00:30

Eibar

SmartBank LaLiga

Eibarrek 2-0 menderatu du Vila-real B Ipuruan, eta Las Palmasekin berdindu du lehen postuan

EITB MEDIA

Yanis Rahmanik, 31. minutuan, eta Ager Aketxek, azken minutuetan, Gaizka Garitanoren taldearen golak egin dituzte. Eibarrek partida ona egin du, eta Vila-real B ere fin ibili da, kalitatea erakutsita.

  • Eibar taldeko jokalariak, Ager Aketxeren golaren ostean. Argazkia: @SDEibar.

    Eibar taldeko jokalariak, Ager Aketxeren golaren ostean. Argazkia: @SDEibar.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eibarrek 2-0 menderatu du Vila-real B Ipurua futbol zelaian, ostiral gauean, eta, 53 puntu dituela, Las Palmasekin berdindu du SmartBank LaLigako lehen postuan. Yanis Rahmanik, 31. minutuan, eta Ager Aketxek, azken minutuetan, hain zuzen luzapenerako zazpi geratzen zirela, Gaizka Garitanoren taldearen golak egin dituzte. Eibarrek partida ona egin du, eta Vila-real B ere fin ibili da, kalitatea erakutsita, neurketa entretenigarrian.

Eibar – Vila-real B partidako laburpena

Eibar hasieratik ahalegindu da zelai erdia kontrolatzen, arerioaren atera iritsi ahal izateko, eta lehen minutuetan ondo estu ditu bisitariak. Jon Bautistak, 13. minutuan, gola egin du, baina jokoz kanpo zegoen, argi. Pixkanaka, Vila-real B Luca Zidaneren ingurura gerturatzen hasi da; izan ere, maila handiko hainbat jokalari gazte ditu. Eroso dago Ligan, sailkapeneko erdian.

Lehen ordu erdia beteta, korner batean, Yanis Rahmanik gol ederra sartu du. Eibarreko hegalekoak lehen erdiraketaren aldaratzea jaso du, eta sareetara bidali du baloia, jaurtiketa gogor eta trebe baten bidez. Atezainak ezin izan du ezer egin gola saihesteko.

Eibarrek behar zuen tokia zeukan partida, eta, atsedenaldiaren ostean, Gaizka Garitanoren taldeak ildo beretik jarraitu du, indartu eta sendo. Luca Zidanek, bigarren zatiko 23. minutuan, geldiketa bikaina egin du, 1-1ekoa salbatzeko; gauzak horrela, pentsatzeko modukoa zen Vila-real Bk, azken minutuetan, erritmoa eta abiadura handituko zituela, berdinketaren bila.

Baina Ager Aketxek, bere maila erakutsita, 83. minutuan, 2-0ekoa jarri du. Ezker hanka zoragarria du Aketxek, eta beste behin agerian utzi du hori; aldaratzea eskuratuta, areara sartutako baloi baten ostean, jaurtiketa oso polita egin eta gola sartu du.

Eibarrek, horrenbestez, ezin hobeto ireki du 29. jardunaldia. Nolabait, "hemen gaude" esan die lehen postuetan dauden gainerako taldeei. Hiru puntu gehiago, eta armaginak onenen parean.

Fitxa teknikoa:

2 - Eibar: Luca, Sergio Alvarez, Venancio, Berrocal, Arbilla, Peru Nolaskoain, Matheus, Troncho (Aketxe, 64. min.), Stoichkov (Vadillo, 87. min), Rahmani (Quique, 70. min) eta Bautista (Blanco Leschuk, 70. min).

0 – Vila-real B: Gianni, Carreira (Iosifov, 81. min), Dela, Iñiguez, Tasende (Romero, 81. min), Haissem (Collado, 46. min), Del Moral, Carlo, Pacheco (Mbacke, 46. min), Fores (Fer Niño, 46. min) eta Millan.

Golak: 1- 0, 31. min, Rahmani. 2-0, 84. min, Aketxe.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    20 15:10 - 17:30 ERREMONTEA | Berria txapelketaren finala
    20 17:15 - 20:00 PILOTA | Buruz Buruko Txapelketa: Ezkurdia vs Zabala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena