucci jokoz kanpo egon baita errematea egin duenean. Hala ere, ekinean jarraitu dute italiarrek, eta Nicolo Barellak gola sartu du (0-1) 31. minutuan, jaurtiketa gurutzatu batekin Courtois atezaina gaindituta. Hamabi minutu beranduago, Insignek jarri du 0-2koa markagailuan, area kanpotik jaurti eta gol ikusgarria sartuta.

Lehen zatiko azken txanpan, Italiak gol gehiago sartzeko abaguneak izan ditu, baina Belgika izan da desabantaila murriztu duena. Epaileak belgikarren aldeko penaltia adierazi du atsedenaldira iritsi orduko, haren ustez Di Lorenzok falta egin diolako Dokuri area barruan. Jokalri italiarrak ez du belgikarra zangotrabatu, baina epaileak ez du bere erabakia aldatu. Romelu Lukakuk gola sartu du (1-2), penaltiz.

Bigarren zatiaren hasieran Italia izan da baloiaren jabe, baina Belgikak lehen 45 minutuetan baino erasokorrago jokatu du. Lukakuk neurketa berdintzeko abagune paregabea izan du, baina barkatu egin du. Hortik gutxira, ez da errematea egitera iritsi Chadliren erdiraketa baten ostean.

Roberto Mancinik zuzentzen duen selekzioa partidako momenturik txarrenak pasatzen ibili denean, 77. minutuan, Spinazzolak min hartu du, eta ezin izan du jokatzen jarraitu. Hegaleko jokalaria Italiak duen futbolari onenetarikoa da. Hala ere, Italiak ondo eutsi die Belgikaren erasoko jokaldiei.

Belgikak erasora jo du azken minutuetan. Dokuk jokaldi bikaina egin du 83. minutuan; bi aurkari atzean utzi ostean, ordea, jaurtiketa gora joan zaio. Norgehiagokako 92.minutuan Belgikako selekzioak berdinketa lortzeko aukera izan du, baina De Bruynek ateratako falta Donnarumma atezainak gelditu du. Amaieran, Italia garaile eta Belgika kanporatuta.

Fitxa teknikoa:

1. Belgika: Courtois; Alderweireld, Vermaelen, Alderweireld; Meunier (Chadli, 70. min, Praetek ordezkatu du 73.min.), Witsel, Tielemans (Mertens, 70. min), Thorgan Hazard; De Bruyne, Doku eta Lukaku.

2. Italia: Donnarumma; Di Lorenzo, Bonucci, Chiellini, Spinazzola (Emerson, 79. min); Barella, Jorginho, Verratti (Cristante, 74.min); Insigne (Berardi, 79. min), Chiesa (Toloi, 91.min) eta Immobile.

Golak: 0-1, 31. min: Barella; 0-2, 43. min: Insigne; 1-2, 45. min: Lukaku (penaltiz).

Epailea: Slavko Vincic (ESL). Txartel horiak atera dizkie Tielemans (21. min) Belgikako jokalariari, baita Verratti (16. min) eta Berardi (90. min) Italiako futbolariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    25 15:30 - 17:45 TXIRRINDULARITZA | Romandiako Tourra (2. etapa)
    26 22:10 - 00:30 ZESTA-PUNTA | Zesta All Star: Erkiaga-Zabala vs Laduche-Lekerika

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena