Politika -

Parlamento en las ondas

Osakidetzako langileei entzuteko eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari

Koalizioak uste du "larria" dela osasun zerbitzu publikoak duen arazoa, eta "herritarrak hori jasotzen" ari direla. EAJk erantzun dio oposizioaren estrategia politiko bat dela "apokalipsiaren ideia" zabaltzea.

Osakidetzako sindikatuen protesta. Argazkia: Efe
Osakidetzako sindikatuen protesta. Argazkia: Efe
Osakidetzako sindikatuen protesta. Argazkia: Efe

Manu Giménez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkideak salatu du "larria" dela Osakidetzako zerbitzuaren egoera, Donostialdeko ESIko kargugabetzeen, Basurtuko kirurgia unitatearen itxieraren eta sindikatuak mahai sektorialetik altxatu ostean.

Kortajarenak Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas debatean azaldu duenez, Osakidetzan "egiturazko arazoak ditu, eta oso handiak", eta orain horri gehitu behar zaiola azkenaldian kargugabetzeak izan direla "Osakidetzaren zuzendaritzaren erabakiekin ados ez egoteagatik".

Legebiltzarkideak uste du osasun zerbitzua hondatzen ari dela "maila guztietan", eta "herritarrak hori jasotzen" ari direla "itxaron zerrenda luzeekin, osasun zentroetara egindako deietako itxaronaldiekin…".

Horregatik guztiak, eta sindikatuen eta profesionalen protestak ikusita, "osasun sistema artatzen dutenen irizpideak errespetatzea" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, bila dezala "gobernantza eredu berri bart, eskaerei jaramon eginez, erabakiak elkarrekin hartuz".

Hitz horien aurrean, Aitor Urrutia EAJren ordezkariak erantzun dio kargugabetzeak zuzendaritzaren erabakiak direla, "prozesu normalak", eta "Osakidetzaren eraginkortasuna hobetzeko asmoz" egindakoak.

Gainera, salatu du, pandemiaren irteeratik, Osakidetza "oso gaizki kudeatuta" eta "apokalipsiaren" atarian dagoela zabaldu nahi duela oposizioak. Urrutiarentzat akusazio horiek "gehiago dute kanpaina politikotik beste zerbaitengatik baino".

Bien bitartean, Gloria Sanchez PSE-EEkoak esan du izendapenak eta kargugabetzeak Osasun Sailaren gaitasuna direla, eta Gustavo Angulo Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak salatu du zerbitzuak pribatizatzen ari direla.

Jose Manuel Gilek (PP), bestalde, iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren agerraldia eskatuko duela Donostialdeko ESIko kargugabetzeen inguruan azalpenak emateko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Lan gatazkak