Politika -

Eskumena

Chivitek berretsi du Guardia Zibila ez dela joango Nafarroatik, eta "hipokresia" egotzi dio eskuinari

Nafarroako presidenteak galdetu du ea "ez ote zen Aznarren eta Sanzen eskuina izan trafikoaren eskumena adostu zuena" duela 20 urte baino gehiago.

Maria Chivite Nafarroako presidente eta PSNren idazkari nagusia. Argazkia: Efe
Maria Chivite Nafarroako presidente eta PSNren idazkari nagusia. Argazkia: Efe
Maria Chivite Nafarroako presidente eta PSNren idazkari nagusia. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako presidente eta PSNren idazkari nagusiak esan du Guardia Zibila ez dela joango Nafarroatik, eta "hipokresia" leporatu die alderdi eskuindarrei Trafikoaren eskumena Foru Gobernuaren esku geratuko delako egindako kritikengatik eta "eztabaidan ETA" sartzeagatik.

PSNren Lurralde Batzordearen batzarrean egin ditu Chivitek adierazpenok, eta galdetu du ea "ez ote zen Aznarren eta Sanzen eskuina izan trafikoaren eskumena adostu zuena" duela 20 urte baino gehiago. Gainera, azpimarratu du "aho batez" onartua izan dela. "Navarra Sumak ez zuen gai hau hauteskunde programan?", galdetu du. "Haiek egiten badute autogobernua indartzeko modu bat da, eta guk egiten badugu Guardia Zibila egoztea?", kritikatu du. "Hori hipokresia da", salatu du Chivitek, Navarra Sumak Nafarroarentzat eta Espainiarentzat "politikarik ez" duela adierazi aurretik.

"Autogobernuan aurrera egingo dugu, eta Guardia Zibila ez da joango Nafarroatik", azpimarratu du Chivitek, eta gaineratu du UPNk "uko" egin diela "oinarrizko printzipioei" eta "mozorroa erori" zaiola. "Siglak baztertzearen ondorioz, jarrera historikoa utzi dute, tartean Nafarroan inork zalantzan jarri ez dituen adostasunak", azaldu du.

Horren harira, goraipatu du bi eskumen lortu dituztela legegintzaldi honetan, eta "hirugarrena hortxe-hortxe" dagoela. "Non dago erregionalismoa?", galdetu du Chivitek, eta UPNren Nafarroa defendatzeko modu bakarra "ahal duen bandera handiena jartzea" izan dela gaineratu.

Legegintzaldiaren errepasoa egite aldera, Nafarroako presidenteak esan du "laugarren aurrekontuak onartzear" direla, eta "Gobernuaren ekimen guztiak aurrera" atera dituztela, legegintzaldiko akordioen % 90 betez. Horretarako "elkarrizketak eta akordioak" bilatu dituztela eta ondorioz, "parlamentuan gutxiagoa" duen gobernuarekin "gehiengo soziala" izatea lortu dutela aipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE UPN PSN Nafarroa Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak María Chivite