Bilbao BBK Live 2022 | EITB Bilbao BBK Live Festival

Bilbao BBK Live

13:24

Bilbao BBK Live

Ostegunean hasiko da

Bilbao BBK Liverako atzera kontaketa abiatu du Bilbok

EITB Media

Bi urtez jaialdiaren falta sumatu eta gero, dena prest dago; musikariak jaialdiaren hamabosgarren edizioko hamabi agertokietara igotzea besterik ez da falta. Sarrerak eskumuturrekoen truke alda daitezke dagoeneko Kobetamendira igo ahal izateko.

  • 2019ko Bilbao BBK Live

    2019ko Bilbao BBK Live

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jaialdia azkenekoz egin zenetik hiru urte joan diren honetan, Bilbok Bilbao BBK Live berreskuratuko du 2022an, eta hiria prest dago uztailaren 7, 8 eta 9an ehun kontzertu baino gehiago ikusiko dituzten musikazaleei harrera egiteko.

Gaur jakin da oraindik ere programazioa iragarrita ez zuen agertoki bakarrean zeinek joko duen. Akelarre agertokian, jaialdiaren kanpalekuan dagoen espazioan, Manci eta GAZZI DJek joko dute bisitariei ongietorria emateko, eta, egunero, 12:00etatik 20:00etara, musika jarriko dute Alvvak, Amaia Yanizek, Clock Poetsek, Tronisek, Mainline Magic Mindfulnessek, Nile Feek, Daniel 2000k, JP Sunshinek, John Heavenek, dj Toccororok, Karne Kulturek, Maninesek eta b2bbs-ek.

Kobetamendiz haratago, gainera, Bilbao BBK Live Bereziak zikloak mendian entzuten diren doinuen lagin bat eramango du BBK Aretora, Areatzara, Albiako lorategietara eta Isozaki Dorretara uztailaren 7, 8 eta 9ko eguerdietan.

Kobetamendi

Udalak iragarri du bihar, asteazkenarekin, hasiko dela Kobetamendirako bidean zirkulazioa mugatzen 11:30etik aurrera, eta murrizpen horiek igandean, hilak 10, amaituko direla 15:00ak aldera. Ibilgailu baimenduak, garraiobide publikoak eta akreditazioa duten auzokideak soilik pasatu ahalko dira.

Eskumuturrekoak

Antolatzaileek zehaztu dutenez, sarreren ordez, eskumuturrekoa jarri beharko da jaialdiaren eremura igo aurretik. Horretarako, aukera hauek daude: BBK Aretoan asteartean, asteazkenean (11:00-20:00) eta ostegunean (11:00-15:00), eta San Mamesen edo BECen, asteazkenetik larunbatera (10:00-02:00).

Garraioa

Urtero bezala, autobus zerbitzua egongo da Kobetamendirako joan-etorria egiteko. BECetik (Barakaldo), Ansioko metro geltokiaren ondotik, eta EITBren egoitzaren ondotik irtengo dira.

Etengabe ibiliko dira joan-etorrian, asteazkeneko 12:00etatik igandeko 15:00ak arte, eta, egunero, 16:00etatik aurrera, Kobetamendiko gailurretik 800 bat metrora utziko dituzte bidaiariak.

Aurten, gainera, autobuseko tokia aldez aurretik erreserbatzeko, ordainpeko zerbitzua estreinatuko dute. 1,5 euro ordaindu behar dira, eta igotzeko bakarrik egongo da erabilgarri, Felipe Serrate kaletik, ostegunetik larunbatera, 16:00etatik 23:00etara. Autobusa irten baino 30 minutu lehenagora arte erreserbatu ahalko da, jaialdiaren webgunearen edo aplikazioaren bidez, eta pertsona bakoitzak lau txartel erosi ahalko ditu gehienez.

Metroak, bestalde, zerbitzu berezia eskainiko du ostegunean, hilak 7, gauean, 23:00etatik 03:00etara, eta ostiral-igandeetan metroak gau osoan ibiliko dira joan-etorrian.

Mugikortasuna mugatuta duten pertsonentzat, gainera, zerbitzu berezia jarriko dute martxan, autobus geltokitik kontzertu eremura laguntzeko, eta, behin bertan, plataformak eta komun egokituak izango dituzte.

Cashless

Kontzertuen esparruko ateak 17:00etan irekiko dituzte egunero, eta Bilbao BBK Live jaialdia cashless izango da erabat; hots, ez da eskudirurik erabiliko. Publikoak dena erosi ahalko du eskumuturrekoaren bidez: merchandaisinga, jatekoa, edaria…

Eskumuturrekoa jaialdiaren webgunean eta aplikazioan kargatu daiteke, baita bertatik bertara ere, eskudirutan edo txartel bidez, Kobetamendin jarriko dituzten postuetan.

Bilbao BBK Live ospatzen den egunetan, 43 langile jardungo dira batez beste garbiketa lanetan.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena