Teknologia -

Jabetza Intelektualaren Legea

Google News abenduaren 16an itxiko dute Espainian

Googlek bere albiste zerbitzua, Google News, itxi egingo du abenduaren 16an, urtarrilean indarrean sartuko den Jabetza Intelektualaren Legearen ondorioz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Googlek bere albiste zerbitzua, Google News, itxi egingo du abenduaren 16an, urtarrilean indarrean sartuko den Jabetza Intelektualaren Legearen ondorioz.

Hortaz, ez ditu Espainiako editoreen edukiak erakutsiko, ezta Google Newsen nazioarteko edizioetan ere.

Lege berria urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Horren arabera, Interneteko bilatzaileek ordaindu egin beharko dute editoreen albisteak erakutsi edo erabiltzearen truke.

Richard Gingras Google Newseko arduradunak ohar baten bidez adierazi duenez, lege horrek “sostengaezina” egiten du Google News doako zerbitzuari eustea. Izan ere, zerbitzu horren bitartez, Googlek ez du etekin ekonomikorik lortzen, ez baitu publizitaterik erakusten.

“Espainiako edozein hedabideren edukien zatirik txikiena erakutsita ere, ordaintzera behartuta egongo ginateke. Ikuspegi horrek jasanezina egiten du Google News zerbitzua”, azaldu du Gingrasek.

Googlek albiste zerbitzuaren 70 edizio ditu munduan, 35 hizkuntzatan. Google Newsi esker, hedabideek 10.000 milioi klik gehiago izaten dituzte hilean.

Espainiako Googlek azpimarratu duenez, aldaketak ez du bilatzailean eraginik izango.

Nahitaez hartu behar izan duten erabaki hori dela eta, “triste” daudela adierazi dute Googlekoek, eta Jabetza Intelektualaren Legearen ondorioz kalte gehien pairatuko duena erabiltzailea izango dela azpimarratu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Google bideoak