Politika -
VALENTZIA
Mazonen kontrako zentsura-mozioa aurkeztea proposatu du Compromisek
Joan Baldovi buru duen alderdiak (15 diputatu) sozialistei (31 diputatu) eskatu die babesa, Valentziako presidentearen aurkako zentsura-mozioak aurrera egin dezan hango Parlamentuan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Carlos Mazon Valentziako presidenteak karguan jarraitzeko "zilegitasunik" ez duela iritzita, Compromis taldeak Valentziako Parlamentuan haren kontrako zentsura mozioa aurkeztuko duela iragarri du. Joan Baldovi ezkerreko alderdiaren buruak azaldu du Mazon ez dela gai izan gutxienez 219 hildako utzi dituen Goi-geruzetako Depresio Isolatuak (GOIDI) ekarri dituenak kudeatzeko. "Ez du jakin tragediaren aurrean lidergoa hartzen, eta ez du zilegitasunik berreraikitzea gidatzeko", esan du, Generalitatearen atarian, gaur eguerdian, egindako adierazpenetan.
15 diputatu ditu Compromisek Valentziako Gorteetan, eta zentsura-mozioak aurrera egiteko, 20 gehiagoren babesa beharko luke, gutxienez. Hala, PSOEri eskatu dio babesa Baldovik; 31 diputatu dituzte sozialistek.
Ezkerreko buruzagiaren arabera, "duintasunagatik" da "beharrezkoa" zentsura-mozioa aurkeztea, "azkenean, aurrera egingo ez badu ere". Erantsi du euren asmoa ez dela "Generalitatean kargu bat" izatea, Mazon karguan "minutu bakar bat gehiago ez egotea" baizik.
Diana Morant PSPVren buru eta Zientzia ministroak hizpide izan du Compromisek egindako proposamena. Adierazi du "irtenbide errealista" dela PPk Mazon kargutik kentzea, eta kaltetutako eremuak berreraikitzeko gobernu "tekniko" bat izendatzearen alde agertu da.
Ernest Urtasun Sumarren bozeramaileak Compromisen proposamena babestu du, eta uste du sozialistek bat egin beharko luketela harekin, nahiz eta agertu duten jarrera errespetatzen duen.
Jose Antonio Fuster Voxen bozeramaileak, bestalde, bere alderdiak zentsura-mozioari uko egin diola aurreratu du.
Susana Camarero Consellen presidenteorde eta bozeramaile eta Gizarte Zerbitzu, Berdintasun eta Etxebizitza kontseilariaren ustez, "harrigarria" da Compromisek aurkeztutako zentsura-mozioa, eta koalizioari "hauteskunde-taktika" izatea leporatu dio.