18:59

Beste kirolak

GOLFA

PGA Tourrek, DP World Tourrek eta LIVek gizonezkoen golfa bateratuko duen erakunde berri bat iragarri dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ustekabeko erabaki horrek amaiera eman dio PGA Tour eta LIV Golf zirkuituen arteko liskarrari. Azken horrek AEBn errotutako txapelketarekin lehiatzeko asmoa zuen zirkuitu bat abiatu zuen.

  • Dustin Johnson, LIV Golf zirkuituko jokalaria

    Dustin Johnson, LIV Golf zirkuituko jokalaria. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

PGA Tourrek, DP World Tourrek eta LIV Golf zirkuituaren jabe den Inbertsio Publikoko Funtsak (PIF) akordio historikoa iragarri dute astearte honetan, mundu mailako golf jokoa bateratzeko.

"Aldeek hitzarmen bat sinatu dute hiru erakundeen negozioak eta eskubide komertzialak irabazi-asmoa eta jabetza kolektiboa duen erakunde berri batean bateratzeko, interesa duten alderdi guztiek ahalik eta zirrara eta lehia handiena eskaintzen duen eredu batetik etekina atera dezaten", iragarri dute hiru erakundeek ohar batean.

Hala, ustekabeko mugimendu horrek amaiera emango dio PGA Tour eta LIV Golf zirkuituek elkarren aurka izan duten hilabeteetako eztabaida eta talkari. LIV Golf ekimena Saudi Arabiak babesten zuen, eta Ameriketako Estatu Batuetan oinarritutako tourrarekin lehiatzeko asmoa zuen zirkuitu bat antolatzea zeukan helburu.

Horren aurrean, maila goreneko hainbat jokalarik uko egin zioten PGA Tourrari LIV Golfek eskaintzen zituen sari askoz ere potoloagoen bila, eta horrek sekulako arrakala sortu zuen golf munduan.

Orain, akordio honen lehendabiziko eragina da PGA Tour, LIV Golf eta DP World Tour zirkuituen artean zeuden legezko kausak ebaztea. Horrez gain, LIV Golfera joan ziren jokalariak PGA Tour eta DP World Tour zirkuituetara itzuli ahal izango dira. Egoera horretan leudeke, besteak beste, Sergio Garcia espainiarra, Brooks Koepka, Dustin Johnson eta Phil Mickelson estatubatuarrak, Ian Poulter eta Lee Westwood ingelesak eta Abraham Ancer mexikarra.

"Erakunde berriak (oraindik ez du izenik) ekitaldien egutegi kohesionatua bermatzeko lan egingo du, jarraitzaileentzat, babesleentzat eta interesa duten alderdi guztientzat zirraragarria izango dena", adierazi dute.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    20 15:10 - 17:30 ERREMONTEA | Berria txapelketaren finala
    20 17:15 - 20:00 PILOTA | Buruz Buruko Txapelketa: Ezkurdia vs Zabala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena