Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

EH Bildu: "Hezkuntza akordioa ez dago kolokan, datozen 12 urteotarako gidalerroak markatu baikenituen"

Ikoitz Arrese koalizioko legebiltzarkideak argitu duenez, "egun batetik bestera egon daitezkeen tirabirak ez dio eragingo akordio estrategiko bati". Nolanahi ere, "mesfidantza" agertu zen, eta Akordioaren jarraipen batzordean, 10 egunen buruan edo, konpontzen ahaleginduko direla azpimarratu du.

Arrese, artxiboko argazki batean. Argazkia: EITB Media
Arrese, artxiboko argazki batean.
Arrese, artxiboko argazki batean. Argazkia: EITB Media

play icon 10:32

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkide eta koalizio subiranistako Hezkuntza idazkariak azpimarratu duenez, azken egunotan hezkuntza akordioaren inguruan sortu diren "tirabirak" gorabehera, ituna "ez dago kolokan". Izan ere, azaldu du apirilean lau alderdik (EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) izenpetutakoak "datozen 12 urteotako gidalerroak markatu" zituela, "badu halako birtualitate bat", argudiatu du, eta beraz, "egun batetik bestera egon daitezkeen tirabirak ez dio eragingo akordio estrategiko bati".

Jaurlaritzak PP+Cs taldeari eskola pribatuetan 0-2 urteko gelak itunpetzeko egindako eskaintzak hautsak harrotu ditu akordioaren bi sinatzailerengan (Elkarrekin Podemos eta EH Bildu bera), eta biek ala biek agerraldia egin zuten atzokoan, "kezka, desadostasuna eta mesfidantza" agertzeko. Atzoko prentsaurrekoan adierazitakoak berretsi ditu gaur Arresek Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan —Jaurlaritzari eta Elkarrekin Podemosi ere egin diete azalpenak emateko eskea, baina EH Bilduk bakarrik onartu du gonbita—.

Arreseren aburuz, gaiak "sosegua" behar du, eta eztabaidarako "marko egokiena" Hezkuntza Akordioaren jarraipen batzordea dela berretsi du. Atzo bertan egin zuten bilera eskaera, eta espero du, 10 egunen buruan edo, batzartuko direla. "Konpontzen ahaleginduko gara, akordioa nola garatu eta nola defendatu behar dugun, horri buruz bertan hitz egin beharko dugu", adierazi du.

EH Bilduk batzorde horretan duen ordezkariak esan du "ulergaitza" egiten zaiela hezkuntzako proposamen bat egitea akordiotik kanpo dagoen alderdi bati (PP+Cs), eta gainera, hezkuntza markotik kanpo (aurrekontuen negoziazioan) egitea. Gainera, nabarmendu duenez, kasu honetan "gauzen ordenak badu garrantzia. Lehenengo, Haurreskolen Partzuergoaren unibertsaltasuna eta doakotasuna bermatu behar da —2023ko irailerako dago aurreikusita—, eta ondoren, egin behar bada, 0-2 urteko gelen ituntzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ Hezkuntza legea berriak Eusko Jaurlaritza berriak EH Bildu Euskal sozialistak PP Gipuzkoa Eguneko albisteak Eguneko albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Irratia euskaraz Hezkuntzako albisteak 2024