23:43

Athletic club

Hauteskundeak

Uriarte, Barkala eta Arechabaleta, lehian Athleticeko Presidentetzarako faboritorik gabeko hauteskundeetan

EITB MEDIA

Hiru hautagaitzetako batek osatuko du, aurrerantzean, klubaren Zuzendaritza Batza berria. Kanpainak tentsio-uneak izan ditu, baita ustekabeak ere, besteak beste, Ernesto Valverde Barkalaren eta Uriarteren apustua izatea. Arechabaletaren proposamena Marcelo Bielsa da.

  • Lehen aldiz, hauteskundeak San Mamesen egingo dituzte

    Lehen aldiz, hauteskundeak San Mamesen egingo dituzte. Argazkia: Athletic Club

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jon Uriarte, Ricardo Barkala eta Iñaki Arechabaleta (aurkeztutako abal-kopuruaren arabera daude horrela ordenatuta); horietako bat izango da ostiral honetan Athleticeko presidente berria, Aitor Elizegiren ondorengoa, historiako hogeita hamahirugarrena.

Iritsi da hauteskunde-eguna, eta ez dago faboritorik. Kanpainak tentsio-uneak izan ditu, eta, halaber, hainbat ustekabe utzi ditu azken egunotan. Horietako bat izan da Ernesto Valverde tartean sartu dela; asteazkenean iragarri zutenez, Barkalak edo Uriartek irabaztekotan, Valverde izango litzateke Athleticeko entrenatzailea, hirugarren aldiz (guztira, sei denboraldi eman ditu karguan, historian beste inork baino partida gehiago zuzendu ditu talde zuri-gorrian). Beste aukera bat ere badute Athleticeko bazkideek: Marcelo Bielsa. Aurreikusita zegoenez, Arechabaletak argentinarra aurkeztu zuen astelehenean, entrenatzaile gisa; bera ere bueltan egongo litzateke, 2011tik 2013ra bitartean San Mamesen izan baitzen.

Gizonezkoen taldearen entrenatzailearena ez da, baina, hautagaitza bakoitzak duen baza bakarra. Hirurak jarri dira ados Iraia Iturregiren gainean, eta bera izango da, jarraituko du izaten, emakumezkoen taldeko entrenatzailea. Oscar Perarnau hautatu du Arechabaletak futbol-zuzendaria izateko; Barkalak, aldiz, Ramon Planesen alde egin du. Jon Uriartek akordioa zuen itxita Carlos Aviñarekin, baina, azkenean, aurkeztu eta berehala erabaki zuen alde batera uztea, duela urte batzuk partekatutako txio batzuk tarteko.

Kanpainako azken arratsaldean, hautetsontziak irekitzeko ordu batzuk falta zirela, azken sorpresa iritsi da: Ricardo Barkalaren hautagaitzak iragarri duenez, bazkideen babesa jasotzekotan, astelehenean bertan ordainduko lituzke Jon Moncayola Osasunako jokalaria fitxatzeko beharrezkoak diren 22 milioiak; horrez gain, Nahikari Garcia Real Madrileko jokalaria fitxatzen saiatuko dira (kontratua du, indarrean).

Klubeko komunikabideei emandako elkarrizketa batean adierazi zuenez, Arechabaletaren asmoa da Athletic "indartsu eta jasangarria" egitea, Lezaman sortutako talentua ez galtzeko. Lezama da, hain zuzen, haren kirol-proiektuaren gakoa. Hautagaiak "kohesioaren sortzailea eta integratzailea" den proiektu soziala bultzatuko du, eta uste du bazkideak direla klubeko benetako jabeak.

Barkalak eskatu die hautesleei "aintzat hartzeko" berak eta bere taldeak dakartzaten "gestio-esperientzia, eta Athleticekiko maitasuna". Hautagaitzaren arabera, klubak hiru ardatz izango ditu, "denek ezagutzen dituzten ardatzak: kirol-filosofia, eredu soziala eta Athleticek duen inpaktu soziala". Ainhoa Tirapu jokalari ohia arduratuko da emakumezkoen taldeaz Barkala gailenduz gero.

Jon Uriarteren iritziz, "Athleticek historia paregabea du, eta balio eta filosofia oso sendoak ditu", baina ohartarazi du: "Atzean geratzen ari gara".

Hauteskunde-eguna San Mamesen egingo dute, lehen aldiz, 9:00etan hasiko da, eta 21:00etan amaitu. Eguneko azken orduan egingo dute ofizial nor den Athleticeko presidente berria.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    26 22:10 - 00:30 ZESTA-PUNTA | Zesta All Star: Erkiaga-Zabala vs Laduche-Lekerika

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena