Teknologia -

Sare sozialak

Atzera egin du Elon Muskek, eta azkenean, erosi egingo du Twitter

Bloomberg agentziaren arabera, udan adostutako prezioan (44.000 milioi dolar) gauzatuko du operazioa enpresaburuak. Konpainiaren akzioak % 12 igo dira albistea ezagutu eta gero.

Elon Musk. Argazkia: Twitter
Elon Musk. Argazkia: Twitter
Elon Musk. Argazkia: Twitter

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elon Musk Tesla konpainiako sortzaileak erosi egingo du Twitter sare soziala azkenean 44.000 milioi dolarren truke, uztailean iragarri zuen bezala, Bloomberg agentziak jakinarazi duenez.

Udan sare soziala erosteko akordioa itxi bazuen ere, handik gutxira, atzera egin zuen enpresaburuak, eta operazioa ez gauzatzea erabaki zuen. Orain, betiere aipatutako iturrien arabera, gutuna bidali dio konpainiari, salerosketarekin adostutako prezioan (54,2 dolar akzio bakoitzeko) aurrera egitea proposatzeko.

Albistearen berri izan eta gero, Twitterren akzioak % 12 igo dira, eta burtsak saioa eten behar izan du bat-bateko hazkunde horren aurrean.

Ordu batzuk geroago, sare sozialean argitaratutako mezu baten bidez, enpresariak adierazi du Twitter erostea "X sortzeko azeleragailua" dela, "denetarako aplikazioa". Proiektu horri buruzko xehetasun gehiago eman ez dituen arren, baliteke Muskek produktu berri bati buruz hitz egitea, The New York Times egunkariak maiatzean egindako aurkezpen baten arabera.

Aurkezpen horretan, enpresaburuak X izeneko produktu bat aipatzen zuen (ez zen xehetasunik filtratu), eta 2023an inplementatu zitekeela aurreratu zuen, lehen urtean 9 milioi harpidedunekin hasi eta 2028an 104 milioira irits zitekeena.

Prozesu judiziala

Muskek eta Twitterrek elkarren arteko gatazka dute udatik, eta erabaki honek amaiera eman liezaioke horri, baina Muskek ez du informazioa baieztatu, ezta gezurtatu ere. Twitterrek ere ez du adierazpenik egin, albistea argitaratu eta ordu erdira.

Uztailean, online mezularitza zerbitzua erosiko zuela esanda, Muskek, azkenean, ezetz erabaki zuen, ez zuela egingo; izan ere, argudiatu zuenez, akordioaren hainbat xedapen ez ziren betetzen ari. Besteak beste, konpainiak zenbatutako kontu faltsuen kopurua.

Horri erantzunez, Twitterrek auzitara eraman zuen enpresaria. Aurreikuspena zen prozesu judiziala urriaren 17an hastea, baina orain, baliteke prozesu hori etetea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Twitter Ameriketako Estatu Batuak Sare sozialak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak