Politika -

2025EKO AURREKONTUAK

Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu PPk, Sumarrek eta Voxek aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketak

Aurreikusita bezala, osoko zuzenketek ez dute aurrera egin: EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute eta EH Bildu abstenitu egin da. Ezarritako egutegiaren arabera, abenduaren 20rako deituta dagoen osoko bilkuran onartuko dira kontuak.

D'Anjou: 'EH Bildu oso urrun zegoen eta gure aurrekontu proiektura hurbildu da'

1:05

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu PPk, Sumarrek eta Voxek Eusko Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontuen proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak. EAJren eta PSE-EEren 39 legebiltzarkideek kontra bozkatu dute eta EH Bilduren 27ak abstenitu egin dira. Zuzenketak aurkeztu dituzten taldeen bederatzi ordezkariek bakarrik eman dute aldeko boza.

Hala, gaurko osoko saioan osoko zuzenketak eztabaidatuta, hurrengo urratsa erdibideko zuzenketak aztertzea izango da. Datorren ostegunean izango da hori, eta hilaren 20an egingo da behin betiko bozketa.

Bien bitartean, Jaurlaritzaren eta EH Bilduren artean aurrekontuen negoziazioa zabalik dago, eta ikusteko dago zein izango den emaitza. Nolanahi ere, kontuak aurrera ateratzea bermatuta du Gasteizko Gobernuak, jeltzaleek eta sozialistek gehiengoa baitute Legebiltzarrean.

Gaurko saioan hitza hartzen aurrena Noël D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua izan da. Aurrekontu egitasmoaren defentsa egin du, "erantzukizunean, zorroztasunean eta bideragarritasunean oinarrituta" dagoela esanez.  Bere hitzetan, "aurrekontu hauek gure herriaren etorkizunean jartzen dute arreta, eta etorkizun hori, zalantzarik gabe, orain hartzen ditugun erabakiek baldintzatuko dute".

EH Bildurekin negoziazioa "zabalik" dagoela gogoratu du sailburuak, eta koalizioak "jarrera maximalistak" alboratu eta Jaurlaritzaren proiektura "gerturatu" izana txalotu du. Nolanahi ere, erantsi du ez dituela "ulertzen" talde horrek azken asteotan aurrekontuen negoziazioen harira egindako adierazpenak. "Seriotasun eta koherentzia eza" leporatu zion EH Bilduk Jaurlaritzari.

Bere aldetik, Pello Otxandiano EH Bilduren eledunak Eusko Legebiltzarrean berretsi du "borondate osoa" dutela akordioa erdiesteko, eta beste behin, nabarmendu du etxebizitzaren gaia eta lanbide arteko gutxieneko soldata propioarena direla euren ardatzetako bi.

Eztabaida

PPren osoko zuzenketaren defentsa Javier De Andres legebiltzarkideak egin du. Esan du ez dutela Jaurlaritzaren proiektua babestuko, ez direlako "fio".  "Hezkuntza inoizko okerren dago, segurtasun eza goraka doa, etxebizitza garestiagoa da eta emantzipatzea geroz eta zailagoa", erantsi du.

Jon Hernandez Sumarren ordezkariak, berriz, azaldu du ez datozela bat Jaurlaritzaren ildo nagusiekin. Bere hitzetan, "herritarren beharretatik urrun" dago aurrekontuen proiektua.

Azkenik, Voxeko Amaia Martinezek adierazi du "Urkulluk utzitako legatuaren kalkoa" direla "Pradalesen aroko lehen kontuak". "Historiara pasatuko dira, inoiz baino entxufatu gehien soldatapean izateagatik".

763 erdibideko zuzenketa

Orotara, 763 erdibideko zuzenketa aurkeztu dituzte taldeek, eta horiek ostegunean eztabaidatuko eta bozkatuko dituzte, Legebiltzarraren Ogasun batzordean. Baliteke egun horretan bertan jakitea Jaurlaritzaren eta EH Bilduren artean akordioa dagoen edo ez.

EH Bilduk 25 erdibideko zuzenketa aurkeztu ditu; PPk, 634; Sumarrek 62; EAJk eta PSE-EEk, 39; eta EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek elkarrekin 3 aurkeztu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Vox EAEko Aurrekontuak Sumar Mugimendua